Bi klik eta akabo sareko askatasuna

  • Internet orain arte den bezala maite baduzu, hasi kezkatzen: azkenaldiko mugimenduak ikusirik, ematen du sarea katez eta giltzarrapoz lotu nahi dutela. Hadopi, ACTA, Ekonomia Jasangarriaren Lege Proiektua, sarearen neutraltasunaren kontrako mehatxuak…
Público egunkariako tiragile Enekok egindako ilustrazioa.Eneko
Beharbada jakin nahiko duzu horiei buruz zer edo zer gehiago, zure askatasuna baita jokoan dagoena. Kontua AEBetan hasi zen aspalditxo, eta azken bizpahiru urteetan lehorreratu da Europan.

1998an onartu zuten usamerikarren herrian “Digital Millenium Copyright Act” (DMCA) izeneko legea. Printzipioz egile eskubideen urraketaren kontra prestatu zuten, baina legeak zera ere debekatu zuen: eskubide horiek urra zitzaketen teknologiak sortu eta zabaltzea. DMCAk delitu bihurtu dizu, adibidez, era ondraduan erositako DVDko edukiak deskodetu eta kopiatzea, demagun, zure bideo aparailu eramangarrian ikusi nahi duzulako. Eta Interneten, webguneak salatzeko erraztasun handiak eman dizkie copyrightarekin babestutako edukien jabeei: nahikoa da zure blogak babestutako materiala dagoen lekuren batera lotura egitea.
Sinesteko zaila. Baina galdetu Cryptome webguneko arduradunei. Aurtengo otsailean argitaratu dute Microsoften barne manual bat, azaltzen duena nola hitz egin behar duten enpresako langileek poliziarekin, ustezko gaizkileen datuak eskatzen dizkieten kasuetan. Dokumentuak agerian uzten du Microsoftek gure zenbat datu dauzkan –gauza jakin samarra, bestalde–; baina gaurko gaiarekin lotuta, problema handiena zera da: multinazional horrek, DMCA erabiliz, salatu egin zuela webgunea; eta lortu zuela Cryptome ixtea, inolako epaileren beharrik gabe. Ordu batzuk beranduago salaketa kendu eta berriz zabaldu zuten. Berandu: kristala baino gardenago ikusi baita legeak zertarako aukera eman dezakeen. Webguneak zentsuratzeko erreminta ezin hobea da.

Horixe bera azpimarratu du Electronic Frontier Foundation erakundeak. DMCAren 12. urteurrenean balantzea egin du eta gupida gutxi ukan du legearekin: adierazpen askatasuna eta ikerketa zientifikoa eragotzi dituela baieztatu du; arriskuan jarri duela legezkoa dena ere; eta berrikuntza eta konpetentzia eragotzi dituela. 

ACTA: AEBetako legedia mundu osora

Baina zu lasai zaude. Azken finean, horiek yankien aferak dira. Edo... ziren? Entzun al duzu zerbait “Anti-Counterfeiting Trade Agreement” (ACTA) izeneko akordioari buruz? Ez, ez da harritzekoa. Orain dela gutxi arte isilpean eduki dute. Baina ezagutzeko modukoa da, mundu osoko 40 herrialde ari baitira horretaz eztabaidatzen, G8koak buru eta Europar Batasuna ere tartean dela. Eta, portzierto, inolako nazioarteko erakunde kontuan hartu gabe ari dira lanean, konspirazioen teoriak gustuko dituztenei bazka ederra emanez; baina, eta hau da garrantzitsuena, horrelakoekin fidakaitz direnak ere larrituz.

Egitasmoaz dakigunarekin, beldurtzeko arrazoiak badaudela dio, adibidez, Nate Anderson Ars Technica webguneko editoreak. Otsailean publikatutako artikuluan irakurri diogu: “Badirudi ACTA estrategia bat dela AEBetako DMCA mundu osora zabaltzeko”. Beste gauza batzuen artean, nazioarteko akordio horrek Interneti galbahea jarri nahi dio, webgune batzuk ikusi ez ditzazun. Egile eskubideak errespetatzen ez badituzu, abisu bat bidaliko dizute; tematzen bazara, beste bat; eta hirugarren abisuarekin, Interneteko konexioa moztuko dizute. Interneteko zerbitzuen hornitzaileak ere saltsan sartu ditu ACTAk. Copyright-urratze baten berri jasotzen badute, beren zerbitzarietan dagoen edozein eduki ezabatu behar dute. Eta hori egingo dutela ziurtatzeko, enpresa horiek berak sartu dituzte susmagarrien zakuan: ACTAk ez ditu zuzenean jazarriko, baldin eta edukiak kentzeko konpromisoa hartzen badute copyright salaketak jasotzen dituztenean. Enpresak bihurtzen dira  aizkora dantzatzen duten borrero.

Baina, nola jakin nor ari den copyrighta urratzen eta nor ez? Hor dago koska: ACTAk Internet estatu polizial bihur lezake, bidea libre uzten baitu mundu guztiaren jarduerak espiatzeko. Ez da guk esana, Peter Hustinxek baizik. Hustinx Datu Babeserako Europako Ikuskaria da eta aurtengo otsailaren 22an hogei orrialdeko adierazpena eman du argitara. Kexatu egin da, Europako Komisioak ez diolako akordioari buruz ezer galdetu. ACTAz, besteak beste, nabarmendu du hainbat praktika ezartzen dituela “oso erasokorrak norbanakoen esfera pribatuarentzat”; internauten jardueren “monitorizazio orokortua” sortzen duela “baita erabat legezkoak direnenak ere”; eta milaka erabiltzaileri eragiten diela, “haur eta nerabeak tarteko”; baita, jazarpen hori talde pribatuek egingo luketela ere, kontrol publikorik gabe. “Jabetza intelektuala gizartearentzat garrantzitsua da eta babestu behar dugu, baina ez genuke jarri behar norbanakoen oinarrizko eskubideen gainetik”.

Hadopi, Sinde eta gu, euskaldunok

Oraindik ere kontua urrun ikusten duzu ordea. Europar Batasuna, nazioarteko akordioak... “Tokitan daude! Ez dira iritsiko nire etxeko ordenagailura!”. Bada, ez, ez dira iritsiko; edo ez hain urrundik behintzat. Baina ogitarteko franko-espainiarraren erdian gaudenez, eskubideen zikiro-janak bete-betean harrapatu gaitu dagoeneko; gaiak badaramatza zenbait hilabete bi herrialdeetako eztabaida publikoan. Sarkozyren gobernua Europan aitzindari izan da horrelako neurriak hartzen. Frantzia 2007rako su txikian egosten hasi zen sareko libertate batzuk. Urte hartan, FNAC enpresako buru zen Dennis Olivennes-ek txosten bat aurkeztu zuen Eliseoan, Interneteko “deskarga ilegalak” borrokatzeko eta sarean “eskaintza kultural legala” bultzatzeko. Paper horietatik abiatuta –enpresa pribatu baten interes partikularretatik, alegia– akordio batera iritsi eta 2008ko ekainean Ministroen Kontseiluan lege proiektua aurkeztu dizute, “Sorkuntza eta Internet” izenez bataiatua.

Internauten artean “Hadopi legea” esaten diote, egitasmoak aurreikusten baitu izen hori daukan agintaritza sortzea, botere judizialetik kanpo, eta horren bidez egile eskubideen urratzaileak kontrolatu eta salatzea. Hasierako lege proposamenean Hadopik zuzenean moztu ziezaiokeen konexioa erabiltzaile bati, egile eskubideren bat urratzen ari zela argudiatuta. Kontseilu Konstituzionaletik pasatzean aldatu egin da atal hori, eta 2009ko irailaren 15ean onartu duten legeak, indarrean denak, epaitegiei eman die horretarako eskua; baina prozedura azkarren bidez sar ditzakete artaziak erabiltzaileen konexioetan. Errudun jotzen dituzten pertsonek urtebetez ez dute Internetera konektatzerik izango. Bi urterainoko kartzela zigorrak edo 30.000 eurorainoko isunak ere aurreikusten dira.

Eta horiek datuak besterik ez dira. Frederic Mitterrand Kultura ministroak hobeto deskribatu du legearen arima: “Zuzenbidea defendatzea, sarea utopia libertarioen lurralde bihurtu nahi duten horien aurrean”.

Espiritu horrek gidatuta-edo, 2009an Espainian antzeko lege egitasmo bat ekoizten hasi da gobernua Ekonomia Jasangarriaren Lege Proiektuaren barruan. Zirriborro horretan Interneti buruz esaten dena irakurrita, sarean “Sinde legea” ezizena jarri diote dagoeneko, Angeles Gonzalez-Sinde Kultura ministroaren izenari erreferentzia eginez. Frantziako legearen ahizpa bizkia dela esan liteke: Hadopiren tankerako komisio bat sortzea du helburuen artean, Jabetza Intelektualaren Komisioko Bigarren Sekzioa –“Sección Segunda” espainolez; akronimoan, bizitzaren kointzidentziak, SS ateratzen da–, botere judizialetik kanpokoa hau ere, eta webguneak ixteko baimena izango lukeena, honako baldintzak betez gero: salatutako webguneak egile eskubideak bortxatu izana, irabazi asmo zuzenekin edo zeharkakoekin; baita “ondareari kalte egin gura izatea” ere. Azken esaldi horri Julio Alonso espainiar blogariak inkisizioaren garaiko probatio diabolica delakoen tankera hartu dio, deabruaren froga, alegia; existitzen ez den zerbait demostratu beharra, errugabe izateko. Izan ere, nola erakutsi dezake inork zerbait egiteko gogoa daukan ala ez? Eta, bide batez, zer da zeharkako irabazi asmoa? Galdera asko uzten ditu airean lege-zirriborroak. Alonsoren arabera, idatzita dagoen moduan, txeke zuria ematen die egile-eskubideen kudeaketaz arduratzen diren elkarteei edozein atari ixteko, denbora gutxian eta estatuaren kontura.

Agian horregatik, milaka pertsonak sinatu dute dagoeneko Interneteko Oinarrizko Eskubideen Aldeko Manifestua. Espainiako Internauten Elkarteak bultzatutako testu hori da, oraingoz, “Sinde legea”-ren aurka gehien zabaldu den ekimena. Horrekin batera, hainbat webgunek “Sinderen zerrenda” izeneko autoinkulpazio kanpaina jarri dute abian: Espainiako Industria Ministeriora –Kultura Ministerioarekin batera legearen sustatzaile nagusia– 1.100 ataritik gorako zerrenda eraman zuten joan den astean. Egile eskubideen lobby bati erantzuna izan zen, haiek zentsuratu beharreko 200 webguneko zerrenda publiko egin baitzuten.
Ikusteko dago Frantzian bezala legearen tramitazioak aurrera egin ahala apur bat bigunduko ote den, baina mobilizazioek erakusten dute herritar askok beren burua mehatxupean ikusi dutela.

Bestelako kultura eredu baten alde

Lege guztiok antzeko prozedura jarraitu dute: industria kulturalaren presioei men eginez sortu dira; funtsean webguneak ixteko eta erabiltzaileei konexioa mozteko erraztasunak eskaintzen dituzte denek. Horregatik, ez da gehiegikeria esatea Interneteko erabiltzaileen eskubideek mehatxu globalari aurre egin beharko dietela aurrerantzean.

Baina erresistentzia jarrerez gain, alternatibak eskaintzea inoiz baino beharrezkoagoa izango da. Egile eskubideen aferekin lotuta zenbat eta neurri legal zorrotzagoak iragarri, orduan eta garrantzi handiagoa hartuko dute bestelako kultura eredu baten aldeko proposamenek. Aitzakia copyrightaren urraketa izan baita orain arte; eta Interneten dabiltzan edukiak morrontza horretatik libratuz gero, ez da egongo nondik eskua sartu.

Beraz, hein handi batean, edukien sortzaileen eta hartzaileen erabakiaren araberakoa izango da etorkizuna. Aurrenekoen ardura da edozein gauza sareratzen dutenean lizentzia librea jartzea; bigarrenena, lizentzia askeko edukien aldeko hautua egitea. Eta gaiaz kezkatuta dagoen edozeinena, eztabaida sustatzea.


Lotura interesgarriak


- ACTA akordioan Interneti dagokion atala (pdf)
- ACTAri buruz Nate Andersonek Ars Technican idatzitako artikulua
- Peter Hustinx Europako Datu Segurasunerako Ikuskariak ACTAri buruz egindako adierazpena (pdf)
- Openacta.org: ACTA akordioaren edukia ezagutzera eman dezaten eskatzen duen webgunea
- Zer da Hadopi legea? artikulua Frantziako L'Express astekarian
- Hamar arrazoi on Hadopi legeari ezetz esateko. Frantziako Numerama webgunean 2008ko ekainean argitaratutako artikulua
- Espainiako Ekonomia Jasangarriaren Lege Proiektua (pdf)
- Deabruaren froga artikulua, Julio Alonso blogariak "Sinde legea"-ren zirriborroa irakurri ondoren idatzia
- Interneteko Oinarrizko Eskubideen Aldeko Manifestua
- Sareko Neutraltasuna zer den azaltzen duen bideoa gaztelaniaz Youtuben
- Mikel Olasagastik sarearen neutraltasunari buruz Gaur8n idatzitako artikulua
Diru truke, webgune batzuek faborezko tratua
Alde guztietatik iragartzen diren neurri murriztaileez gain, azkenaldian asko hitz egin da sarearen neutraltasunari buruz –ingelesez “network neutrality”–, arriskuan egon daitekeelakoan.

Esplika dezagun kontzeptua, aurrera egin aurretik: nabigatzailean helbide bat sartzen duzunean, Interneteko zure hornitzaileak ez du gaur egun webgune batzuen eta besteen artean diskriminaziorik egiten. Edo ez luke egin behar. Telefono konpainiak tratu bera eman beharko lioke Argia.com helbideari eta diariovasco.com-i. Gune bat edo bestea lehenago zabaltzea bestelako faktoreen araberakoa da, baina hornitzaileak jarrera neutrala izan behar du. Interneteko oinarrizko arauetako bat da hori, zeinahi edukitara iristeko askatasuna bermatzen duelako.

Eta printzipio horren kontra egin zuen, adibidez, Interneteko hornitzaileei buruzko proposamen bati Europako Parlamentuan egin zitzaion zuzenketa batek. Iazko martxoan izan zen: eskuineko diputatu zenbaitzuk ontzat eman zuten telekomunikazio enpresek eduki batzuei faborezko tratua ematea, beste batzuk mantsotuz. Aitzakia? Gaur egungo ereduarekin jarraituz gero, sareak ez duela eutsiko. Erabiltzaileen %1ek sortzen duela trafikoaren %20. Beste %20 batek sareko joan-etorri guztien %60 erakartzen dituela. Nolabait bideratu beharra dagoela hori. Diruarekin, noski. Beraz, gehien ordaintzen duen gunea ikusiko du azkarrago internautak.

Zuzenketak ez zuen aurrera egin, baina ez da izan sareko neutraltasuna mahai gainera atera den azken aldia. AEBetan ez bezala, telekomunikazio enpresek jarrera lagunkoiagoak topatu baitituzte Europako politikarien artean, ukiezina zirudienarekin negozioa egiten saiatzeko. Horrek ekarri du azken hilabete hauetan han-hemenka gai berari buruzko adierazpenak entzun izana.
Urrutirago joan gabe, otsailean Cesar Alierta Telefonicako buruak Bilbon adierazi zuen, Google bilatzaileak ordaindu egin beharko lukeela Telefonicaren sarea erabiltzeagatik. Atzetik, Miguel Sebastian Espainiako Industria ministroak esan zuen ikertzeko moduko aukera dela.

Eta arazoa da, agian Google-ek ordain diezaiokeela Telefonicari. Baina aurrekari arriskutsua ezarriko luke gainontzekoentzat. Zer gertatuko litzateke, berbarako, logika bera informazioaren esparrura zabalduz gero? Komunikazio talde handien webguneek abantaila lehiakor are handiagoa izango lukete Interneten, buxet gizenagoak dituztenez. Orain arte ezagutu dugun Internet eredua goitik behera aldatuko luke.

Mikel Olasagasti informatikariak Gaur8n gaiari buruz idatzitako artikuluan garbi adierazi zuen: “Kable edo satelite bidezko telebisten modeloa kopiatu nahi dute, non ordaindu dugunaren arabera telebista kate batzuk edo beste batzuk ditugun aukeran sofan aspertzeko”.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude