Astekaria

 Landareak 

Zuzenean lurpera

Jakoba Errekondo

Jakoba Errekondo


2210. alea
2009-12-13
alde 0    kontra 0

Ez txingurri eta ez inoren behar handirik gabe haziak ereiten dituzten landareak ere badira. Bai, bai, ez haziak zabaldu, hedatu, sakabanatu, ez ez, jo eta erein. Lorea, behin ernalduta, eusten dion txortentxoa makurtu eta luzatuz, lurperatu egiten dute. Gero lurpean helduko da fruitua. Fenomeno hauen lan horri geokarpia deitzen zaio, geo=lurra eta karpos=fruitua. Tarteri honetakoak dira: Sarcocapnos (S. baetica subsp baetica eta S. crasifolia subsp speciosa) eta Cymbalaria generoetakoak, Trifolium subterraneum lurpeko hirusta eta Arachis hypogea, eta abar.

Azken hori kakahuetea da. Hypogea abizenak, lurpekoa, ederki jasotzen du haren izaera. Beno, bere jatorriari men eginez, kakahuetea ez, kakahuata deitu beharko genuke, hori baitu azteken inperioko hizkuntza izan zen nahuatlez berezko izena. Ameriketatik mundu osora hedatu da kakahuata, nola gainera! Fruitu aberatsa izateak ederki lagundu dio: niazina, manganesoa, potasioa... eta oliotan joria. Azken hori kentzen zaioneko patsekin makina bat abelburu elikatzen da. Baita gu ere. Asiako eta Afrikako gastronomian bere txokoa egina du, satay saltsa bizian eta gado-gado deituriko barazki nahasketan kasu. Geurean margarina zozo horietan eta potoratutako sardinekin topatua izango duzu, eta gehienetan txigortutako zizka-mizka ziztrintzat besterik jotzen ez dugun hau, herri batzuen esportazioen oinarri da, Senegal eta Gambia, adibidez.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza