Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

ARGIA.com-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2010-03-17 16:27:56
Nontzefilmak 2010-era lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak

2010-02-07 -- 2217.zenb

Nagore Irazustabarrena

Basilio

Bizantzio, 976ko urtarrilaren 10a. Basilio II.a (958-1025) enperadore izendatu zuten. Militar, estratega eta administratzaile bikaina izan zen, eta ahultzen ari zen Bizantziar Inperioari aurreko 500 urteetan ez bezalako hedapena eta indarra handiena eman zizkion. Gerran garaipen handiak lortu arren, borrokak ez zuen itsutzen –bera behintzat, ez–; horrenbestez, zentzu praktikoak hala eskatzen zuenean, bake itun onuragarriak sinatzen ere bazekien.

Horixe egin zuen errusiarrekin. 979. eta 989. urteetako matxinadak indarrez itzali zituen baina, azkenean, Vladimir I.a Kievekoarekin bakea adostu zuen. Arabiarrekin, aldiz, ez zuen negoziaziorik behar izan, erraz hartu baitzituen mendean. Hala, pixkanaka, Bizantziok galdutako zenbait lurralde berreskuratuz joan zen.

Baina bulgariarrak etsai gogorragoak ziren. Bulgariako Samuel erregeak Tesalia inbaditu eta Larisa hartu zuen 985.ean. Hurrengo urtean, Basilio II.a, 30.000 soldaduko armadaren buru, Sredets (egungo Sofia) hartzen saiatu zen, baina ez zuen hirian sartzea lortu. Bizantziarrek atzera egin zutenean, bulgariarrek eraso zieten; Basilio II.aren porrota lotsagarria izan zen eta ez zuen berehalakoan ahaztu.

Bulgariarren eta bizantziarren arteko gerra 1002an hasi zen eta hamabi urte iraun zuen. Urte horietan bi indarrak pareko ibili ziren. Baina 1014ko uztailaren 29an, Kleidioneko guduan, Samuel erregea handik zenbait kilometrora zegoela, Basiliok armada bulgariarra suntsitu zuen. Hortik aurrera Basilio II.ari Boulgaroktonos esan zioten, hau da, bulgariarren hiltzailea. Balkanetako gerra luze horretan bere soldaduek bulgariar asko hil zituzten, noski, baina agian egokiagoa litzateke enperadoreari “bulgariarren itsutzaile” esatea. Izan ere, Kleidioneko gudua amaituta, 14.000 bulgariar soldadu hartu zituen preso eta ia guztiak itsu utzi zituen. Ehunetik bati begi bakarra kendu zion, begibakarrek itsuak Samuel erregearenganako bidean gida zitzaten.

Bulgariarren erregeak ederki zituen bi begiak eta, kondairak dioenez, itsuen armada menperatua iristen ikusi zuenean, tristurak jota hil zen.

Nagore Irazustabarrena

70eko hamarkadaren hasieran, petrolioaren prezioaren igoerak kinka larrian jarri zuen jostailuen industria. Plastikoaren prezioa, petrolioaren eratorria izanik, zazpi aldiz biderkatu zen. Zenbait jostailu ezagun, hoola hop-a esaterako, ez ziren bideragarriak.
Geobra Brandstätter enpresa alemaniarrak Hans Beck diseinu-buruaren produktuetako bat ekoizten hastea erabaki zuen: Playmobil panpinatxoak. Txikiak ziren –eta, beraz, merkeak– eta jolaserako aukera asko ematen zituzten. 1974an aurkeztu zituzten Nüremberg-en eta bi urte geroago click izenez iritsi ziren Hego Euskal Herriko jostailu dendetara. Ordutik 2.000 milioi playmobil saldu dira mundu osoan.

Orain Parisko Les Arts Décoratifs museoak 7,5 zentimetroko figuren 35 urteko historiari egin dio errepasoa, ekainaren 9ra bitartean zabalik egongo den erakusketan.

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan