Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2010-07-29 12:11:05
Nontzefilmak 2010-era lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak

2010-03-07 -- 2221.zenb

Elebitasun pasiboa

Zuk egin erdaraz, nik euskaraz egingo dizut

Onintza Irureta

Euskaraz hitz egin ez baina ulertzen duenari egiten al diogu euskaldunok euskaraz? Berari mihia askatzen laguntzen al diogu? Hizkuntzen arteko urruntasunak nolako eragina dauka? Elebitasun pasiboa delakoak aukerak zabaltzen dizkie euskal hiztunei, eta erdaldunei euskarara hurbiltzeko parada eman.

IV. Mapa Soziolinguistikoaren arabera, 2006an arabarren laurdena elebiduna zen, %17,8 elebidun hartzailea eta %57,3 elebakar erdalduna. Euskal hiztunak erdaldunari eta elebidun hartzaileari gaztelaniaz egingo balie, 217.278 arabarri egingo lieke. Aldiz,  elebidun hartzaileek euskara ulertzen dutela kontuan hartuta haiei euskaraz egingo balie,  165.759 arabar elebakarri egingo lieke gaztelaniaz. Aldea badago.

Papereko kalkulu hotza baino ez da, baina elebitasun pasiboaz hitz egiten hasteko aztarnaren bat edo beste ematen du. Alegia, euskal hiztunari euskaraz aritzeko aukerak biderkatzen zaizkio elebidun hartzaile edo pasibo izendatutako horiei ere euskaraz eginez gero. Beste gauza bat da zenbateraino baliatzen ditugun dauzkagun aukerak. Zenbat aldiz entzun edo esan dugu, “ez du euskaraz egiten, baina dena ulertzen du, e!”. Eta ez diogu euskaraz egiten.

Ez dakienari euskaraz egitea ez da onuragarria euskara hiztunarentzat soilik, baita erdaldunarentzat eta euskara ikasten ari denarentzat ere. Euskarara hurbiltzeko modua litzateke ulermena lantzea, gero poliki-poliki, hitz egiten hasteko, EGA mailako euskara lortu arte zain egon gabe. Beldurrak, lotsak... beti mahai gainean ditugu.

Sentsazio horien berri ederki adierazi zigun Durk Gorterrek, soziologo herbeheretarrak, Argian egindako elkarrizketan (2188. zbk., 2009-06-14). Bera Euskal Herriko Unibertsitatean ari da lanean eta euskara eta gaztelania ikasten ari da. Hizkuntza kontuez ari zela ondokoa esan zuen: “Oso deigarria egin zait hemen, jendeak ingelesa erabili aurretik “my english is not very good (nire ingelesa ez da oso ona)” esaten dizula. Nik uste jendearen iritzia dela, maila bikaina izan arte, ezin dutela erabili. Ez da inolaz ere egia. Erabiliz ikasten da!”. Eta euskarari buruz: “Euskaltegiko ikasleak hanka sartzeko beldur dira. Garrantzitsua da testuingurua kontuan hartzea. Nik elkarrizketa hau ezin dut gaztelaniaz edo euskaraz egin, ez dut nahikoa mailarik. Testuinguru honetan garrantzitsua da niretzat ongi azaltzea. Baina beste testuinguru batzuetan euskara edo gaztelania erabili egin behar ditut ikasiko baditut. Hemengoa oso fenomeno interesgarria iruditzen zait, arrazoi konplexuek eragindakoa”.

Pasiboa baino, aktiboa

Elebitasun pasiboa terminoa darabilgu hemen, asko zabaldutako terminoa delako eta errazago aritzeko, baina batek baino gehiagok adierazi digu terminoa ez dela batere egokia. Bi hiztunek elkar komunikatzeko ahalegina egiten duten momentutik, jarrera pasiboa baino aktiboa da. Eta horrekin lotuta dago distantzia linguistikoaren kontua. Koldo Biguri itzultzailearen hitzak dira ondokoak: “Euskarak ez dauka inguruko hizkuntzen antzik, ulertezina da beste hizkuntzetako hiztunentzat, eta horregatik elebitasun pasiboa deitzen den hori ezinezkoa izan da hemen. Elebitasunaren ordez hizkuntz ordezkapena jasan izan dugu aurreko mendeetan, eta oraindik ere ari gara jasaten”. Esate baterako, katalanaren eta gaztelaniaren arteko distantzia linguistikoa askoz ere txikiagoa da eta katalanak aspalditik saiatu dira aukera hori baliatzen. Norberaren hizkuntza albo batera utzi gabe bizitzen eskarmentu handia dauka Ferran Suay psikologo valentziarrak. Euskal Herrian ezagunak dira bera eta Gemma Sanginés emaztea, TELP tailerrak (Taller d'Espai Lingüístic Personal) eman izan dituztelako. Suayren blogean irakurri dugu duela gutxi gertatu zaiona: autoa bateriarik gabe geratu eta auto aseguruari deitu dio. Telefonoaren bestaldekoarekin hiru-lau elkartruke egin ditu eta norberak bere hizkuntza mantendu du, Suayk katalana eta auto asegurukoak gaztelania. Orduan aseguruko langileak: “Barkatu, ez dizut valentzieraz egiten, gaztelaniaz erosoago nago”. Suayk esan dio ez dagoela inolako arazorik, berak gaztelaniaz oso ondo ulertzen duela, eta bere egoera berean aurkitzen dela, hau da, erosoago ari dela valentzieraz gaztelaniaz baino.

Valentziarrak blogean anekdota xume hori kontatu du hiru kontu interesgarri ikusi dizkiolako: hizkuntza desberdinetan ari diren bi hiztunek egoera erraz konpondu dutelako, inolako iskanbilarik gabe, eta bietako inork hizkuntza aldatu beharrik gabe. Langileak ez zuen esan valentziera ez zekienik, baizik eta gaztelaniaz erosoago sentitzen zela eta hori –dio Suayk– eztabaidaezina da. Era berean, besteari (kasu honetan bezeroari) ez dio eskatzen hizkuntza aldatzeko. Suayren ustez, langile hura edukazio onekoa eta argia izan zen, egoera elegantziaz bideratu zuen.

Hizkuntza alternantzia txarto ikusita dago

Esti Amorrortuk, hainbatekin batera, Erdaldunen euskararekiko aurreiritziak eta jarrerak (Eusko Jaurlaritza, Kultura Saila) liburua idatzi zuen iaz. Argian egindako elkarrizketan (2207. zbk., 2009-11-22) ondokoa esan zuen: “Pertsona bat nahiz eta euskaldun oso ez izan, ulertzeko gai bada, zergatik hitz egingo dugu gaztelaniaz? Nik euskaraz eta berak gaztelaniaz saiatu beharko genuke edo gauza errazagoak esateko euskaraz eta zer edo zer ez badugu ulertzen gaztelaniaz eta gero berriro euskarara pasatu. Ez diogu eskolan, baina lagunartean zergatik ez erabili hizkuntza bat baino gehiago? Itxaron behar badugu koadrilako denak euskaldun oso izan arte sekula ez dugu euskaraz egingo”. Aitor du jarrera preskriptibistek indarra izan dutela eta dutela, alegia ez dagoela ondo ikusia bi hiztun norbera bere hizkuntzan aritzea edo hiztun bakarra hizkuntza batetik bestera igarotzea. Aldiz, Amorrortuk dio hizkuntza alternantzia baliatu egin behar dela. Mendebaldeko herrietan ez, baina hizkuntza aniztasuna aspaldikoa den herrietan, Kamerun edo Indian esate baterako, Amorrortuk dio jendeak zazpi hizkuntza dakizkiela eta denak erabiltzen dituela; bat halakorekin, bestea bestelakorekin, gero solaskide bakarrarekin hizkuntza bat baino gehiago... arazorik gabe.

Bizkar-zorroa beteta daukagu, arindu beharrean, bai euskal hiztunek, bai bidean direnek eta ez direnek. Hor dira lotsa, beldurra, errespetu kontuak, pazientzia eza, erosotasuna... Edozein urrats, txikia izanagatik, da onuragarri hiztunentzat, beti ere eta Mertxe Mujika AEK-ko koordinatzaileak esan digun moduan, jomuga euskaraz biziko diren euskaldun osoak direla.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan