"Gehiegi egiten diogu muzin gure tradizioari"

  • Poeta ezagutzen genuen. Zoperna jenerala (1987) irakurri genion lehenengo, eta Eremu karroinduak (1992), ondoren. Aspaldiko lanak, egileak isilaldian iraun duen denbora handian ere gogoan hartzeko modukoak. Beharrik, eskutik heldu eta plazara ekarri zigun Koldo Izagirrek Luis Berrizbeitia XX. mendeko Poesia Kaieretan. Oraindik orain, berriz, 2008ko Nobel sari Jean-Marie Gustave Le Clézioren Désert lanaren itzulpena kaleratu digu: Basamortua (Elkar). Poetaren esku finak kontu handiz zizelkatu duen prosa alditan beirazkoa, hizkuntza totala oinarri: tradizio kultua, perpausen josketa, berben hautu doia.

    [Elkarrizketaren bertsio osoa da sareko hau]
Luis Berrizbeitia
Luis BerrizbeitiaZaldi Ero

Basamortua irakurri eta “ezin dotoreago itzulia, zoragarria” da nire baitako irakurlearen lehenengo hitza. Liburu-dendara joan, saltzaile zaildu eta irakurle handi denari nire bozkarioa zabaldu nahi eta haren zaputza: “baina ez da erraza”. Jakin nahiko nuke zer iritzi eta ikuspegi duen itzultzaileak berak Basamortua lanaren gainean…


Ni beldur, halere, irakurle gehiago izango direla zure lagunaren iritzikoak, gauzak hotz kontsideratuta testu hau ez baita irakurgai samur-samurra, tarteka ahalegin bat eskatzen duena baino. Basamortuaren gaineko iritzia eskatzen didazu eta itzulpenaz esango dizut niretzat biziki lan zail eta nekosoa izan dela eta emaitzak ez nauela erabat asetzen. Testua beti hobetu nahia da itzultzaile guztien zigorra. Liburuari berari buruz, aldiz, esango dizut hura irakurri duten gehienek, nik barne, esaten dutena: eleberri bikaina dela, maila, tonu, estilo eta giro ezberdinez osatutako artelan mamitsu eta zirraragarria.

Karlos del Olmo itzultzaileak, honela idatzi du iruzkina, EIZIEren web gunean irakurri dudanez: “…Luis Berrizbeitiak paraturiko itzulpena arretaz leitu beharrekoa da, aberatsa eta barroko samarra delako hiztegi eta egitura aldetik, ez da di-da batean hasi eta buka azkendu daitekeen itzulpen arina; halako poesia zama bat daroa lepoan”. Poesia zama horixe begitantzen zait eder lan honetan…


Pozten naiz liburu honen alderdi poetikoa zuretzat eder gertatu izana, horrek esan nahi baitu jatorrizko testuaren edertasuna ez dela osoki galdu frantsesetik euskararako bidean. Karlos del Olmoren iritziari dagokionez, berriz, ados nago bere oharrarekin salbu barrokismoaren kontuan. Niretzat barrokoa Gongora eta Lezama Lima dira, baina ez Le Clézio. Le Clézio idazle sofistikatu eta estetizista da, eta gainera frantses hizkuntzaren unibertso erretorikoan edoskia. Konbinazio horretatik heldu den idazkera ezin izan daiteke sinplea, baina ez du zertan barrokoa izan. Nik esango nuke estilo landu, dotore, fin eta poetikoa darabilela, eta itzulpenean horixe islatzen saiatu naiz, barrokismotan erori gabe.

Zein da Basamortua eleberriko hizkuntzari, euskaraz eman nahi izan diozun tornua?


Lanari lotu nintzenean erabaki nuen liburu hau itzultzeko baliatuko nuen tresna linguistikoa euskara totala izango zela. Niretzat euskara totala da euskararen sinkronia eta diakronia osoa bere barnean hartzen duen euskara eredu bat, euskalki guztiak eta euskara idatziaren garai historiko guztiak bere baitan biltzen dituena, ez ordea birtuosismo antzuzko su artifizial putzetan indarrak —itzultzailearenak nola irakurlearenak— alferrik akitzeko, baizik eta hizkuntzaren baliabide posible guztiak orekaz eta antzez konbinatuz adierazkortasuna, komunikazio indarra eta diskurtsibitatea ahalik eta urrutien eramateko. Euskara totalaren kontzeptua funtsezkoa zait eta beti saiatzen naiz aplikatzen nire lanetan, baina zoritxarrez akats bat dauka: bere korrelato kontzeptuala —euskaldun totala— ez da existitzen. Gure errealitate diglosiko higatu honetan, gauden kinkan, hizkuntzaren ezaguera partzialez osatutako hizkuntz komunitate herbal bati eredu total bat proposatzeak estrategia zentzugabea irudi lezake, baina nik horretan Borgesen dictum existentzialistari jarraitzen diot: harea gainean bizi gara, baina eraiki dezagun harkaitz gotor baten gainean bizi bagina bezala. Bestalde, plazan denetarik egon behar da, irakurleari aukera eman behar zaio era guztietako erregistrotako produktuak eskuratzeko. Zenbaiti, hala nola zure lagun liburu-saltzaileari, itzulpen hau zaila eta idorra irudituko zaio, baina nire asmoa bururen buru izan da gauzak ahalik eta ulergarrien ematea, eta horretarako hizkera zehatz eta komunikatiboa baliatzen saiatu naiz. Baina badakizu, gure asmo onekin eginak omen dira infernuko estartak.

Euskara estandarra beste maila gora batean igoa ageri da Basamortuan. Menturaz Koldo Izagirrek zure poesiari buruz ari eta tradizio kultuaren ezagutza, perpausen josketa eta berben hautu doia ditu oinarri zure idazteko manerak, dela zeuretik idazten ari zarenean, dela itzulpen lanean?


Hori da nire apustu eta helburua eta horretara biltzen da funtsean arestian aipatu dizudan euskara totalaren afera: tradizioa errotik ezagutzea eta hizkuntzari ahalik eta zehaztasun handiena ematea, zer ere baita asmoa eta haren araberako tresnak baliatzea. Susmoa daukat gaur egun estandarizatutako hizkuntz ereduak sobera mugatzen dituela gure aukerak, sobera traba eta beldur barreiatzen dituela hizkuntza baliatzen dugun guztion artean eta, nolabait, gehiegi egiten diogula muzin gure aurrekoek menderen mende eraiki duten literatur tradizio eta ondare prosodikoari. Aski da behako bat ematea gure idazle klasikoen lanari ohartzeko hiru ardatzen inguruan eraikitzen zutela beren estiloa: komunikazioa, indarra eta ederra. Ohartzen bazara, horiek dira erretorika, onaren, zutabeak. Trinitate saindu horri gehitzen zioten tradizioaren ezaguera sakona eta zentzu estetiko sendoa eta emaitza izaten zen batere konplexurik gabeko hizkera landu, ausart, koloretsu eta adierazkorra. Jakina, ez dut esan nahi Elkanoko Lizarraga edo Jussef Egiategiren antzera idatzi behar dugunik —ni baitako ergela ez da hain ozarra—, baina ondo legoke baldin haien malgutasun, konplexurik eza eta askatasunetik zerbait berreskuratzen saiatuko bagina, zokora boteaz itoak gauzkaten zenbait gerruntze normatibo eta kokiltasun induzitu.

Eleberrian bi garai ageri dira, bata egungoa, iragan izan bat bestea. Bigarren honetan nabarmen egiten du gora testuaren poetikotasun mailak. Bata da poetikoagoa bestea baino? Era berean ala molde ezberdinetan jardun behar izan duzu itzultzen?


Nire ustez poetikotasuna liburuaren zoko-moko guztietara irristatzen da, nonahi aditzen den urrin gozo baten antzera, batzuetan indartsuago, bestetan sotilago, baina lerroen artetik eztiki igeri beti. Halere, uste dut zuzen zaudela eta liburua osatzen duten bi kontakizun edo hari narratiboei Le Cléziok trataera bana ematen diela: gure garaitik hurbilago dagoen hari narratiboan, zeinetan kontatzen zaizkigun Europako modernitatearen eta bere herriko sustrai tradizionalen artean zatikatua bizi den XX. mende erdiko neskatxa amazigh baten zalantzak eta gogoetak, beldurrak eta ametsak, ibilera fisiko nola izpirituzkoak, zati horretan, diot, lirismoa hezia dago, agertzen da tarteka han-hemen, baina nagusi da gizarte moderno industrialaren deskripzio gordin eta idorra, eta narrazioa errealitate kamuts horretatik zerbait goratzen edo aldentzen den kasuetan maizago izaten dira zurrunbilo onirikoak hegaldi lirikoak baino. Aldiz, eleberriaren beste hari narratiboan, XX. mende hasierako Saharako herri natiboen bizimodu eta kultura, pentsakera eta filosofia xehatzen zaizkigun pasarte horietan, lirismoak toki gehiago hartzen du, herri horien konkista odoltsuaren goiti-beheiti historikoen deskripzio hotz, ia notarialarekin nahaste. Ez da asko nekatu behar ohartzeko idazleak bere ikuspegi idealizatu eta artetan erromantikoaren argiaz edertzen duela herri natiboen iragan galduaren deskripzioa eta, aldiz, gordintasun, itsuskeria eta laztasunezko pintzelkadak XX. mende erdiko Marseilla bezalako hiritzar industrial masifikatu, lohi eta bihozgea deskribatzeko gordetzen dituela. Dikotomia horretan oinarritzen dira kritiko batzuk Le Clézio idazle manikeotzat jotzeko. Beste batzuek, krudelagoak, idazle naif bezala ekartzen dute arrazoi beragatik.

Nola bizi izan duzu zure baitan itzultzaile / sortzailearen egitekoa lan honetan? Zein neurritan da itzultzailea itzurtzaile?


Abiapuntuko hizkuntza eta xede hizkuntza elkarren ahaide hurbil direnean ez litzateke egon behar tarte handirik itzurgintzarako, bestela arriskua dago premia gabeko iruzurra egiteko egileari eta irakurleari. Aldiz, bi hizkuntzak hain senide ez direnean, edo arrunt izaera ezberdineko sistemak direnean, iruditzen zait onar daitekeela laxoago aritzea, esaterako ordain zuzen-zuzenak bilatzerik ez dagoenean perifrasiak eta moldaketak egiteko aukera emanez. Gai horri ikuspegi historiko zabalago batetik begiratuta, esango nuke Mendebaldeko kulturan aspaldidanik osatuta dagoen koiné erretoriko estandar bati esker erraz samarra gertatzen dela Europako hizkuntzen arteko itzulpenak egitea. Koiné erretoriko paneuropear horretan partzuer diren hizkuntza guztiek bateratuak dituzten egitura, esamolde eta baliabide sintaktiko-estilistikoekin ondare komun bat sortu da, pieza baliokidez osatua. Adibidez, ingelesek “far from” idazten dutena frantsesek “loin de” idatziko dute, espainolek “lejos de”, eta beste hainbat hizkuntzatan ere antzeko pieza bat sortuko zen ideia bera adierazteko, pieza bat beharbada hasieran hizkuntzan ez zegoena baina Mendebaldeko unibertso erretoriko komuneko korrontean murgildu beharrez garatu behar izan dena. Gure hizkuntza ez dakit zenbateraino dagoen atxikia batasun horri, baina gure aurreko idazleek ederki sumatu zuten euskara ere koiné horretara eramateko beharra. Horregatik hain zuzen —gure adibidearekin jarraituz— sortu zuten “-tik urrun” edo “urrun da bait-“ bezalako esamoldeak, Duhalde, Larreguy, Hiribarren eta beste zenbaiten izkribuetan agertzen direnak. Bi pieza berri euskararen armategian. Horiek sortu ondoren, euskara pixka bat apainduago, zaluago, gaituago eta tresnatuagoa geratu zen Mendebaldeko kultur batasunean murgiltzeko eta pentsamenduaren nola artearen plazan lehiatzeko. Jarri dudan adibideak muntagabea iduri lezake, puskaz berrikuntza garrantzitsuagoak txertatu baitzaizkio euskarari egitura, sintaxi eta lexiko fronteetan lehen bezala orain ere (pentsa bakarrik matematika edo fisikaren esparruetan iragan hogei urtean garatu diren egitura berriak). Bizkitartean, garrantzitsua ez da adibidea bera, baizik eta sumarazten duen jarrera, ikusarazten duen bihotz-moldura: lehen, euskal idazleek iparrorratz hori zuten, hurbiltzea mendebaldeko komunitate erretoriko jasora, eta baldin horretarako elementu berriak sortu eta asmatu behar bazituzten, hizkuntza bortxatu beharra bazuten, ba orduan lasai asko sortu, asmatu eta bortxatzen zuten. Gaur egun ni beldur bihotz-moldura hori ez ote dagoen itoa, zebatua eta hila normatibismo hertsiegi batean eta hizkuntz arazoekiko ikuspegi konformistegi baten azpian… Zure galdera, nola bizi dudan itzultzaile / itzurtzaile dema ni baitan… Hara, horri erantzuteko irudi bat erabiliko dut: itzultzailearen gurdiari bi zaldik tiratzen diote, nola diren leialtasuna eta gozotasuna. Idazleari leialtasuna zor zaio, baina irakurleari gozotasuna, ulerterraztasuna. Zaldi horietako bat sobera balakatzeagatik bestea jelosten bazaizu gurdiak ez du egingo aurrera: testuak ostikoka erabiliko ditu batean idazlea eta bestean irakurlea, edo biak batera, eta azkenean bide zuzenetik aldaratuko da. Horregatik hain zuzen, itzulpengintzan sorkuntzarako irriztu bat ezinbestekoa da, fideltasuna kosta-ahala-kosta atxiki beharrez xede hizkuntzan zorrotzegiak gerta daitezkeen ertz batzuk leuntzeko baino ez bada ere. Eta, aitor dut, itzulpen honetan nik ere lizentzia gutxi batzuk hartu ditut testuaren orga euskararen bide xuxenetik eramateagatik.

Itzultze lan gaitza egin duzu, batere ez erraza…


Niretzat lexikoa izan da gauza zailena. Kasik esaldiz esaldi egiaztatzen ibili beharra zein den hitz baten forma arautu estandarra eta haren ortografia, hitzematen dizut ez dela lan erraza. Eta gero, hor dira eremu semantiko itsuak ere, euskaraz oraindik kurrimendurik ez duten hitzen euskal sinonimoak bilatu eta tarteka asmatu beharrak, asmatuei zaporea eta sinesgarritasuna eratxiki beharrak... Lantegi ikaragarria da lexiko sinesgarri, ulergarri eta zaporetsua finkatzeko kontu hori, baina zorionez izan dut laguntzaile galantik, hala nola Xabier Mendiguren eta Itxaro Borda, eta uste izateko da ez dudala astakeria gehiegi egin. Anekdota gisa esango dizut liburuan bi giro eta gertaleku nagusi daudela, Saharako basamortua eta Marseilla, hots, biluztasun material guztizko bazterra eta gizarte industrial moderno batek ekoiztutako objektu infinizioarekin kokorreraino betetako espazioa. Eta lexiko aldetik infinituki zailagoa gertatu zait Marseillan kokatutako pasarteak itzultzea basamortuan kokatutakoak baino. Liburuaren protagonista bezala, ni ere beti egoten nintzen basamortura begira, haren biluztasun lexikoko babesera noiz itzuliko zain.

Zergatik erabaki duzu erlatibozko esaldietako aditz laguntzailearen gainean azentua ezartzea?


Irakurketa errazteko. Menpeko esaldiak pilatzen direnean, perpausen segida sobera luzatzen denean edo perpaus bat, laburra izanagatik, anbiguoa gerta daitekeenean, komeni da makulu grafiko bat izatea jakiteko nola irakurri esaldia. Edozein hizkuntza seriok hala egiten du: ulergarritasun arazo bat formula ortotipografiko baten bidez konpontzeko modua badago, adosten da formula hori, aplikatzen da, eta fini arazoa. Horren adibideak palatraka ekar nitzake hona baina ez zaitut aspertuko kontu horiekin. Euskaraz aditz laguntzaileak anbiguetate arazoak sor ditzake zenbait testuingurutan, esaterako iraganaldiko menpeko esaldietan. Har dezagun adibide sinple bat: “lanean ari ziren gizonak”. Perpaus horrek bi adiera izan ditzake: ‘les hommes travaillaient / the men were working’, eta ‘les hommes qui travaillaient / the men that were working’. Esango du batek testuinguruak argitzen duela kasuan kasuko esanahia, eta hala da, baina jakiteko esaldi horretako gizon horiek menpeko esaldi batean dauden ala ez esaldi osoa irakurri behar da, eta behin irakurri ondoan berriz esaldiaren hasierara itzuli testuari esanahi zuzena emateko (baldin lehen irakurrian okerrekoa eman badiogu) edo berresteko (baldin intuitiboki adiera zuzena eman badiogu). Kiribila esaten diote ikerlari batzuek txiribuelta gogaikarri horri, eta fenomeno bataiatua izateak berak erakusten du ez dela asmakeria bat, dagoeneko ohartua eta sailkatua dagoen arazo objektibo bat baino. Tildea erabili ezkero, ordea, irakurri ahala argitzen da esanahia, eta ez dago perpausera berriz itzuli beharrik gure irakurketa doitzeko: ‘lanean ari ziren gizonak” = ‘les hommes travaillaient / the men were working’; ‘lanean ari zirèn gizonak’ = ‘les hommes qui travaillaient / the men that were working’. Menpeko esaldietako laguntzailea zenbait kasutan tildez markatuz egiten duguna da beste edozein hizkuntzak bere hiztunei irakurketa errazteko egiten duen gauza berbera (pentsa bakarrik nolako jokoa ematen duen tildearen erabilera inteligenteak gaztelaniazko hitz segida honetan: ‘esta/èsta/está’. Hiru posizio, hiru adiera eta zero anbiguotasun). Baina badirudi euskaraz beste hizkuntzetan baino herabeago garela soluzio erraz eta praktikoak hartzeko. Hainbat gaizto guretzat. Esaldi bat oker ulertzeko arriskua badago, obligazioa dago arrisku hori minimizatzeko eta horretarako behar diren tresna guztiak erabiltzeko. Hala ez egitea suizidioa da. Hori guztia esan ondoren, halere, argi dezadan bakoitza libre dela nahi duen bezala jokatzeko eta nik neuk, aukeran, ez nituzkeela menpeko esaldi guztietako erlatiboak tildez markatuko, bakarrik ulergarritasun arazo nabarmena duten kasuak. Baina koherentziaren amoreagatik liburu honetan erabaki zen denetan jartzea eta, okerrak salbu, hala atera da.

Zein izan zen Basamortua itzultzen hasi aitzin zure baitako jarrera? Nola –zein trenpu, aldarte, umore…–, ari ziren borbor zure barruan?


Le Clézioren aditzea banuen, baina haren lanik irakurrita ez neukan. Horregatik hain zuzen itzultzen hasi aurreko nire aldartea definitzeko hitz egokiena ikara da. Ikaratua nengoen zeren ez nekien nolako basatzan sartua ote nintzen liburu hori itzultzeko egitekoa neureganatu nuenean. Nolakoa izango zen idazle horren estiloa? Proustek bezala bi orrialdeko perpausez osatuko ote zituen bere paragrafoak? Ala Camusena bezalako idazkera soil eta zehatza izango zuen? Hots, gauza izango ote nintzen itzultzeko ala uko egin beharko nion lanari? Zalantza horiek erabili nituen lanari heldu aurretik, eta helduta gero ere.

Zein sentipen dituzu lana finiturik?


Bukatutakoan gaitzeko lasaitua hartu nuen. Hamar hilabeteko jardun gogorra izan da, erlojuaren kontrakoa, eta noizbait ere amaitutzat eman dudanean lehenbiziko sentipena zama gaitz bat gainetik kentzean hartzen den arindua izan da. Analisi kritikoa geroago egiten da. Epe bat hartzen duzu lanari perspektiba eta hoztasun apurtxo batekin begiratzeko eta orduantxe konturatzen zara zenbat akats dituen, zenbat gauza hobegarri, trakets eta baldar. Hori ezinbesteko sentipena da ordea. Itzulpenak, definizioz, objektu etengabe hobegarriak dira, eta hainbat gehiago baldin 400 orrialdetik gorako lanak badira. Horrelako lan luzeetan puntu batera ezkero ez dakizu gehiago zer ari zaren ere, hitzezko itsaso batean itoa bezala sentitzen zara. Ni neu liburua argitaratu eta handik pare bat hilabetera hasi naiz gainetik behako bat ematen eta kasik orrialde bakoitzean aurkitzen diot itsuskeria edo akats bat. Aukera banu hurrengo argitaraldi batean horiek zuzentzeko oso kontent nengoke.


Eremu karroinduak liburuaren atariko idatzi zenuen: “izkribuetan denborapasa baino zerbaixka gehiago bilatzen saiatzen garenok”. Justuki, zeren bila ari da Luis Berrizbeitia izkribuetan?


Izkribua zein den. Basamortua nobelaren itzulpenarekin bilatu nahi izan dut euskararen prosodiaz eta narratibitateaz ditudan kezka, uste, intuizio eta sentipen batzuk ariketa praktiko batean frogatan ematea. Beste izkribu suerte batzuekin bilaketa arrunt bestelakoa da.

Poeta gordea zaitugu, XX. mendeko poesia kaieren aurkezpenean ere ez zinen ageri izan.


Ez dakit ba. Aurkezpen batera behintzat bai azaldu nintzen, eta ez dut damurik hara joanik, ikaragarri miresten dudan Joxe Azurmendiren ondoan gertatu bainintzen eta solas atsegin bat eraman baikenuen, eskualdunik baizik etzen lekhuan, antolatzaileek prestatutako zizka-mizka gozo batzuk zintzurrean behera igortzen genituela. Esperientzia hazkor –zentzu bietan–, haren ondotik kasik gainditu nituen holako bilkuretara azaltzeko dudan uzkurtasuna.

Isilik zinen aspaldi. Zerk bultzatu zintuen lan honen itzultzera, literaturaren plazara berriz agertzera?


Isilik nintzen aspaldi eta isilik nago beti. Basamortua itzulpen lana da. Liburu horren orrietan adiarazten den ahotsa ez da nire ahotsa, Le Clézioren ahotsa da. Le Clézioren hitzak frantses hizkuntzaren ertzetik euskararen ertzera igaroarazi dituen ontzizain mutua izan naiz. Ni mintzatzeko garaia hel dadinean erantzungo dizut menturaz galdera horri atseginekin eta funts gehiagorekin.

Ez dakit beste esatekorik duzunez, ezdeus honek galdetu ez izanagatik ere…


Uste dut badudala aski pitokeria esanik. Gehiagorekin zu zigortzea ez litzateke gisa.

ASTEKARIA
2010ko martxoaren 28a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude