Astekaria

 Diskoak 

Rock klasikoenaren dotoretasun eta askatasuna

Iker  Barandiaran

Iker Barandiaran


2224. alea
2010-03-28
alde 0    kontra 0

Bitter Honey ::Songs of love & destruction

autoekoizpena

iraupena ::45´05´´

prezioa ::5

Arrasateko taldea Jukebox, Black Sheeps eta Radio Wings taldeetako errautsetatik dator, baina lortutakoarekin pipa erretzeko moduan daude. Azkeneko taldearen ildoa berreskuratu eta emaitza entzungarriagoa eta borobilagoa bihurtu dute, garapen, melodia eta aldaketa dotore asko dituzten kanta txukunetan. 70eko hamarkadako hard-rocka eta rock klasikoa da, batez ere, lantzen duten esparrua eta Deep Purple, Led Zeppelin eta The Who dira totemetako batzuk. Baina sei minutu arteko ingelesezko piezatan MC5, Rainbow, 90eko hamarkadako talde grungeak eta The Cult ere berpiztu dituzte. Instrumentista eta abeslari oso finak, hiru egun eskasetan rockero zaharrak eta jakin-mina duten gazte jantziak liluratzeko moduko kantak eta soinua lortu dituzte. Adi Ride, Bite me, Bitter Honey eta Goodbye moduko hit!-ei.

www.myspace.com/bitterhoneyzone

Gure rock-and-rollaren ametsa gero eta urrutiago dago, batez ere herri honetan

“Nerabea nintzenean rock izarra izan nahi nuen, neskez eta whisky eta koka tonaz inguratuta. Baina orain, nagusiagoa naiz eta egunero lanera joaten naiz 9:00etatik 17:00etara”. Hortaz, orain zein da taldearekin duzuen helburua?

Zahartzen ari gara eta konturatu gara gure rock-and-rollaren ametsa gero eta urrutiago dagoela, batez ere herri honetan. Hala, orain gure helburua da rockaren kurrelak izatea.

“Ikusten duzuna da daukazuna”. Ez duzue ezkutatzen Zeppelin, Who, Black Sabbath eta antzeko taldeen jarraitzaileak zaretela. Zer zeukaten talde haiek?

Beraien irudimenari ez zizkioten mugak jartzen eta hori konposizioetan ikusten zen; eta estilo zehatzetatik kanpo egoten ziren beti. Gure asmoa hori da, estilo batean kokatu gabe musikari irteten uztea. Zuk aipatutakoak izugarrizko taldeak dira, baina Atomic Rooster moduko talde ezezagunagoak ere aintzat hartzekoak dira.

Songs of love & destruction amodioaren eta desamodioaren arteko lerro mehea da? Disko ia monografikoa da, ezta?

Bai. Esan dezakegu diskoan bat egiten dutela maitasunak, ezin-ikusiak eta banantzeak, gai unibertsalak guztiak.

Bitter Honey Radio Wingsen eboluzio naturala da, ezta?

Bai, duda barik. Radio Wings zen talde bat ulertu gabe geratu zena; abestietan zituzten garapen eta aldaketa ugariek ulertzeko talde zaila egiten zuten. Bitter Honey haren eboluzio errazagoa da.

Zergatik jo zenuten Dani Uleciarengana?

Howie & The Mussels taldearekin egin zuen ekoizpen lana entzun ostean, erabaki genuen estudio berean (Tio Pete) grabatu, eta berak nahastu eta masterizatzea nahi genuela. Egun gutxitan egin arren, gustura gaude.

Pentsatu duzue taldera hammonda jotzen duen norbait batzea?

Bai, behin baino gehiagotan pentsatu dugu, baina ez dugu hammonda edo teklatua jotzen duen inor ezagutzen. Inor animatuko balitz, jar dadila gurekin harremanetan.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza