Subiranotasunaren aldeko kataluniarren aldarria

  • “Ados al zaude Katalunia Europan integraturiko estatu independente, sozial eta demokratikoa izatearekin?” galdera hori egin zieten 166 udalerritako herritarrei abenduaren 13an. Pauso ikaragarria Kataluniarentzat autodeterminazioa aldarrikatzen dutenentzat. Atzean, erro sakonak dituen sentimendua dagoela begibistakoa da, kataluniarren “asperdura” adierazten duena.
200.000 katalan independentziaren alde agertu ziren herrialde hartako hainbat eta hainbat udalerritan hilaren 13an (A-13) eginiko galdeketan. Datu zehatzak honakoak dira: %27ko parte hartzea izan zen –zenbait herritan, Calders herrian kasu, %50a gainditu zuen– eta baiezkoa kasik erabatekoa, %94,7ra iritsi zen. Kontsulta egin zen herri esanguratsu batzuk hauek dira: San Cugat (59.042 biztanleko zentsua), Vilanova i la Geltrú (54.322 ), Vic (33.175), Berga (14.663 bizt.)...

Kontsultaren sustatzaileak –Catalunya Decideix koordinakundean bilduta gehienbat– pozik agertu ziren emaitzak jakin eta laster. Espainiako sektore kontserbadoreak, aldiz, parte hartze “eskasa” aipatu dute gutxiesteko, eta Estatuko hedabideak sustatzaileen barruko tira-birak nabarmendu dituzte hizki handiz, Osona Decideix eskualde-plataformaren eta koordinakunde nazionaleko bozeramaleen arteko hainbat adierazpen kontrajarri aitzaki hartuta. Osona eskualdean, antolakuntza onak parte hartzea %40ra igo duen arren, uste baino baxuagoa izan da Kataluniako beste eskualdeetan eta aurrera begira egin beharreko erreferendumen eta ekimen lotesleen inguruan iritzi ezberdinak sortu dira, “enfrontaments estèrils” bezala katalogatu zituen El Punt egunkariak joan den asteko editorial batean. Generalitateko alderdien artean ere tentsioa areagotu egin da, ERCk A-13ko kontsultak baliotzat emateko erresoluzioa proposatu baitu. Gainera, erkidego hartako hauteskundeak gerturatzen ari dira eta alderdi independentista berrien sorrera iragarri da –Reagrupament eta Suma Independència–, horrek ekar lezakeen lehiarekin.

Dena dela, desadostasun horiek ez diote itzalik egin makrokontsultaren arrakastari. Antolatzaileek lupaz begiratu beharko dute zer egin duten gaizki eta zer ondo herri bakoitzean parte hartzeari dagokionez, baina kontsultaren balioa itzela da, milaka lagun mobilizatu dituelako normaltasun osoz, PPko agintariek Montillari mossoak bidali behar zituela iradoki bazioten ere.

Desafekzioa ez zen Arenys-en hasi

166 herritan egindako galdeketak, Arenys de Munt-en irailean Espainiako aginte judizialak debekatutako erreferendumaren ondorengo eztanda izan direla esan izan dute. Baina begibistakoa da Kataluniako mugimendu horrek erro sakonagoak dituela; horren lekuko dira 295 Diada, historia zehar izandako hainbat gatazka militar, eta hizkuntza katalanak oztopoen gainetik hain osasuntsu iraun izana, besteak beste.

Horren urrutira joan gabe, 2006an onartutako Estatut-aren afera jo liteke azken urteetan Katalunian sortu den desafecció delakoaren giltzarri. Toni Strubell i Trueta kazetariak bere azkeneko liburuan (El moment de dir prou, Ttarttalo argitaletxeak berriki gaztelaniara itzulia) dio Estatut-aren erreferendumaren kontra Espainian antolatutako boikota “aurrekaririk gabeko kanpaina katalanofobikoa” izan zela. Bere ustez katalanak gaur egun “Francoren garaietan bezala molestatzen jarraitzen du”. Strubellek adibide ugari ematen ditu egoera “anormal” bat irudikatzeko: TV3ren seinalea Valentziatik kentzeko erabakia, Lluis Companys presidenteari orain arte emandako tratamendu eskasa, Operación Triunfo-ko partaideei senideekin katalanez hitz egiteko debekua... batzuk aipatzearren.

Gaur egun inork ez du zalantzan jartzen Katalunian zerbait mugitzen ari dela. 2006ko eta 2007ko manifestazio erraldoiak, Salamancako “paperak” Kataluniara itzultzeko mugimendua, joan den martxoan Deumil.cat plataformak autodeterminazio eskubidearen alde Bruselan egindako mobilizazioa –Enric Canela katedratikoak Perplex, jo? (Harrituta, ni?) artikulua sarean idatzi ondoren sorturiko mugimendua– edota duela gutxi Kataluniako egunkari guztiek Estatut-aren defentsan kaleratutako editorial bateratua, dira horren adibide. Beraz, A-13ak ez du eztanda egin duela hiru hilabeteko gertaera “isolatu” baten ondorioz –Zapaterok Arenys de Munteko kontsulta horrela definitu zuen–, baizik eta urte luzeetan kataluniarren artean ernetako “asperduragatik”, Strubellen hitza erabiliz.

Herritarrak protagonista

Makrokontsultak udalek mozioen bidez babestu dituzten arren, antolaketa herritarrek osatutako plataforma eta koordinakundeen eskutik etorri da; guztira 15.000 boluntario baino gehiago aritu ziren horretarako lanean. Herritarrena da, beraz, mugimendua, eta ez politikariena. Bestalde, Katalunian izan ziren Eskozian erreferenduma bultzatu nahi duten begirale ugari. Eskoziako kasuan baina, alderdi politikoek dute gidaritza, politikak bere funtzioa betetzen duenaren seinale.

Eta Euskal Herrian? Izaera eta helburu ezberdinak bazituen ere, Ibarretxek EAErako bultzatutako kontsulta izan liteke aurrekari bakarretakoa, eta Konstituzio Auzitegiaren horma topatu zuen ibilbidean. Eta bitartean, Madrilgo Kongresuak, Saharako herriaren autodeterminazio eskubidea aldarrikatu berri du Aminatu Haidarren kasua baliatuz.
Galdeketa katalunian
Estatut-ak Konstituzionalaren zain jarraitzen du
Kataluniako Autonomia Estatutu berria 2006ko uztailean onartu zuten katalanek erreferedum batean, aurretik Espainiako Gorteetan araudiari hainbat moldaketa egin eta gero. Proiektua gauzatzen Generalitatean CIU zegoela hasi bazen ere, Pasqual Maragall-en Gobernuarekin eman zitzaion behin betiko bultzada. Erreferendumean ERC eta PP kontra azaldu ziren arrazoi oso ezberdinengatik.

Estatut-aren onarpen prozesuak eztabaida sutsua sortu zuen Kataluniako eta Espainiako esparru ezberdinen artean. PPk, Herritarren Defensoreak eta hainbat autonomia erkideok errekurtsoak jarri zituzten Konstituzio Auzitegian araudiaren kontra eta Auzitegi hori deliberatzen aritu da hainbat urtez. Erabakia “laster” hartuko dutela esan du auzitegi horretako presidenteak.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude