Astekaria

 Diskoak 

Denboran atzera egin eta egunerokoa oihukatu

Iker  Barandiaran

Iker Barandiaran


2211. alea
2009-12-20
alde 0    kontra 0

Txapelpunk ::Vaya full!

Baga Biga

iraupena ::37´41´´

prezioa ::12.50€

Iñigito musikari lekeitiarrak punk deitura jarri dio bere aspaldiko txapel-proiektuari eta hala antzematen da hitzetan eta zenbait abestiren amorru eta abiaduran. Jakina da Etsaiak taldean luzaroan ibilitako gitarra jotzaile hau 80ko hamarkadako musikarekin “harrapatuta” gelditu zela, baina sasoi hartako doinuez gain, punk-pop edo hardcore melodikoa eta street-punka ere ageri dira disko honetako kantuetan. Hala ere, tarteka ska tronpeteroari ere heldu diote; Huajolotes berpizteko saiakera egin eta bidaiakide izandako Ume Gaiztuak-en Palestina berreskuratu dute, desagertutako taldearen omenaldi gisa. Bestalde, euskara eta gaztelania tartekatuta, sistemaren kontrako testu supiztaileak eta bizitzaren eta egunerokotasunaren gaineko hitz gardenak idatzi dituzte, denborak aurrera egin ez balu bezala.

[www.myspace.com/txapelpunk]

Guztiok gara hein batean punkyak gizarte honetan bizirauteko

Disko honekin Txapel Txapelpunk bihurtu da berriro eta ez bakarrik izenean, diskoa ere punkagoa da-eta…

Guztia antzera dago, batzuk gorriak ikusten… Eta musikariok askotan saiatzen gara gauzak konpontzen-edo, nahiz eta batzutan aurkakoa lortu (barrez). Dena dela, kantak idazten ditut nire uneko egoeraren arabera eta oraingoan hala irten dira. Askotan uzten diet kantuei ni eramaten.

Zer erantzungo zenioke punkak adin bat daukala esaten duenari? Zer da punka zuretzat?

Egia dela askok adinean aurrera egin ahala, punka alboratu egiten dutela; baina beste batzuk barruan eramaten jarraitzen dugu; lau akorderekin zoriontsu izan gaitezke. Hala ere, punka, nahiz eta askotan kanpora erakutsi, barruan ere eraman daiteke; itxurak ez dira hain garrantzizkoak. Punka zer den? Bizitza bera, guztiok gara era baten punkyak bizirauteko. Estilotan ez naiz sartuko, ni gaur egungo estilo guztiekin galdu egiten naiz-eta. Baina punketik datorren ia guztia gustuko dut.

Eta ez duzu musikarenganako ilusiorik galdu…

Ez. 15 urterekin eskuratu nuen lehenengo gitarra eta konturatu nintzen ez zela hain konplikatua lau nota ateratzea. Gerora, konturatzen zara engantxatuta zaudela; eta garrantzitsuena da gaur egun agertokira igotzen naizen bakoitzean sentsazio berak izaten ditudala.

Ume Gaiztuak-en Palestina kantua berreskuratu duzue. Talde hori zuendako oso berezia izan zen, ezta?

Ez dakit beste herri batzuetan, baina Lekeition Ume Gaiztuak taldea jende askok du gustuko. Omenaldi antzeko bat da, jendeak talde hori ahaztu ez dezan. Bai, Ume Gaiztuak-ek oroitzapen asko ekartzen dizkigu: gure lokalean entseatzen zuten, Jokinek Etsaiak-ekin ere jo zuen…

Zer eman dio Toki bateria jotzaileak taldeari?

Izugarrizko bultzada. Oso fina eta diziplinatua da, eta taldean giro oso ona sortzen du. Behar genuen gasolina da bera. n

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza