argia.eus
INPRIMATU
Giza simaurretan adituak behar ditu gizadiak
  • Ura, elikadura, erregaia edo alfabetatzearen alderantziz, gizadiaren premia larrien artean ez da aipatzen komuna. Izatekotan “ura eta estolderia” formulan uzten da ezkutaturik. Baina milioika gizakiren gernu eta gorotzak ondo bideratu gabe segitzeak arazo oso larriak dakartza.
Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2010ko urtarrilaren 24a
Wikipediatik hartutako argazkian Haitin herritarrek Our Soil erakundearen laguntzaz auzolanean eraikitako komun lehorrak ageri dira. Altuera baten gainean daude, herritarren eginkariak azpiko biltegian jasotzeko. Urik gabe funtzionatzen dute eta pertsona bakoitzak eginaldi bakoitzean eskukada batzuk zerrauts, txirbil edo sutako hauts jaurti behar ditu zuloan, higienezko neurri moduan eta usainak ekiditeko. Tarteka hustu egiten dira biltegiak eta bertan bildutako simaurra aparte eramango da baratzetarako konpost bihurtzeko. Ez urik, ez estolderia garestirik eta ez depurazio sistemarik behar ez duten komoditate idorrok asko zabaldu dira. Herrialde txiroetan herritarren osasuna bermatzeko adina balio izan dute gizakien duintasuna bermatzeko.
Ez dirudi polita kakaz eta pixaz komunikabideen orriak zikintzea. Azkenerako, gizakion eguneroko beharrak izendatzeak berak buruhausteak ematen dizkigu. Net Hurbil hau, hala ere, kakaz, gorotzaz eta oro har gizakion eginkariez –Gipuzkoako Goierrin “inkaie” usatzen da, hitz polit askoa– ariko da. Aipatze hutsa lotsagarria dirudiena munduak dituen arazo larrienen artean dagoelako.

Bada kontuotaz liburu bat klasikoa: The Last Taboo: Opening the Door on the Global Sanitation Crisis (Azken tabua: komun sistemen mundu mailako krisiari atea zabalduz). Ben Fawcett eta Maggie Black-ek plazaratu zuten 2008an, hain zuzen Nazio Batuen Erakundeak “Saneamenduaren urtea” deitu zuen horretan. Zerbaiten seinale dirudi ur zikinak bideratzeko sareari “saneamendua” deitzea...

Beste askorekin alderatuta zalaparta txikia eragin zuen gai honek 2008an. Haren gaurkotasuna oroitarazteko, Maggie Black-ek artikulu zabala plazaratu du urtarrilean Le Monde Diplomatiqueren frantsesezko eta ingelesezko edizioetan: Le tabou des excréments, péril sanitaire et écologique. Honela hasten da: “Denok egiten dugu ‘hori’ baina ez da esan behar. Txukundadeari lotutako tabuak, hala ere, saihestu litezkeen milioika heriotza estaltzen ditu. Gero eta jende gehiago bizi delarik hirietan, eginkarien kudeaketa hil ala bizikoa da, bai osasunarentzako eta bai giza duintasunarentzako”.

Hona datu funtsezkoa: 2.500 milioi jende bizi da komunik gabe munduan. Planetako populazioaren %38ak konpondu gabe dauka egunero sortzen dituen gorotzen arazoa. Milioika pertsona horiek moldatu beharra daukate edo aire librean libratuz edo osasun baldintza minimoak betetzen ez dituzten sasi-tualetak usatuz.

Herrialde txiroetako baserri eremu gehienetan herritarrek zelai, baratze eta basoak erabiltzen dituzte. Populazioa asko ugaldu denez, higiene aldetik desastre bat da, mota guztietako gaitzak kutsatzen direlako, batik bat haurren artean. Baina gainera gaua aprobetxatu behar da eginkizunotarako, eta horrek baimentzen ditu klase guztietako bortizkeriak, batik bat emakumeek –egun argitan beren beharrak egitea zailago daukatenek– nozitu behar dituztenak.

Hiritartzearekin ez dira gauzak hobetu herrialde txiroetan. Askok lortu dute etxe ondoan instalatzea maila sozialean igo izana erakusten duen komuna, baina azpiegiturarik ezean inguruko parajeetan edo ibaietan pilatzen dira eginkariak, sekulako kutsadura eraginez. Hori horrela da turistaz betetako auzoetako atzeko aldeetan.

Munduan urtean milioi eta erdi haur txiki hiltzen da diarrearen ondorioz, gehienetan saneamendurik ezak eraginik. Beste milioi askok hesteetan edo oinetan daramatzate parasitoak. Baina arazoa da sarritan herrietara edateko ura bera ekartzea baino garestiagoa dela saneamendu sistema antolatzea. Herrialde aberatsetako sareen berdinak ezingo lirateke bere horretan antolatu nazio txiroetan: nondik atera hainbeste diru? Europarra ez da ohartzen zenbat kostatzen den komoditatean utzi duen oparia hodi sistema konplexu batez, ur asko erabiliz, depurazio guneraino eramatea.

Eginkarietan txapeldun

Duela urte eta erdi New Internationalist aldizkariak aipamen berezia egin zien komun sistema herrialde txiroetako herrietara zabaltzen txapeldun diren pertsonei. Titulu hau darama artikuluak: “Komunetako txapeldunak ez dira hain arraza bitxia. Hona hemen zenbait ale nabarmen”.

Kamal Kar da horietako bat. Bangladeshen 1999an hasita Herritarrek Kudeatutako Saneamendu Osoa (CLTS ingelesezko sigletan) jarri du martxan. Irolak subentzionatzeko partez herritarrak mobilizatzea da Karrentzako gakoa. Sistema abiarazi nahi duten herrietan, lehenik auzotarrak eramaten ditu aditu batekin herri inguruak ikustera, “lotsagarrizko ibilaldia” egitera: zelai eta baratzeetan egindako kaka pilak ikusten dira, horiek mapan markatzen eta eragiten dituzten klase guztietako arazoak eztabaidatzen. Gero herritar guztien artean antolatuko dira komun berriak, saneamendu arau zorrotzak erabaki eta horien jarraipena kontrolatzen.

Blindeshwar Pathak 1970etik Indian ari da Sulabh Sanitation Movement animatzen. Honen kasuan, lehen helburua soziala izan zen: Brahmin kastakoak izan dira betidanik gainerako herritarren hondakinak –tartean gorotzak– eskuz atera behar zituztenak. Sulabh sistemarekin komun kolektiboak antolatzen dira gune jakinetan, herritarrek merke ordainduta erabiltzen dituzte, eta lanbide umiliagarri eta osasunaren kaltekoan ari ziren Brahmindarrak bestelako ofizioetan enplegatu ahal izan dira. Tartean, tualetak fabrikatu, instalatu eta artatzen. New Internationalisten arabera, 60.000 boluntario ari dira Sulabh proiektuan.

Herritalde behartsuetako saneamenduan eta leku aberatsagoetako giza simaurraren erabilera ekologikoagoan ari direnen artean, erreferentzietako bat Uno Winblad suediarra da. Arkitektoa ikasketaz, 1980an egin zuen lehen lana Addis Abeban, Kenyan. Berehala ohartu zen Winblad ez zitzaizkiola baliagarri Europatik eramandako saneamendu eskemak: aski ur ez zegoen Afrika idorrean, simaurrez eta gernuz betetakoan putzuak husteko energia falta zen, lurpean hodi sistema eraikitzeko materialik ez...

Winblad jotzen da Ecological Sanitation ideiaren aitatzat, elkartu zituelako urik gabeko komuna eta giza eginkariak konpost bihurtzea. Europan eta Amerikan ere gutxi izango ziren garai hartan –orain bertan ez dira asko– ohartzen zirenak gizakion kaka eta txiza komunetik behera eramateko ura usatzea alferrik galtze handia dela, ingurugiroa kutsatzen duela eta gainera nekazaritzari ongarria kentzen diola. Txirotasunean amildutako herrialde batean giza konposta arazo bat baino gehiagoren konponbidea gerta daiteke.

Hasieran ez omen zuen harrera handirik eduki Winbladen Ecosan proiektuak, baina Suediako gobernuak lagundurik pixkanaka Afrika, Txina, Vietnam, Hego Amerika, Mexiko eta abarretara zabaldu zen. Denborarekin, kaka alde batetik eta pixa bestetik tratatzeko moduan egokitu ziren sistemak, bien nahasketak arazoak dakartzalako.

Interneten sartuz gero irakurlea harrituko da zenbat informazio dagoen komun idorrez, eta zenbat tresna komertzializatzen den munduan sistema horretan aritzeko. Euskal Herria Zuzenean-era joan eta komunlarria sentitu zuenak ezagutuko zuen horietako bat. Giza simaurtegi jasangarria, alegia.

Informazio gehiago: