Astekaria

 Bestelakoak 

Azala eta mamia

Badirudi aurten ere ez dugula futbol selekzioaren partidarik izango gabon buelta honetan. Beno, ez futbol selekzioarena ez beste selekzio batzuena ere. Izen kontua omen zen, eta oraindik izen kontua omen da; hots, “gu” hainbeste eztabaida sortu duen kontzeptuaren mugarriak non kokatu behar ditugun bereizteko euskal herritarrok dugun arazotxo hori, eta ondorioz “besteak” nortzuk diren azaltzeko ezintasuna. Baina azalaren azpian mami handia dago. Pentsatzekoa da futbol selekzioak urtean behin jokatzen duen partida hori urtean zehar egindako bidearen azken geldiunea besterik ez dela, festa egun eder bat nazioartean gero eta indar handiagoa dugula ospatzeko, alegia. Bestela selekzioaren partida sinbologiaren esparruan galtzen da: azalekoa ez ezik axaleko bilakatzen. Hutsa ez, baina mami handirik gabea bai. Tamarindoak bezala, azal lodia eta barruan ezer gutxi. Itxura. Munduko Pelota Batzarrak urteetan nazioarteko txapelketa bat antolatu ohi du, gure pelotari gazteek euren maila erakusteko aukera izan dezaten, eta, bide batez, ez dakit ziur zer, baina zerbait bagarela aldarrikatzeko. Txapelketatxo bat, nazioartean gero eta indar handiagoa dugula ospatzeko? Kasu honetan ere, futbolarekin gertatzen den bezala, txapelketa honek uzten duen arrastoa laster lehortzen du errealitateak. Eta errealitatea da abertzaletasunak –horrela, orokorrean, izate bakar eta mugatua bailitzan– erabakiak hartzeko zuen ahalmenaren zati handi bat galdu duela aspaldi honetan, eta beraz, egoera aldatu dela. Ondorioz beldur naiz ez ote duen sinboloetara itzultzea beste irtenbiderik izango. Prozesu logikoena da: sinboloak indartu indargeak garela ezkutatzeko. Edo, agian, indargeak garela jakinik sinboloei eutsi nortzuk garen jakiteko. Jakin ezazu! Euskadiko selekzioak, Euskal Herrikoak, Euskal Herrietakoak, Euskal selekzioak... Eta, agian, “besteek” egin eta egiten dutenari begiratu beharrean, norberak egin duenari begiratzeko garaia ere bada. Euskal selekzioekin urtean behin bakarrik gogoratzen denak ez du besteei kargu hartzeko eskubiderik, halakoa egin duelako, edo zuzen esanda, halakoa eta honokoa egin ez dituelako. Eta ez naiz norbanakoei buruz bakarrik ari. Bakoitzak egin duenari begiratuko balio, besteei zer egin duten galdetu aurretik, agian, beste egoera batean geundeke. Mamia, beti bezala, herriaren nahia da. Beno, nahia eta lanerako gogoa. Gainontzeko guztia gure ezinaren ondorioa besterik ez da.

Koldo Aldalur

Koldo Aldalur


2210. alea
2009-12-13
alde 0    kontra 0
Koldo Aldalur
Koldo Aldalur (Dani Blanco)


Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza