Euskara bai, baina nola?

Ezagunak dira euskararen inguruan hartu berri diren hainbat neurriek sektore euskaltzaleetan eragin dituzten kezkak. Izan ere, politikari batzuentzat egokia ez ezik nahikoa den planteamenduak, beste sektore batzuen aburuz, galbidera darama euskara.
Zergatiak bilatzen hasita, hizkuntza-jarrerei erreparatu behar diegu. Azken finean, gizartean nagusitzen diren jarrerak dira hizkuntza baten eta bere hiztun-taldearen oraingoa eta etorkizuna markatzen dituztenak.

Euskara, EAEko izaeraren ardatz-irudikaria da; alegia, ezinbesteko ezaugarri bihurtu zaigu erkidego honetako biztanle gehienentzat, eta altxor kultural hori zaindu beharra dagoela erabat barneratua dago Euskal Herriko geografia zati honetan. Jarrera horrek duen onarpen zabala egiaztatzeko aukera izan dut hainbat informazio bilketaren eskutik; ez dago duda izpirik. Egia da, egungo balioen hierarkian halako kultura-ikurrak ez direla gizartean lehentasuna hartzen dutenak, baizik eta –Zygmunt Baumanen irakaspenei jarraiki– kontsumismoaren inguruan eraikitakoak. Dena den, euskara askorentzat bigarren mailako gaia dela jakinda ere, biztanle gehien-gehienek euskal izaeraren osagai garrantzitsutzat dute gure hizkuntza, “nola edo hala” ulertuta.
“Nola edo hala” horretan datza gakoa, alegia. Izan ere, euskararen biziraupena ziurtatu behar dela zalantzan jartzen ez den arren, benetako auzia da nolako biziraupena eta hori “nola” bideratu argitzea. Euskara hizkuntza nagusi gisa –eleaniztasunaren ezinbestekotasuna gogo onez zein txarrez onartuta?– edo gaztelaniarekin batera, biak ala biak berdintasun eta oreka egoeran? Ala gaztelaniaren apaingarri folkloriko gisa, egungo diglosia egoera ontzat emanda?

Galdera horien aurreko erantzuna nolakoa, orain arte euskararen normalizaziorako egin diren ahaleginen balorazioa halakoa, hurrenez hurren, honakoak: a) gutxi egin da eta abiadura horretan ez da inoiz normalduko; b) aurrerapausoak eman dira, baina jarraitu behar da, bi hizkuntzen arteko oreka lortzeko oraindik falta da-eta; c) euskararen egoera hobetzeko nolabaiteko neurriak beharrezkoak diren arren, azken hamarkadetan ezarri diren derrigortasuna eta inposaketa jasanezinak dira. Alde ederra, bistan da, mutur batetik bestera doana.

Posible al da desadostasun horren gainean etorkizun oparorik eraikitzea euskararentzat? Ezezkotan nago, batzuentzat hartu beharreko neurriak direnak, besteentzat askatasun eta eskubide pertsonalaren kontrakoak direlako. Are kezkagarriagoa, neurrien inguruko balorazio kontrajarri horiek hizkuntza-gatazkari irekitzen diote atea, zabal-zabalik.

Ataka larri honen sorburua zein izan da? Batetik, hizkuntza-politikaren inguruko helburu partekaturik ez egotea; ez, behintzat, gizarte gehiengo zabal-zabal batentzat. Bestetik, gizartearen baitako kontsentsu falta horretan oinarritutako tentazioa saihestezina izan da alderdi politikoentzat; hots, euskararekiko politikak arma erasokor gisa erabiltzea.

Badago horren azpian, hala ere, arrazoi sakonago eta funtsezkoago bat: soziolinguistikaz gizartean dagoen ezjakituria. Izan ere, gizarteak ez daki hizkuntza bat berreskuratzeko zer-nolako neurriak hartu behar diren; ez daki hizkuntzaren egoera ahula neurri bereziekin konpentsatu behar ote den; ez daki euskal hiztunen eskubideak zein gutxi errespetatzen diren...; hainbat gauza ez daki! Ezjakintasun horrekin, jendeak ezin du neurri batzuen premia ulertu, hizkuntza ikasi edo jakin beharra baino ez du ikusten eta, sentimendu horiekin, txotxongilo bat da alderdi politiko batzuen eskuetan. Hauek, lan pedagogikoa egin partez, gizartearen zalantzak eta kezkak baliatzen dituzte euren interesak lortze aldera.

Hortaz, euskararen arriskuez eta soziolinguistikaren konplexutasunaz gizartea ongi jabetuta egotea da egoera hori iraultzeko abiapuntua. Baten batek zioen politika gauza garrantzitsuegia dela politikarien eskuetan uzteko; euskara ere bai.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude