Astekaria

 Liburuak 

Holakoak Chicagon, halakoak Iruñean

Irudia

Saioa Ruiz Gonzalez


2215. alea
2010-01-24
alde 0    kontra 0

Alberto Ladron Arana ::Ahaztuen mendekua

Elkar

orrialdeak ::220

prezioa ::15.50€

Noizbait irakurri al duzue, zuen herria fikzioaren ekintzen gertaleku bihurtu duen eleberririk? Horrek sortarazten duen sentsazioaren berri sekula ez nuen izan, herrikide dudan Alberto Ladron Arana idazle iruindarraren Ahaztuen mendekua eleberria irakurri dudan arte.

Interesgarria da aztertzea zenbateraino baldintzatzen duen espazioaren hautuak eleberri baten egituraketa eta tratamendua, –normalean modu automatikoan egiten dugun– fikzioarekiko paktua aurrera eramateko eta beharrezkoa dugun nolabaiteko sinesgarritasun puntua eskuratzeko. Baina sinesgarri izate horrek ez du zertan errealistaren baliokide izan behar, zenbait unitate narratiboen errealitatearekiko gehiegizko identifikazioak, irakurlearengan jarrera eszeptikoa pizteko arriskua sor dezakeelako. Horixe da esperimentatu ahal izan dudan sentsazioa.

Iruñea dugu polizia eleberri honetarako kokaleku hautatua. Idazleak baliatzen dituen leku-izen eta espazio ezagunegien erreferentziek, narrazioak eskaintzen duen gertakizunen bilbean murgiltzeko arazoak sortu dizkidate; bertakoa izanik, espazioarekiko konexioa saihestu nahian, zenbaitetan behartua sentitu naiz distantziamendu kontzienteak egitera eta errealitatearen alde inpartzialki lerratzera.

Funtsean, argumentuaren azalean, maitasun triangeluaren motiboa eta horrek eragindako problematika topatzen dugu; bi gizon eta emakume bat. Jakina denez, maitasun kontuetan hirugarren pertsona baten presentzia ez da batere atsegina suertatzen eta beraz, batek erditik kendu beharko du. Emakumea Iratin desagertzen denean misterioaren motorra martxan jarriko da. Eta desagerpenaren arrazoiak argitzeko ikerketa abian jartzen denean, hilketa ilun, diru-interes eta inplikazio politikoz beteriko gertakizun kateatuen partehartzaile bihurtuko dira pertsonaiak, bigarren istorio baten bidez. “Holakoak Chicagon gertatzen ziren, ez Nafarroan” (121. orrialdean); honen bitartez narrazioak agerian uzten ditu fikzioaren maila eta gradu desberdinak, espazioaren balio errealista markatu horren insistentziaz ohartzen garelarik. Bada Nafarroan, Errepublika garaian gertatu zen zerbait eta fikzioaren aitzakiaz salatu nahi izan dena. Garai hartako sarraskietako biktima ahantziak dira, salaketa horren oinarrian dauden eta gogora ekarriz berpiztu nahi izan omen diren “pertsonaia” nagusiak, horregatik Ahaztuen mendekua. Hala ere, maitasun triangeluarekin zer gertatzen den jakiterik nahi?

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza