Astekaria

 Bertso berriak 

Ane piratari jarriak

Uxue Alberdi

Uxue Alberdi


2220. alea
2010-02-28
alde 2    kontra 0
I
Zer da beldurra? Zer da denbora?
Zer, kimioa tantaka?
Zure ohea barku bihurtu
belak zabaldu ta hanka!
Koloretako zapia jantzi,
lotu egurrezko hanka,
tira sokari, igo mastara,
eman haizeari branka...
mundu berrien bila joan zaigu
maitasunaren pirata.
II
Eskuak hoztu, oinak isildu,
kolorez hustu azala;
ilea hosto gorri bihurtu
zainetan sua doala;
aho morean hortz zartatuak,
betazpietan itzala...
Ta bat-batean irrifar batek
irentsi du ospitala...
Munduarekin halere pozik
baldin bazeunde bezala.
III
Aita ta ama ohe ertzean
esertzen zirenerako
oinekin ezin ta begiekin
egiten zenuen salto.
Bi ezpain ertzak gora begira:
ilbehera gau beltzerako,
haurrak sehaska bat eraiki du
bere gurasoentzako...
irribarrea kulunkatzea
errazagoa delako.
IV
Ez gara hezur, ez gara mami:
ura gara, soilik ura!
nola aingurak labaintzen diren
itsasoetan barrura.
Bi begi beltzak bi amu dira
bi galdera, bi lotura

esanak sare; izana, berun
irribarrea, aingura...
gure bihotzen hondoa jo du
eta bertan geratu da.

V
Orain bandera haizetan dago,
orain hautsi da anfora;
itsasontziak ihes egin du
zeruertzetik kanpora.
Hautsi zaizkigu ordulariak,
traidore bat da denbora!
Zure izena oihukatzen dut
olatuen erritmora...
ta pentsatzen dut nire pirata
irribarrez egongo da.
VI
Irribarre bat dut ezpainetan
itsasoari kantari;
irribarre bat dut ezpainetan
ta begietan Kantauri;
irribarre bat ipini diot
malko gazi bakoitzari;
irribarre bat ausardiari,
minari, maitasunari…
Zenbat irrifar zor dizkiogun
zure irribarreari

Doinua: Itsasoari begira.

Bidali zure sortak bertsoak@argia.com helbidera. Aukeratuak orri honetan argitaratuko ditugu.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
  • 6# | Nerea | 2010-04-19 10:48:22

    Nola lor dezaket doinu hau entzutea??
    Bertsozaleko doinutegian ere ez dut aurkitzen.

  • 5# | Uxue | 2010-03-03 08:23:53

    Eman eskerrak Aneri, berak idatzi zizkidan. Azken puntu erdia falta zaiela ohartu naiz: "zenbat irrifar zor dizkiogun/zure irribarreai". Muxuak.

  • 4# | asiertxo | 2010-03-02 22:32:48

    aupa uxue.ez daukat hitzik.segi holaxe,ane bezain pirata bihurria izaten.txoko marrubizko muxuak.oroimenean gordeko ditugun bertsoak dira.

  • 3# | mai | 2010-03-01 23:33:59

    ze polittak. Ane beti bihotzean

  • 2# | Jon Lizarralde | 2010-02-27 13:43:28

    Oso oso bertso politak Uxue, nere zorionik beroenak, Anek merezi zituen.

1 - 2 orrialdea

Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia