Krisiari aurre egiteko, gizarte ekonomia

Egunero irakurtzen dugu enpresaren batek ateak itxi dituela edo Enplegua Erregulatzeko Espedientea aurkeztu duela. Finean, horren guztiaren ondorio langileak kaleratzea izaten da eta langabetuen zenbakiak gizendu besterik ez dira egiten. Izan ere, enpresek lan kostuak arindu nahi dituzte horrela lehiakortasuna irabaziko balute bezala eta horretarako gehien kostatzen zaizkien langileak, zuzendaritza eta honen albokoak ezik, kaleratu egiten dituzte; halaber, enpresak kalitatea galtzen du, adina dela-eta kualifikazio handieneko langile asko kanpoan geratzen baitira. Gero, bizkorraldia datorrenean zabor kontratuak burutuko ditu eta enpresaren giza kapitala urritu besterik ez da egingo. Hortik dator Espainiako Estatuan langileen %66 mileurista izatea.

Hau guztia gure artean gertatzen ari da, baina ez Alemanian, krisialditik irteteko daraman politika zuzena eta nahiko gizatiarra baitauka. Hori Alemaniak eskuineko gobernua daukala. Espainiako Gobernuak daraman politika ekonomikoa aldiz, neoliberala da: oparoaldian zergak arindu eta uzkurraldian zerga arruntak igo.

Enpresa gehienek aipatu jokaera dute, baina badaude beste zenbait enpresa irizpide desberdinekin funtzionatzen dutenak. Hain zuzen, Gizarte Ekonomia (GE) osatzen duten enpresak dira, enpresa mota hauen helburua enpleguak sortzea eta daudenei eustea baita.

Gizarte Ekonomiako sektore garrantzitsuena kooperatibek osatzen dute eta kooperatiben artean lan elkartukoak ditugu azpimarragarrienak. Gaur egungo uzkurraldia duintasunez ari dira gainditzen, nahiz horretarako, batzuetan, erabaki mingarriak hartu behar dituzten. Hor dugu Fagorren kasua, zein eraikuntzaren porrotak eta beste zenbait arazo direla medio, krisialdi honek gogor jipoitu duen. Hala ere, kooperatiba honek aurrera jarraitzeko ahalmena izango du, nahiz kritikak saihestea ez duen erraza izango.

Kooperatibek, historian zehar beste kooperatiba askok erakutsi duten bezala (Ikusi NLE-OITk 2009an kooperatibei buruz egin duen lana), HEHn ia 64.000 lanpostu izaten jarraituko dute, krisialdiak kolpatu arren ez dute enplegurik galdu.

Kooperatiben alboan Lan Elkarteak dauzkagu. Horiek ere langileak kudeatuta daude eta krisialdia dela-eta hainbat gorabehera pairatzen ari diren arren, ia 18.000 lanpostuei irmoki eusten diete.

Hor ez zaigu amaitzen GE. Izan ere, aipagarriak eta eredugarriak dira Euskal Herriko Lan Babestutako Elkartea osatzen duten enpresak (EHLABE). 7.000 pertsona enplegatzen dira enpresa hauetan eta horietatik 6.300 inguru gutxitutako pertsonak dira. Enpresa mota hauetan ere mozkinak saihestu egiten dira, helburu nagusia lanpostuak sortu eta eustea den bitartean. Gainera, administrazio publikoei –zergadunoi– nahiko merke ateratzen zaizkie mota hauetako enpresak, jarduera ekonomikoan sortzen dituzten zergek, jasotzen duten laguntzaren ehuneko 80 baino gehiago estaltzen baitute. Gizarte zibilak sortu eta jadanik autofinantzatu egiten dira, guztion mesedetarako.

Azkenik, bere xumetasunean kontuan hartu behar dira REAS (Ekonomia Alternatibo eta Solidarioen Sarea) eratzen duten enpresek garatzen duten lan intsertzioa. Erakunde honetako enpresek jende problematikoekin lan egiten duten arren, krisialdi honetan gai izaten ari dira, ez bakarrik lehen zeuzkaten lanpostuei eusteko, baita berriak sortzeko ere.

Eztabaidagarriak izan daitezke GEko enpresa hauek kapitalismoari eusteko lanabesak omen direlako. Baina egunero bizi behar dugunez, bai langileek bai berauen seme-alabek sistema kapitalistari horrelako alternatibak aurrez aurre ezartzea egokia dela deritzot, ogia ahora eramateko ez duenak kapitalismoa urratzeko gaitasun gutxi izan baitezake.

Oro har, euskal GEk, bere txikitasunean, ekarpen polita egiten dio euskal ekonomiari, beronen zama ekonomikoa %5,5era heltzen baita. Enpresa hauek, enpresa kapitalisten alternatiboak dira, mozkinak bilatu ordez pertsonen ongizatea helburu baitute.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude