Astekaria

 Bestelakoak 

Kritika

Egunen batean hitz egin beharko da gure musika kanonei buruz: nork erabakitzen duen artista bat interesgarria den; kritikak ala entzulegoak, zeinek duen esateko gehiago; zerk kokatzen duen disko bat gure sistematxoaren muinean edo periferia ahaztuan; ea horrek gure geografia politikoarekin zerikusirik duen; zergatik den duina Fugazi kopiatzea eta ez, demagun, La Polla. Aurretik, baina, bada beste eztabaida bat: kritika musikalarena, alegia. “Inori interesatzen ez zaiona zertan kritikatu?” diotso eztena zorroztu berri dakarren batek. Touché. Dena dela, idazleei etengabe irakurri behar izaten diegu ez dituela inork ere irakurtzen. Bada, guk ere izango dugu basamortuan deiadar egiteko eskubiderik, ala? Gauzak argi: Euskal Herrian apenas daukagun kritika musikal seriorik. Batzuek, halako protekzionismo abertzale bati men, etxean kaleratutako guztia ontzat emateko joera nabarmena dute. Denok elkar ezagutzearen ajeak, bistan da. Horrek mesede eskasa egiten digulakoan nago. Gehiegizko babes horren alternatiba, baina, ez da hobea: azaleko “kritika” baita nagusi, salbuespenak salbuespen. Ea, nora jo dezake euskaldunak kritika musikal bat irakurri ahal izateko? Entzun, Argia, Berria, Gara, Deia, Gaztezulo, Nabarra... Ohar gaitezen Entzun kenduta beste guztiak ez direla musika hutsa jorratzen duten hedabideak –eta azken hau urtean behin besterik ez dela kaleratzen–. Horietan guztietan, diskoak mamitu baino, haien sinopsia da heltzen zaiguna, aipamen hutsa. Alde horretatik, egun, Interneten topa daitezke kritikarik mardulenak. Amateurrak, nahi bada, baina espazioaren arazorik gabe eta dedikazio txalogarriz idatziak. Azken batean erredukzionismotik gertu uzten gaitu espazio –interes?– falta horrek. Musika Kulturaren baitako “beste atal hori” den hedabideetan, ezinbestean kazetariaren gustuaren menpe gaude nolabait. Horregatik, gehienetan joera bakar batek izaten du isla, normalean RockdeLux eta antzekoen ildotik oso gertukoa. Batzuetan ematen du The Arcade Fire gustuko ez badituzu estralurtarra zarena. Aldiz, Gojira bezalako taldeei apenas egiten zaien kasurik euskal prentsan. Munduko metal aldizkarietan urteko onenen artean agertu da talde hau, Metallicak euren birara gonbidatu berri ditu, baina gurean inork ez ditu elkarrizketatu. Honek ez luke ezer larritik, ez balitz Gojira Baionakoak direla. Baina klaro, hau heavy metala da, eta gainera, nori interesatzen zaio Iparraldea?

Gorka Urbizu

Gorka Urbizu


2209. alea
2009-12-06
alde 0    kontra 0
Gorka Urbizu
Gorka Urbizu (Dani Blanco)


Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
  • 1# | Arkatiz Villar | 2009-12-04 11:42:41

    Gu saiatu ginen Goijira elkarrizketatzen Gaztea irratiko Kalefonia programan, ni ta nire lankide Maider, baina gutaz paso egin zuten.
    Hemen planteatzen duzuna interesgarria da oso, baina lasai eta luze hitz egin beharrekoa.

Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza