Astekaria

 Liburuak 

Hiria pertsonifikatua

Igor Estankona

Igor Estankona


2212. alea
2009-12-27
alde 0    kontra 0

Fertxu Izquierdo ::Telebista antenetan atsedena hartzen dute txoriek

Alberdania

orrialdeak ::70

prezioa ::12€

Bilbo Hiria Nazioarteko I. Poesia Lehiaketako –ba al dago poesia lehiaketa Nazionalik Euskal Herrian?– liburu saritua da Alberdaniak argitaratu duen Telebista antenetan atsedena hartzen dute txoriek, proposamen berezia baina ibilbide laburrekoa, nahiz eta detaile interesgarriak, eduki, badituen.

Interesgarria da, esate baterako, dena momentu berean gertatzearena: “…ohartu naizenean erakusleihoaren/ beste aldean dagoena ni naizela”. Behako desberdina eman dio Fertxu Izquierdok hiriari, erdigunerik gabeko unibertso horri, batzutan teilatuetan pausatuz, beste batzuetan kalean, beste batzuetan eraikinen barruan. Hiriak egun hartu duen forma (antzekoa Ziburuk zein Bilbok) hari itxuraz moztuena da. Elipsia, zerrendatzea, sintaxirik eza, zatitu bako lerroak, errepikapena… darabiltza idazleak hiriaren –eta are, bizitza modernoaren– paradoxak azaltzeko. Hiria bera da liburu honen akzioa: “Euriak margotu gintuen zoruan/ eta beste hiri bat izan ginen”.

Egunerokotasunak opatzen dizkigun material itxuraz hutsalekin eraiki du txantrearrak mosaiko bat. Pieza bakoitza baino harago osotasun urbano bat dago, soziologia pertsonal batekin nahastua. Hitzezko paisaia geldoa eta sakona da, gizaki modernoaren abiadura biziegiarekin kontrastean. Urretxindorra zatiko poema askok –eta, orokorrean, maitasun poema finek– lortzen dute, uneka, hiriaren argiek eta poetaren adimenak bat egitea, desleku erraldoian poesia intimoaren miraria txertatzea.

Hiriak dakarren aldaketa kulturalak, finean, ez du poesia desegin. Horren testigu dira azken ataleko poema atenporal, espazio bako eta klasikoak. Baina liburuaren eite nagusia beste hori da; txoria antenan pausatua, bozinen hotsen gainetik dakusana bizitza batzuetan absurdu bat pasatzen: “…eta leihoek zabaltzen dituzten munduetan/ interesgarriagoak dira beti besteen bizitzak”.
Aukera erretoriko zilegiak dira, duda barik, zatiketa, gauzak zerrendatzea, planoak kontrajartzea, halako kaos ordenatu bat sortzea ispilu hautsi baten antzekoa… baina azken emaitza nahasgarria da arean. Konbultsioa da nagusi, eta poemek ez dute batasunik. Eta hori berori ere ez litzateke txarra idazleak zatien ilusioa sortuko balu, baina finean lortzen dena gehiegizko dispertsioa da. n

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza