Astekaria

 Bestelakoak 

Sufrimenduen testigu

Arantxa Urbe

Arantxa Urbe


2215. alea
2010-01-24
alde 0    kontra 0
Arantxa Urbe
Arantxa Urbe

Belarritik tira egin digu hezitzaileoi Gasteizko Hezkuntza Sailak, Euskal Curriculumaren bidez, euskara medio, ikasleak doktrinatzen ari garelakoan.

Orain, doktrinamendua saiheste aldera akaso, sufrimenduaren biktimak ikasgeletara ekarriko dituztela adierazi du. Antza, laster, dekretu bidez Hiritartasunerako hezkuntza ikasgaian sufrimenduaren biktimen testigantzak ikastera behartuak egongo dira ikasleak. Gainera, ikasgaia, ebaluagarria izango omen da.

Ez dakigu zein irizpide erabiliz –ez behintzat pedagogikoak, demokratikoak, zuzenbidezkoak–, Hezkuntza Saila zuzentzen dutenek esango digute, hain juxtu, gure herrian zein diren biktima eta zein borrero. Hori, ordea, akats zientifikoa izateaz gain, bidegabekeria historiko galanta izango da.

Lortuko ote da, biktima batzuk agertuz eta beste asko ezkutatuz eta ahanzturara kondenatuz, jendarte kohesionatuago baten alde urrats berriak ematea? Eta horretarako ez bada, zertarako eginarazi nahi digute hori dena, benetan?

Beste garai bateko traza du horrek. Orduan, Francok, haiek sortutako altxamenduaren biktimak zein ziren garbi utzi zuen idatzirik historian. Hari, ordea, diktadura faxista deitu zitzaion.

Kontuzko ofizioa da hezitzailearena; aspaldi ikasi genuen ez gu eta ez inor ez garela egia osoaren jabe. Are gutxiago, sufrimenduari, biktimei eta herri honetako historiari dagokionean. Egia txiki askok osatzen dutela egia osoa, alegia.

Geroz eta nabarmenago uzten ari dira hezkuntza agintariak zein ezagutza gutxi duten ikasgeletako bizitzaz. Gerra garaitik desagertuta jarraitzen dutenen, fusilatu zituztenen, kartzelan eta erbestean daudenen, torturatuen eta baita ETAko ekintzak jasan dituztenen etxekoak ditugu ikasgeletan. Langabetuen seme-alabak, lan istripuak pairatzen dituztenenak, tratu txarrak eta genero indarkeria jasan dituztenenak, baztertuta bizi direnenak. Jendarteak bere arazoen isla du ikasgelan. Eta hori guztia kudeatzen dugu egunero, denok elkarbizitzeko ahalegina eginez. Zertarako? Jendarte kohesioan sakondu behar dugulako.

Ez gaitezela gu izan, hezitzaileok, inori bere sufrimendua edo biktima sentimendua ukatzen diogunak. Aitzitik, horiek ulertu eta gehiago eman ez daitezen bideak jartzen ahalegindu gaitezen.

Inor doktrinatzeko asmorik gabe, ez dirudi hori lortzeko bide eraginkorrena gatazkan parte garen inor baztertzea denik. Elkarrizketa eta denen ikuspuntuak entzunak izateak emango ditu emaitzak, berriro.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia