Astekaria

 Zirtak 

On queer bertsolaristics

Angel Erro

Angel Erro


2227. alea
2010-04-25
alde 0    kontra 0

Orain lau urte, orduko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren harira, gauzatxo bat idatzi nuen, Volgako Batelariak e-noizkarian argitaratu zena. Euskal kulturgintzan kementsu lan egiten duen pertsona batek esan edo abisatu zidanez, artikulu horrek ez zizkidan adiskide gehiegirik ekarri. Horregatik seguruenik, adin batetik aurrera lagunen kopurua minimo jasangarrira murrizteko edozein aitzakia ona izan daitekeelako, inguruko askok animatu naute oraingo Txapelketa ere aintzat hartu eta beste artikulu bat egiteko. Buruan ibili arren, ez dut hala egin.

Hala ere, berriki izan da Nafarroako Txapelketa eta gauza batek atentzioa deitu dit. Hona, Iñigo Astizen hitzetan: “Kartzelako lanak heltzean askatu ziren bertsolariak. (...) Gai irekia jarri zien gai jartzaileak: ‘Zalantzak izan dituzun arren, erabaki bat hartu duzu jada. Amak ez onartzea sortzen dizu orain kezka gehien’.[Xabier] Legarreta izan zen aurrenekoa bakarkako hiru bertsoak botatzen, eta baita amari homosexuala zela esaten ere. Ildo beretik joko zuten gero Lazkoz, Zelaieta eta Sotok ere”.
Gaia, egia da, oso irekia da. Baina, horregatik beragatik, bertsolaritzak gaitegian nozitu duen eraldaketaren aztarna ematen du argien. Beste garai batean, odola herriaren alde emateko hautua litzateke amak (ez epelkeriagatik, ama batengan ulergarria izan daitekeen beldurragatik baizik) semeari onartu nahiko ez liokeena. Baina oraingoan, zortzi bertsolarietatik lauk “armairutiko ateraldia” aukeratu dute.

Zalantza sortzen zait hau nola interpretatu beharko genukeen (ez baitut irudimenari haize eman nahi, pro domo mea, dauden baino maribertsolari gehiago zenbatuz); alde batetik, izan daiteke azkenaldiko bertsolaritzak gai sozialekiko kontuetarako erakutsi duen sentsibilitatea, akaso, horrenbeste buruhauste ekar dezakeen nazio gai totemikoari ihes egiteko modua izan daitekeena (adiskide bat eta biok, bertsoen Pásalo sindrome berri honen kontura, txantxetan ibili ginen irudikatuz ahalik eta bertso-gai sozialena: “Julio, emakumezko saharaui maltratatu bat zara, Euskal Herrira etorkin moduan lanera etorria, langabea, eta zure alabari Nafarroako Gobernuak ukatu egin dio euskaraz ikasteko eskubidea. Hiruna bertso edo labana”. Labanaaaaa!); baina, bestetik, izan daiteke bertsolaritzak daukan berezko queer-joera bategatik.

Azken ideia honek, hain zuzen, saihestu zidan iazko Txapelketa Nagusiaz ezer idaztea, neurri batean, eta min ematen dit aitortu behar izateak, bertsolaritzarekin adiskidetu nauelako. Gero eta argiago dakusat fenomeno jakin honek Euskal Herriko gay, lesbiana eta transgeneroaren alde egin, egiten eta eginen duela beste edozerk baino gehiago. Bertsolariak, oholtzan, ez du generorik eta askotan binaka tratatzen dute harremanez, rola gehiegi zehaztu gabe (gai jartzaileak ez badie zehazten, esaterako) bietako nor den mutikoa eta nor neska, ala biak mutikoak diren ala biak neskak. Iturriaga eta Mendiluze ari daitezke bien seme batez, demagun, berehala argitu behar izan gabe “neskarena zeinek egiten duen”. Bertso-saioaren ikuslearengan genero eta mugarik gabeko sexualitate ideal bat –bertsoak dirauen bitartean, Gainsbourgen kanta hartan bezala– landuta, gizarte irekiago, bidekoago batera eramango gaituena, eta askatasunera ere bai bide batez.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
  • 2# | Jon Altza [Facebook bidez] | 2010-04-28 08:08:37

    Ederra ikuspuntua! Gehixeago fijatuko naiz hemendik aurrera. Aldaketaren abangoardia bihurtuko ote da bertsolaritza...?

  • 1# | Edorta Amurua Zubiria [Facebook bidez] | 2010-04-27 14:28:12

    Bertsolaritza androgino-hermafrodita bateruntz? Ez da gauza txarra gizarte kontserbadore honen aintzinean jartzeko (oraindik mutikoak=azula/neskatoak=arroxa eskema ezin hautsi, baita guraso gazteengan)

Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza