Astekaria

 Bestelakoak 

Ondorioetaz

Eider Alkorta

Eider Alkorta


2220. alea
2010-02-28
alde 0    kontra 0

Ezker Abertzalearen estrategia politikoaren barne eztabaidaren ondorioak eskuartean ditugu. Espekulazioak ordea ez dira erabat etengo, Zutik Euskal Herria ebazpenak interpretaziorako abagune batzuk zabalik uzten baititu.

Aurreko batean ETAren azken komunikatuaren ondotik, kazetari batek komunikatua kritikatu zuten alderdiei berau irakurri ez izana eta horrelako berrien aurrean egin beharreko hausnarketa aldez aurretik prest izana aurpegiratzen zien. Litekeena, baina bestaldera ere aplikagarria, ETAk esaten duena esanda ere, balorazio baikorra egiten duenik ere bada. Ezker Abertzalearen barne eztabaidarekin ere antzeko, bertan parte hartu dutenak asko dira, are gehiago egon ez direnak eta are gehiago txostena irakurri ere egin ez dutenak.
Zenbaitentzat ordea, hau ez da oztopo iritzia emateko, eta hemen hiru faktore azter genitzake behinik behin. Fedearen faktorea dugu batetik, zerbait berria esango dutenaren fedea dutenak eta urte eta prozesu ezberdinen poderioz fedea galdu dutenak. Bigarrena itxarobideena litzateke, zerbait espero duenak zerbait gal dezake, eta itxarobiderik ez duenak ez du ezer galtzen, agian irabazi. Hirugarrena ezagutzarena da, jakinaren gainean daudenak eta jakitun moduan dihardutenak.

Ezagutzaren gailentasuna agerian utzi nahi izan dute batzuek, baikor edo ezkor gara badakigulako zer dagoen sukaldean. Baina fede kontua ere bada batzuetan, eta “uste dut” eta “sinetsi nahi dut” errepikatzen dute “jakin badakit” baten ordez. Halere, itxarobideak izan daitezke ondorioen balorazioen norabidea gehien baldintzatu dezaketenak. Aralarren remake bat espero dute batzuek, eta itxarobideak horiek badira Jone Goirizelaiak ez du arrazoirik izanen eta “hotz” utziko ditu asko eta asko. Itxarobideak ziklo berri baten lehen pausoari lotzen badira aldiz, seguruenik iruzur egin diotenaren sentipena askoz ahulagoa izango da.

Ondorioek hortaz, zerbait argi dezakete euskal panoraman, baina eragile batzuen ondorengo praxia ikusi arte, intentzio adierazpenen uretan gabiltza. Barne erresistentziak denek dituzte eta etxetik eredu gisa ikusi dira Irlandako prozesua eta orain hain modan jarri duten Hegoafrika. McGuinness IRAko buruzagi ohiak, IRA Continuityren atentatu baten aurrean dei egin zien herritarrei irlandar poliziarekin kolaboratzeko, traidore deituz erakunde armatuko kideei. Prezio altua dudarik gabe, han eta hemen.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza