Astekaria

 Diskoak 

Melodiaren, distortsioaren eta arriskuaren mugan

Iker  Barandiaran

Iker Barandiaran


2223. alea
2010-03-21
alde 0    kontra 0

Adi Holden::Adi Holden

Danbaka

iraupena ::48'10''

prezioa ::10€

Bergarako talde gazte honetako kideek eskarmentua dute beste proiektu batzuetan: esaterako, Cool Panic talde rockeroan; baina, oraingoan, erregistroz eta testuinguruz erabat aldatu dute. Iraganeko ingelesa  utzi eta euskara hautatu dute; eta rock-and-roll eta power-punk-rocka alboratuta, 1990eko hamarkadako intentsitatea duen rocka hartu dute abiapuntu. Proiektu honekin oso kontzertu gutxi egin dituzten arren, jada erakutsi dute gai direla etengabe esperimentatzeko eta giro berriak sortzeko. Iaz Danbaka lehiaketako Debagoieneko talde onenaren saria eskuratu zuten eta disko hau da emaitza. Ama Say, Cancer Moon, Ironic Cancer Phobia… dira gogoratu dizkiguten hurbileko izenetako batzuk, baina bide propioa darabilte melodiaren, arriskuaren, distortsioaren eta intentsitatearen ertzetan.

www.myspace.com/adiholden

Lehen diruak ez zituen kontzertuak hainbeste baldintzatzen

Musikan “fedea galduta” daukazue?

Fedea ez, aspertuta gaude musikari ez profesionalok zuzenekoak egiteko ditugun zailtasunekin. Lehen, diruak ez zituen kontzertuak hainbeste baldintzatzen. Gaur egun, dirurik sortzen ez duten taldeek jotzeko aukera gutxi dute. Hala ere, badaude “oasiak”, adibidez Bergarako gaztetxea, non ondo tratatzen dituzten musikari guztiak, eta musika zale asko gerturatzen den.

“Ez dezagun ahaztu: harria eta egurra nire sorterria”. Industria artean hazi izanak markatu zaituzte?

Nerabezaroan eskolara joatean egunero Deba ibaia ikusten genuen eta beldurgarria zen; industrializazioaren efektu bortitza airean sumatzen zen. Gainera, taldeko asko industrializazioak bultzatutako immigrazioaren seme-alabak gara. Industrializazioak eta post-industrializazioak bete-betean harrapatu gaituzte, gure nortasuna eta jokaera moldatuz.

Zer eman dizue euskarak? Gertutasuna, mezuekin identifikatzea?

Musikan hastean entzuten genituen talde eta bakarlarien egiteko erara hurbiltzea nahi genuen. Orduan ingelesez abesteko moda zegoen eta gu ere harrapatu gintuen. Hortik pasa ondoren, Adi Holdenekin euskara aukeratu genuen. Eta, bide batez, orain arte kasu egin ez genion alor bat garatu dugu: hitzena eta esanahiena.

Beldurra eta desioa dira diskoaren muina?

Bai, izan daiteke. Beldurra ematen digu gizarteak nola estutzen gaituen. Hipotekak, lanaren estresa, ziurtasun eza, despertsonalizazioa, buruko gaitzak… Iraganean bizitako esperientzia politak desiratzen ditugu; edo irudikatu edo amesten ditugunak. Hori bai, aurrera begira beti.

Zuen kontzertu bakoitza diferentea da?

Oso gorabeheratsuak izan daitezke; gauza berriak egiteko prest gaude. Azkeneko kontzertuan DJ baten laguntza izan genuen, girotze lanetan. Agian hurrengoa bi baxurekin edo hiru gitarrarekin egingo dugu. Musika esperimentazioarekin lotzen dugu.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza