Astekaria

 Bertso berriak 

31

Aitor Albistur

Aitor Albistur


2228. alea
2010-05-02
alde 1    kontra 0
Aitor Albistur
Aitor Albistur (Lander Arbelaitz)

I
Denboraren arrastoa
nabarmentzen da bisaian,
azalaren zimurretan,
begiradaren lasaian,
baskula baten gainean,
after shavearen usaian,
kolesterolaren erruz
mamirik gabeko mahaian,
ilearen erorketak
soildu ohi duen sabaian,
sekula desagertzen ez
den umore txar jarraian...
Denok helduago izan
nahi dugu gazte garaian,
baina heltzen garenean
gabiltza gaztetu nahian.

II
Alkoholaren ekoizpena
krisian dago benetan
ebaki deskafeinatu
bat hartzen dugun uneetan.
Ezezagun bilakatu
gara ia tabernetan,
terrazetan baikabiltza
gai serioez hizketan:
hil bukaeran burua
hileroko hipotekan,
alabaren biberoian,
semearen pardeletan...
Kalera irteten gara
igande eguerdietan,
nerabetan etxeratu
ohi ginen ordu beretan.
III
Euriborra “frak”-arekin
ibiltzen da ate joka,
tamalez Iberdrolari
ez zaio asko inporta;
Euskaltel eta Naturgas
ere daude gure kontra
eta propina gisara
bizilagunen kuota.
Etxeko ekonomiak
jasaten badu porrota,
gutxiago jan behar da
eta jatekotan zopa...
Den lapurrik handiena
bilakatu da Europa,
askoz pezeta gehiago
osten delako euroka.
IV
Etxea ere tarteka
garbitu behar da noski,
gutxiago zikintzea
ez baita izaten aski...
Batzutan behar da Pronto,
besteetan KH-7;
Don Limpiok txukun uzten du
lehen zegoena hain gaizki;
Vileda lehortu asmoz

etengabe ohi da busti,
Tenn ere ez da tentela,
bioalkohol eta guzti...
Txoko ezkutuenetan
ibiltzen denez espreski,
zikinkeriak etxeko
sekretu denak dakizki.

V
Bulegoko tertulien
oinarria da baloia:
“Athletic?”, “Ondo...”, “Reala?”,
“Berriz jaso du jipoia...”.
Gero hasten da Bill Gatesek
ezarritako patroia:
ordenagailua piztu,
klikatu ezker botoia.
Windowsak abiarazten
du lanaren maratoia:
zortzi orduz arrastaka
pertsona ta arratoia!
Monotoniari eman
behar zaio arrazoia,
ezagunegia baita
eguneroko gidoia.
VI
Teknologikoki bizi
dugu aro digitala,
Googlea bihurtu zaigu
denon etxeko portala,
mugikorra dugu falta
zitzaigun gorputz-atala,
GPSa daramagu,
berak gu garamatzala.
E-mailak ugaldu dira,
SMSak bezala,
mundu txiki bat bihurtuz
lehen zena mundu zabala.
Baina tamalez ez al da
gure gizarte globala
bakardade ugariren
konexio birtuala?

Doinua: "Habanera".

Bidali zure sortak bertsoak@argia.com helbidera. Aukeratuak orri honetan argitaratuko ditugu.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza