Euskal Herri biak egundaino bereizi zituen gerra

  • Gerla Handia, muga sakona (Utriusque Vasconiae) liburuan, Lehen Mundu Gerra aztertu du Eneko Bidegainek Eskualduna eta Euzkadi aldizkarien argitan.
Eskualduna eta Gerla Handia, muga sakona
Eneko Bidegainek idatzitako liburuaren azala eta Eskualduna aldizkariaren azala 1914ko agorrilaren 7an, gerrara dei eginez.
“Biba Eskual-Herria!

Eskual-herrian bezala joan balinbada gizon-altchatzea bertzetan, eztugu zeren, behin eta behin, Frantziaz etsi, ez eta ere lotsa.
Chuberon, Bachenabarren, Lapurdin, orotan oldar bera.

Larumbat arratsalde erditan, atabalak eta elizetako ezkilak entzutearekin, eta jandarmak banazka tarrapatan bazter guzietarat hel ahala hel, afichen eman-arazterat herri guzietan, laztura batek hartu ditu oro. –Zer da hori? Gerla othe? Etzen gerla oraino, baina hartarako azken urhatsa. Urhats bat gaitza, Frantziako guziak egin bezalako deia: ‘Ordre de mobilisation générale’”.

Horixe dugu –17. orrialdeko irudian ikus dezakezunez– 1914ko agorrilaren 7ko Eskualduna aldizkariaren azalak dakarrena. Buruan, “Gerla haste – Biba Frantzia!”, orrialdeak dituen bost zutabeetarik hiru hartuak ditu izenburu nagusiak. Gerrara dei eginez ari da aldizkaria: “Hiri eta herri, handi ala ttipi, guzietan khar bera da. Frantzia guzia chutik, zuzen izpirik gabe, guk deus galdatzen, ez eta deus hobenik egiten ez diogun etsai aspaldiko tzarrari erakusteko merezi duen muthurrekoa”. “Gizon altchatzeak” epigrafepean, berriz, gerraren atarian aldizkariak zabaldu zuen sugarraren berri dugu: “Hau da berriz mobilizazione gaitza! Egundaino Frantzian ez da ikusi holakorik. Hainbertze gizon halako ordre ederrean, hoin fite, oro utzirik, denak soldado. Gerla behar badugu, doala gerla. Biba Frantzia!”.

‘Gu frantsesak gara’

Hain justu, Eskualduna astekariak Lehen Mundu Gerra garaian erakutsitako jarrera hori du xeheki aztertu Eneko Bidegain kazetari eta idazleak argitara berri duen liburuan: Gerla Handia, muga sakona. Lehen Gerla Mundialaren (1914-1918) hastapenak Eskualduna eta Euzkadi aldizkarietan. Bada hamar urte Bidegainek Eskualduna astekariaren edukien azterketa estilistikoa egina duena. Lan horren karietara hainbat zenbaki irakurri zituen, Mundu Gerra garaikoak ez guti. “Ordutik neukan buruan, formaz harago, astekari haren edukia eta ildo editoriala aztertzea. Erran nahi dut, 14ko Gerla zinez interesgarria iruditu zitzaidan. Batetik, gerla hura ez delako anitz landua izan Euskal Herriaren ikuspegitik, eta are gutiago Eskualduna astekariaren prismatik; bestetik, berriz, gertakari hura giltzarri izan zelako gure Herriaren historian: hain zuzen, Ipar Euskal Herrian orduan errotu ziren frantses nazioarenganako atxikimendua, frantses izatearen sentimendua. Erraten da 14ko Gerla izan zela Frantziaren ‘nazio eraikuntzaren’ azken urratsa. Ipar Euskal Herriko euskaldunek Frantziaren alde egin zuten gerla, Frantziaren alde hil ziren. Eta Eskualduna astekariak, euskaraz izanik ere, Frantziaren aldeko mezu hori zabaldu zuen, erran nahi baita, gu frantsesak gara”.

Ipar Euskal Herriko astekari zaharrena zen Eskualduna, gaurko Herria astekariaren arbasoa. Milaka irakurle zituen eta, honenbestez, eragin handia zuen. Apaizak ziren idazle, eta uste izatekoa da aldizkarian ageri den iritzi purrustada bera barreiatuko zutela elizan, pulpitutik. “Ipar Euskal Herriko orduko gizartearen zati garrantzitsu baten isla interesgarria da Eskualduna”, Bidegainen hitzetan.

Dena den, Eskualduna astekaria azterturik ere, Hego Euskal Herrian kaleratzen zen beste aldizkari bat ere jorratu du Bidegainek, kontrapuntu gisa, eta Bidasoaren bi aldeetan ziren ikuspegi ezberdinak –kontrajarriak, zenbaitetan– erakutsi nahiz. “Hego Euskal Herrian gerla hura nola aipatzen zen ikusi nahi nuen, eta Euzkadi egunkaria zen gai hartaz gehien idatzi zuen kazeta. Laster ikusi nuen guziz beste mezu bat zabaltzen zuela. Interesgarria iruditu zitzaidan, kontrastea egin ahal izateko”.

‘Gure euzkeldun anai gaxoak’

Gerra lehertu berritan, Euzkadi egunkariak, 1914ko agorrilaren 11ko artikulu batean, espainiar gobernuaren neutraltasuna txalotzen du, ez duelako Frantziarekin ez Ingalaterrarekin konpromisorik, ez duelako gerrara behartuko duten lokarririk. “Y repetimos la razón única de nuestra actitud. Queremos paz con todos porque las presentes guerras son ante todo monstruosos atentados contra la justicia”. Alegia, Eskualdunak herio suhar bultzatzen zituen Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdi gerlara. Euzkadik bazuen kezka, bakea nahi zuen, gerraren gainetik. Gerrak eztanda egin zuelarik, Iparraldeko anaien geroak arranguratzen du. “Laburdi’ko uri iri ederr aberatsak zertaratu dituen gudu otsak! Eta orobat Be-Naparra ta Zubero’koak ildokiak dirudite. Gaztedirik gabe gelditu dire; anei aneika artarik gabe daude umeak eta gautik goizerat alarguntz negarra dariotela dabiltz ezin zenbatu ala emazte. Gogorrik gogorrena ta miñik miñena! Aunitz eta aunitz erri apezik gabe gelditu dire: ok ere orok gudara; berrogei ta bortz urte bete ez dituzten guztiek. Jainko ona! Urrikalztea gure euzkeldun anai gaxo otaz.”

Euskaldun eta euskaltzaleak ziren bi agerkariak ere. Bat egiten zuten horretan. Guztiarekin ere, bazuten ezberdintasunik, Bidegainek dioenez: “Ipar Euskal Herria Frantziari begira zegoen. Frantzia zen haren ‘aberri handia’. Bere burua frantses zeukan”. Besterik zen egoera Hego Euskal Herrian. “Abertzaletasuna eta independentzi gogoa agertuak ziren ordurako. Hego Euskal Herriko zati handi bat, karlistak bereziki, alemanen aldekoak ziren. Euzkadi egunkarikoak, aldiz, jeltzaleak, ez ziren alemanen aldekoak, maiz pentsatu izan denaren kontra. Ez zuen gerlan sartu nahi, are gutxiago alemanen aldean, horrek Ipar Euskal Herriko ‘anaien aurka’ borrokatzea eraginen zuelako. Gerlan hiltzen zen euskaldunentzat, Eskualdunak idazten zuen ‘beren herriaren alde hil’ zirela. Euzkadik, aldiz, idazten zuen ‘atzerriko herri baten alde’ hil zirela. Hots, Ipar Euskal Herrian frantses nazionalismoa errotu zen, Hegoaldean euskal abertzaletasuna garatzen ari zen garaian”.

Euskal Herri biak etenik

Euskal Herriaren eki-mendebaletako bi aldizkarietan ageri den ikusmolde etena da azpimarragarri. Ageriko denez, abertzaletasunak hagitz erro sakonagoak ditu batean bestean baino. Eneko Bidegainek, kontu hori aspaldikoa dela azaldu nahi zuen. “Uste dut hori garbi gelditu dela egin dudan ikerlanean. Ez nekien ziur, ordea, Hego Euskal Herriko abertzaleek alemanak hain argiki kondenatuko zituztela. Uste nuen jarrera germanofiloagoa aurkituko nuela, eta ez da hala izan. Eskualdunari dagokionez, bestalde, espero nuen, bai, jarrera frantses-zalea. Baina ñabardurak badira. Nik uste dudanez, oroz gainetik pragmatismoa dago Frantziaren parte izan nahi horren gibelean, erran nahi baita, estatu handi baten parte izateak sorrarazten dion segurtasuna ageri da hor”.

Bidegainek egin digun lanean irakurtzen denez, “Ipar Euskal Herrian, Eskualduna astekariak frantses nazionalismoaren sentimendua zabaldu zuen; eta, alderantziz, Hego Euskal Herrian, Euzkadi egunkariak, euskal abertzaletasunaren ikuspegitik lantzen zuen gerla mundialaren aipamena”. Hori baino gehiago ere esan digu, ordea, Bidegainek: “Eskualdunak frantses nazioaren batasuna eraikitzen parte hartu zuen, eta Euzkadik zazpi Euskal Herriak batera ikusi nahi zituen. Baina gauza guziak bezala, dena korapilatsuagoa da. Nortasuna, etxea, eliza/estatua gatazka, kristautasuna eta beste hainbat parametroren arabera aztertu behar da gaia, sakonago”. Horretan da Bidegain, hiruzpalau urte iraungo duen doktorego tesia egiten. Ziur, ez garelako jabetzen 14ko Gerla Handiak gure Herrian izan zuen eraginaz. “XX. mendeko gertaeren artean, gutxi aipatzen da 14ko Gerla. Anitzez gehiago ezagutzen eta aipatzen da 36ko Gerla, nola ez, eta Bigarren Mundu Gerra. Baina, funtsean, Ipar Euskal Herria ulertzeko, 14ko Gerla Handia ulertu behar da, eta orain arte jarri ez zaion arreta merezi du. Mendeurrena dator lau urte barne, eta Euskal Herrian modu berezian gogora ekartzea komeni dela iruditzen zait”.
Euzkadi: Euskaldunentzat zen ordaina
“Sara, Laburdi’ko osalari Elizagarai pantzetarren gudamutil dabillanak idatzi dau, lubagi edo trintxeran gau batian geldi egozanian, Iriarte deritxon abots zoli ederrdun euzkotar gudamutilla asi zala gure abestijak erabilten, eta unerik-unera, lubagijan aurkitxen ziran beste euzkeldunak laguntzen eutsoela danak batera. Berez ederrak ixanik abestijak, gabezko ixillian eta eztarri zolijak abesturik, bijotz-bijotzeraño sartzen dira.

Pantzetarren lubagi onetatik 50 neurgin (metro) arantzago eguan beste lubagi bat doistarrena. Onek entzuten eguzan ixil-ixilik, eta euzkeldunak amaitu ebenian abestijaldia, doistarrak txalo andijak jo eutsiezan. Eta ordañez, Marseillaise abestu eben eurak, len abestu ebenak pantzetarrak ixan ziralakuan. Orduban, pantzetarrak jo ebezan txaluak. Euzkeldunentzako zan ordaña eurak arrapatu eben”.

(Euzkadi, “Doistarrak gure abestijei txaloka”; 1915eko urtarrilaren 4ko alean).
Eskualduna: Etorkiz bat izanik ere
“Nere burua nor nahi bezen eskualdun daukatalarik, ene hitzean nago: berech izaiteko eztela aski erraitea: ‘Espainia bat da, Eskual herria bertze bat’. Bainan hola zaiotenek hola erran bezate berentzat. Guk eskualdun frantsesek eztugu Frantziatik berechtea galdatzen: are gutiago erraiten ja bi direla Frantzia eta gure Eskual-herri hau?

Zer onik ginuke ere hortarik igurikitzeko? Erresuma ttipiak handiek ahamen batez janak ez dituguia ikusten? Horra zer zaion gerthatu azkenik hor Belgikari, handiago izan balitz gerthatuko ez zitzaiona.

Handitasunak eztu zuzena egiten, ba ordean, beharrez, laguntzen, azkartzen.

Ttipiturik, ederrak ginitazke, bi auzo handi, bata bertzea bezen gosen erdian, bietarik gu bereziak!

Otsoen hazkurri dire bildotsak;... chitoak miruen.

[...] Noizpeiko aspaldiko ethorkiz bat izanik ere, demborak berezi bagitu erresumaz: bi zathitan ezarri bagitu bi populu auzori eratchikiak, bien ararteko edo lokarri izaitea gu hiruen onetan ez litakea?

Gure ustez ba, elgarrekin bizi gaichtoan bizitzea baino hobe.

Ezkontzaz berechten zira, lehen auzo geldituz, burhaso eta haurridetarik,... ahultzen direa sor-etchearekilako lokarriak, ala luzatuz, hedatuz, azkartzen?

– Ezta bardin.

– Ez osoki: bainan hein batez, adichkidea, eza?”.

(Eskualduna, “Alemanaren adiskidantza”; 1914ko urriaren 23ko alean).
Bi argitalpen, bi ikuspegi
Gerra garai hartan bazen aldizkari eta egunkari franko. Gaztelaniaz eta frantsesez idatziak ziren gehienak, baina baziren euskara hutsezkoak –Ipar Euskal Herriko Eskualduna, kasu–, eta elebidunak, nola izan zen Euzkadi egunkaria Hegoaldean.

Euskarazko Eskualdunari dagokionez, Louis Etcheverry zuriak –hots, giristinoak– sortu zuen 1887an, eta ez debaldetan: urtebete lehenago Martian Henri Berdoly gorriak –laiko eta errepublikaren aldekoak– abiatu zuen Le Reveil Basque aldizkariari aitzi egiteko asmotan zen Donazaharreko Etcheverry politikari eskuina Eskualduna bidez. 1891n Manex Hiriart-Urruty genuen Eskualdunako zuzendari, “fedearen eta libertatearen etsaiak gudukatzeko nahiarekin”, eta idazle nagusietarik. Baionako apezpikuen gidaritzapean egon zen aldizkaria, eta Iparraldeko euskaldunen bilgune ideologikoa izan zen, Javier Diaz Noci ikertzailearen arabera.

Hegoaldeko Euzkadi egunkariari denaz bezainbatean, Bilbon sortu zen 1913an, Euzko Alderdi Jeltzaleari estu loturik. Egunkari politikoa eta informaziozkoa zen, zati bat euskaraz eta bestea, handiagoa, gaztelaniaz zuena. Mundu Gerra sasoian Evaristo Bustinza Kirikiño zen euskarazko atalaren arduradun, eta haren eskukoak dira Euzkadik lehen orrialdean ekarri ohi zituen euskarazko artikulu-editorialak.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude