Joxemiel Bidador, idazle, dantzari, filologo, ikerlari, irakasle, euskaltzale, alkate, lagun, bi alabaren aita, otsailaren 26an ospitaleratu zuten, buruan odol-isuria izanda. Joan den asteartean, martxoak 2, hil egin zen. 39 urte zituen.
Albistea, laban hotza, bizkarretik iritsi zen euskal hedabideetara. Askorekin kolaboratu zuen: Euskaldunon Egunkaria, Berria, Euskalerria Irratia, Argia... Ganibet gaiztoak zauritu zuen, halaber, dantza mundua: Duguna taldeko kide, San Lorentzoko dantzen sorreran partaide, Dantzariak aldizkariaren koordinatzaile, beti ikerle, beti langile. Eta aiztoa euskal literaturaren bihotzeraino sartu zen: galdu da Nafarroako euskal literaturak izan duen historialari saiatuenetariko bat; Materiales para una historia de la literatura vasca en Navarra irakurtzea besterik ez dago, horretaz jabetzeko. Liburu horrekin batera aurkeztu zuten, 2004ko abenduz, Baziren, bagara manifestua. Orduan inork gutxik pentsatuko zuen, bost urte pasatxoren buruan, Bidador esaldiko aurreneko hitzera eramango zuenik heriotzak.
Gasteizen ikasi zuen euskal filologia. Laugarren mailan eskatu zioten euskal idazle bati buruzko lana egiteko. Eta Bidadorrek Enrike Zubiri Manezaundi aukeratu. Irakasleak ezetz. Aukera zezala “Bizkaiko idazleren bat”. Ezin dugu jakin nori buruz egin zuen lana; bai ordea, har bat sortu zitzaiola barruan; eta denborarekin, Nafarroa ofizialak herrialdeko euskal idazleei eskaintzen zien tratu eskasa ikusirik –baita, zertarako uka, EAE ofizial eta ofizioso ia guztiak ere–, lanari ekin zion. “Zerbait egin behar zela iruditu zitzaidan” esan zion Alberto Barandiarani Berrian, “zerbait” hori, Nafarroako euskal literaturaren historia ezagutzeko ezinbesteko liburua, aurkeztu zuelarik.
“Zerbait”. Irakurtzen dituzu Bidadorrek Egunkariako Nafarkaria gehigarrian idatzitako “Klasiko bitxi, arront klasiko” saileko artikuluak, eta daukazun sentsazioa da norbaitek, disimuluan, opari handiegia egin dizula. Handiegia esker hitz egokiak aukeratu ahal izateko. Eta sentsazio horrek inguratzen du Bidador bere osoan. Haren lagun Patxi Larrionek baieztatu du, telefonoaren beste aldetik: gizon “abarkaezina” zela, hainbeste eremutan hainbeste lan. Jon Alonsorekin batera idatzia dio testu bat, Biba Bidador. Handik hartu dugu esaldia: “Basamortuan putzua ateratzeko zale, jakinik putzuak badirena, eta bilatu egin behar direna. Ez ohi dugu sinesten zerbait ostu digutela, ez eta sinesten dugulako plantak egiten ditugunean ere. Joxemielek gure buruarengan sinesteko indarra ematen zuen bere jakinduriaz”.
Eta jakinduria hori oparitzeko trabarik ez: batek oroitu du zein eskuzabal utzi zion bere ordenagailutik nahi adina artxibo kopiatzen, kafe bat prestatzera joanda; beste batek dio irakaslerik onena bera zela; hirugarren batek, Bidadorrekin hitz egiten zuenero, zerbait ikasten zuela. Erudizio horren parte bat utzi du liburu eta artikuluetan. Gaur malkotarako diren begiek, irakur ditzatela bihar merezi duten arretaz.
[Bidadorrek Egunkarian eta Diario de Noticiasen idatzitako artikuluak bildu dituzte armiarma webgunean]
1# | Ekaitz Santazilia | 2010-03-11 20:14:34
Ohar ttiki bat. Zinez garrantzirik gabea, baina egiaren alde:
Egunotan behin eta berriz anitz lekutan errepikatu bada ere, Joxemi ez zen San Lorentzoko dantzen sorreran partaide zuzen izan. Are gehiago, danzanteen estreinaldiko lehen alineazioan ez zegoen, denak baitziren orduan Iruña Taldeko dantzari. Egia da hasi eta segituan sartu zela eta geroztik lan bikaina egin duela (taldearen bilakaeran eragin handikoa izan da haren aportazioa). Sorreran egon ez arren, gaur egun era guztiz aktiboan hartzen zuen parte (esanen genuke gainontzeko taldeetan baino gehiago) eta hori gutxi aipatu izan da. Hortaz, bapateko galera hau arras bortitza izan da San Lorentzoko danzanteendako, ez hizkuntzalaria, edo ikertzailea joan delako soilik, baizik eta adiskidea, partaidea galdu dugulako. Ez da urtebete ere pasa Paternainen bildu ginenetik, edo Gaitero egunean Laguardiako karrikak dantzan zeharkatu genituenetik.
Danzanteen hurrengo bilkurak dudarik gabe ez du ohi bezalako gozotasunik izanen, hutsune nabarmena izanen baitu.
Ekaitz
San Lorentzoko Danzanteak
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa