Astekaria

 Liburuak 

Argilunen liburua

Igor Estankona

Igor Estankona


2220. alea
2010-02-28
alde 0    kontra 0

Patxi Zabaleta ::Bizi!

Pamiela

orrialdeak ::166

prezioa ::16€

Hogei urtean ahotsa aldatzen zaio pertsonari, heldu egiten dira oroitzapenak, iraungi segurantzak, poemak pilatu kajoietan. Gorka Trintxerpe itzuli da izena aldatuta, eta beste Euskal Herri bat kausitu duela kontatu digu. Begiratu dio neska-lagun gazteari, eta ederrak iruditu zaizkio haren tximurrak. Aspaldiko lagunak haserretzen zaizkizunean politikagatik, eta ez dakizunean zer egin Petillatik Balmasedara oraindik egiteke dagoen Nafarroarekin, malenkonian erortzea normala da. Eta hala ere Bizi! ez da liburu malenkoniatsua. Poesia soziala da –soziala zentzu zabalean–, uneka distiratsua, orokorrean geldoa.

Iradoki baino definitu egiten ditu Zabaletak maitasuna, zahartzaroa, pena eta izpirituaren indarra, beti ere Bizi! aldarrikatuz, alegia, merezi duela. Zelan ez, hain aro luzea hartzen duen poemategian, kontraesanak ere badaude. 55. orrialdean dio: “Nork ez daki mesedea ez dela zor/ eta mesede zor zaionari/ ez dakiokeela noski,/ deitu adiskide?”. Eta 62. orrialdean, ostera: “Zahartzaroan, behin agureturik/ esker txarrak hunkitzen nau gehienik/ lagunen eta adiskideen esker txarrak, alegia/ mesedetuen esker txarrak”.
Baina kontraesan horietan eta konfesio antzeko poemetan ibiltzea atsegina egin zaigu, kiribiletan, errimetan eta hitz-joko behartu xamarretan galtzen ez denean, sakontasuna hartzen dutelako poemek. Diskurtsoaren eta lirismoaren arteko oreka bilatzen duten pasarteekin gozatu dugu, horratik, gehien. Diskurtso poematua darabil Zabaletak bide, diskurtsoa du mailu, eta poesia mamuen kontrako sendabide. Baina diferentzia handia dago Telesfororen makilaren artean –zaharkitua, gatzbakoa, bertsolarizatua– eta Gaza-ko ghetoaren artean –poesia konprometitu beti zailaren adibide duina–. Bestalde, irakurlea konbentzitu nahi ez duenean funtzionatzen dute hobeto poemek, Argia joan zenean ederrean lez.

Liburua penduluaren antzera dabil, batzuetan hizkuntzaren menpe eta beste batzuetan formaren kateak hautsiz, arnas narratibo luzeko elkarrizketa poematu bihurtu arte. Sentimenduen eta ideien artean hautatu ezinik –zertarako, bestalde, hautua egin?–, Arrano Beltzaren hegaldiarekin amaitzen da liburua, “hegalak zabal atzaparrak esku”.

Exijentzia handikoa da Bizi!, irregularra eta pazientziaz irakurtzekoa, hogei urtean bildutako fruituak ez dira-eta denak batera jatekoak.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza