Artea txarrantxen artean

  • “Auschwitz ostean, poesiarik ez” bota zuen Theodor Adornok, adierazteko kontzentrazio edo erailketa zelaietan gertatutakoak ezinezkoa egiten zuela jardun artistiko edo arrazoizko gogoetarik. Bistan da errealitateak ukatu egin duela pentsalari germaniarraren aipua. Txarrantxen artean egondako askok saioak, eleberriak eta poesiak kaleratu zituzten. Egun, artelanak gero eta leku gehiago ari dira hartzen iraganeko pasarte hori ezagutarazteko.
Hainbat argazkilarik –F.Boix, A. Centelles,  R. Chauvin, A. Tapia...– eginiko argazkientzat eta testigantzentzat, aparteko osagarriak dira kontzentrazio zelaietan egondako gatibu askoren artelanak. Izan ere,  lumatxoz edo lapitzez egindako marrazkiek, akuarelek, eta irarlanek, argazkigintza debekatuta zegoen egunetako irudiak eskaintzen dizkigute. Salbuespenak salbuespen, buruzagi politikoekin gertatu zen legez, artista ospetsuenek ez zituzten jasan kontzentrazio zelaien bizipenak. Baina hesiez inguraturik egondakoen artelanak ikusita, argi eta garbi esan daiteke zelaietan harrapatutako milaka errefuxiatuen artean artista oso handiak izan zirela. Horiek izan ziren errealitate tamalgarri haren berri zuzen bezain aberatsa eman zigutenak.

Batzuetan kontzentrazio zelaietan bertan egin zituzten artelanak, bestetan askatasuna eskuratu ostean, beren bizitza artistikoan. Horiei esker berrosatu daiteke kontzentrazio zelaien historia, lehenbiziko esparruak eratu zituztenetik Bigarren Mundu Gerran hedapen ankerrena izan zuten garaira arte, hain zuzen ere.

“Erretira”tik heriotzaren konboietara

Espainiako eta Frantziako estatuei dagokienez, 1939ko otsaileko “Erretira” delakoa izan zen gai landuenetako bat. Kataluniako Pirinioetan barrena izandako exodo ikaragarria, Espainiako erbesteratzeen artean handiena, era eder bezain errealistan margotu zuten Josep Franch Clapersek edo Francisco Mirok. Baina, gabezia guztien gainetik, oraindik eta artelan gehiago egin zituzten kontzentrazio zelaietan, horiek inspirazio iturritzat hartuz. Artelanen ugaritze horren zergatia txarrantxen artean bizitutakoan datza. Frantziako estatuan indarrean jarritako kontzentrazio esparruak ez baitziren lan zelaiak izan, Alemania, Austria edo Poloniakoak bezala. Hexagono frantziarrean geratu ziren errefuxiatu barneratuak preso zeuden, baina denbora beraien nahietara antola zezaketen. Hori dela-eta kontzentrazio zelai gehienetan, jardun kulturalek egundoko garrantzia hartu zuten, askatasunik gabeko egoera hori nola edo hala gainditzeko. Ondorioz, kontzentrazio zelaietan sortutako aldizkarietan eta berez egindako lanetan, hango bizimoduaren berri eman zuen artista askok. Euskarri ugaritan: koaderno xumeetan, orritxoetan, eskuz egindako irarlanetan... errepresioaren errealitatea azaltzen digute.

Politikari frantziarrek erabilitako “harrera lekuak” eufemismoaren gainetik, nonahi paratu zituzten askatasuna mugatzeko hesi itogarriak marrazki askoren gaia ditugu. Txarrantxak errepresioren ikono gisara errepikatzen dira obra horietan behin eta berriro. Hasieran, Saint Cyprien edo Argeles sur Mereko hondartzetan barneratutakoak ixteko erabili zituzten hesi horiek, geroxeago nonahi hedatu zituzten beste kontzentrazio esparruetako mugak, kanpokoak zein barnekoak, finkatzeko. Azken finean, barneratuen mugimenduak oztopatzeko leku guztietan landatu zituzten hesi ziztadun horiek dira orduko askatasun ezaren seinalerik errepikatuena. Haiekin batera, osagarri ziren jendarmeak eta militarrak. Batzuetan, era errealistan margotuak, beste askotan Josep Bartolik islatu zituen legez, karikatura adierazgarri bezain ironiatsuen bitartez. Baina horrez gain, egunerokotasunaren berri zehatza eskaintzen digute marrazki horiek: barrakoietan zegoen jende metaketa, jateko faltaren miseria guztiak, lagun giroan egindako ekimenak eta abar.

Era berean, kontzentrazio zelaiek izan zuten bilakaera tamalgarria jarraitu daiteke 1940az geroztik izandako barneratuen eskutik. Gerardo Lizarraga margolari nafarrak oso modu surrealistan, Agdeko kontzentrazioan Ama lurra txarrantxen artean azaldu zuen, eta Karl Bodekek, Kurt Löwek, Julius Turnerrek eta beste artista ezezagun askok ere islatu zituzten Le Verneten, Gursen edo Bramen bizitutako une gero eta gogorragoak. Deportazioak, esate baterako, oihartzun handia izan zuten margolarien eskutik. Kontzentrazio zelaien historiako pasarterik latzenetako izan bazen ere, argazkilarien lana txikia izan zen oso. Aldiz, zelaietan zeudenak, bereziki 1940 eta 1943 artean antolatu ziren “heriotzarako bidaiak” maisuki margotu zituzten, bai akuarelaz, baita lapitzez ere. 1939ko Erretirako egunetan egindako argazkietan, milizianoak ukabila altxatuta eta harro zihoazen, 1940az geroztik aldiz, inolako pozik gabe ageri zaizkigu Helmuga ezezaguneko konboia izeneko margolanean. Deserrituak izan zirenean, soilik zelaietako artistek islatu zituzten egoera latz horiek. Gainera, artistetako batzuek –Auschwitzen desagertutako Karl Bodek esate baterako– antzeko patua jasan zuten. Bestetzuek, aldiz, bigarren erbestera alde egin zuten, eta bizitza osoan aritu ziren –Bartoli eta Lizarraga, edota Frantzian gelditutako Franch Clapers kasu– era artistikoan arestian aipaturiko Theodor Adornoren hitzak kolokan jartzen, hau da, kontzentrazio zelaietako garaietan egin zuten gauza bera egiten: artearen bidez errepresio eremu horietan bizitakoaren testigantza ematen eta salatzen.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude