Nola izan sortzaile mundu digitalean

  • The Buggles taldearen aspaldiko kanta batek zioen, nostalgiaz, bideoak hil zuela irratiko izarra. Noski, orduan ez zen igarri ere egiten ordenagailuek askoz ere gehiago aldatuko zutela musika eta, oro har, kultura ulertzeko modua. Baina zenbat eragiten du teknologiak sortzaileen eguneroko lanean? Gaia mahaian jarri dugu, eta inguruan bildu ditugu Ane Muñoz, Harkaitz Cano eta Aiora Renteria. Hona bakoitzak bere esparrutik zer esan duen.
Harkaitz Cano
Harkaitz Cano idazleaDani Blanco

Teknologia berriak erabili bai, baina sortzaileak ba al du azken urteotako aldaketaren kontzientziarik?



Harkaitz Cano: Nahiko modu akritikoan asumitzen da teknologia gehienetan. Nik aitortzen dut oso makala naizela; kosta egiten zait gauza berrietan sartzea, hasieran pixka bat prebentiboa naiz, igual prebentiboegia. Eta aldiz ikusten dut jarrera orokorra dela Twitter, Facebook… denetan sartzea. Baina hemendik sei hilabetera funtzionatzen segiko du sare honek? Nire inpresioa da gauzak oso azkar zimeltzen direla.

Ane Muñoz: Nik hasieran esaten nuen: “Ordenagailua etxean? Ez, ez…”. Baina gero konturatu nintzen oso azkar doala, azkarregi, eta segituan jokoz kanpo geratuko nintzela. Ez bazara rollo honetan hasieratik sartzen, gero oso zaila izango da. Niri kostatu zitzaidan, eta bat-batean Facebook, Tuenti, Myspace eta abarrekin egin nuen topo: nola aldatu den komunikatzeko modua. Eta ez zait axola galduta egotea, baina beldurra ematen dit, hemendik hamar urtera hori izango delako oinarria. Zinean gauza asko ez dira jada beste modu batera egiten, eta ez badakizu, esplikatzen ibili behar zaizkizu.

H. Cano:
Ez nago hain seguru oinarri hori gabe hemendik hamar urtera atzean geratuko garenik. Sentsazioa daukat orain egitea asko kostatzen diren gauzak hemendik urte batzuetara askoz errazagoak izango direla, intuitiboagoak. Ordenagailuekin ere, hasieran kodigoak-eta jakin behar zenituen. Orain ez: ukitu, arrastatu… Ez zaizu iruditzen zinean ere errazagoa izango dela editatzea hemendik hamar urtera, nahiz eta zineaz ezer ez jakin?

A. Muñoz:
Egia da teknologia berriei esker orain edozeinek egin dezakeela pelikula bat, edozein da zuzendari, ez duzu karrera bat behar. Gaur egun badaude film laburren jaialdiak, mugikorrarekin bakarrik egindakoak. Baina gertatzen da ez dela zaintzen, adibidez, soinua; edo orokorrean, kalitatea. Interesgarria ikusten dut, hala ere: ez nau erakartzen, baina badakit orain ulertu beharko nukeela ondo zer baliabide dauden, eta zertarako erabil ditzakedan, gero esan ahal izateko bide horri heldu nahi diodan ala ez.

Aiora Renteria: Bai, oinarrizkoena da zer dagoen ezagutzea, eta gero zuk zurera moldatzea. Nire ustez teknologia berriekin zabalagoa bihurtzen da dena. Musika munduan gutxienez, brutala da: guri Australiako irrati batetik deitu digute, Internet bidez. Hori lehen inposiblea zen. Mundura heltzen zara. Gainera pila bat aurreztea ekarri du. Gu lehen, hasieran, burugogor hutsak ginen: analogikoa eta analogikoa. Baina hamabost minutuko zinta analogiko batengatik 500 euro pagatzen genituen. Orain diru horrengatik ordenagailu bat erosten duzu; pixka bat gehiago, eta soinu-txartela; eta ordenagailuan grabatu zenezake. Edonork CD hori hartu eta ez du diferentziatzen. Eta ez hori bakarrik: MySpace, Facebook... dena. Momentu bat egon zen denok webgune bat eduki behar genuena, eta egin genuen. Orain webguneak behera joan dira MySpace-arengatik. Ba, MySpacea egin dugu. Eta horretan gabiltza. Ateratzen dela beste ez-dakit-zer? Ba, egingo dugu. Uste dut oso momentu onean gaudela, teknologiak ondo erabiliz gero.

Eguneratuta egotearen ideia hori interesatzen zait: nola bizi duzue etengabe tresna berriak erabiltzen ikasi behar hori?



H. Cano:
Esango nuke badagoela jende mota bat arreta handia jartzen duena azken aldaketekin. Eta nik esaten dut: “Honek noiz egiten du lan?”.

(Barre egin dugu)

H. Cano:
Ez, benetan. Niretzat e-posta helbide baten mantenimentu lana egiteak, hau da, erantzuteak, kristoren denbora pila kentzen dit. Eta hasten zara pentsatzen: “Honek hiru e-posta helbide diferente zeuzkak!”. Eta horri eransten badiozu bloga eguneratu beharra, MySpacea... Ofizio bat da.

A. Renteria:
Hainbeste denbora ere ez da behar...

H. Cano: Ez?

A. Renteria:
Ni egunero, asko jota, ordu laurden ibiltzen naiz MySpacean. Batzuetan mezuak pilatu egiten dira, eta orduan arratsalde batean denbora hartzen duzu erantzuteko. Baina baliagarri ikusten baduzu, aurkituko duzu denbora. Jendea nahiko obsesionatuta dabilela kontu hauekin? Bai. Baina era moderatu batean eroan ahal dira gauzak. Nik lan egiten dut, taldearekin nabil, baina egunean bost-hamar minutu aurkitzen ditut eguneratzeko. Noski, guk ez daukagu blog bat; badakit hori lan handiagoa dela eta guk paso egin dugu. Baina dedikazio handirik gabe ere zerbait egin dezakezu.

A. Muñoz: Prozesu guztia ikusita –produkzioa, aurre-produkzioa, post-produkzioa...– alde ona azken fasean ikusten diot nik, batez ere: exibizioa eta banaketa. Orain errazagoa da jende guztiarengana iristea, ekoizpen etxe handi bat eduki gabe ere. Lehen ahoz-ahokoa zen bide alternatiboa, baina orain Internet erabil dezakezu. Geroz eta zabalduago daude, adibidez, emanaldi digitalak egiteko prestatuta dauden aretoak, hori omen da etorkizuna: toki zehatz batean botoi bat sakatu eta ordu berean mundu osoko ez-dakit-zenbat aretotan film bera proiektatzea. Seinale digitala bakarrik zabaltzen da. Eta hor ikusten dut aldaketa, batez ere; errodajean eta gidoia idaztean, tresnez ari zara, baina banaketarena izugarria da. Zer gertatzen da? Lehen kalitatearekin esandakoa: orain jaitsi ditzakezu pelikulak, estreinatu gabe daudenak ere bai, baina batzuetan ez da zuk jaitsi nahi zenuena, pornoa da; edo, zuk nahi duzuna jaitsita ere, letra batzuk dauzka; edo, niri gertatu izan zait, filma jaitsi eta bukle bat izatea: hasierako hamar minutuak ikusi eta hasierara itzultzen da... Jende askok esaten dizu pelikula hori ikusi duela, baina auskalo zein baldintzatan.

Produktua jasotzerakoan eragina nabarmena da; horrek eragingo al du formatuetan? Esaten da nobela azkenetan dela, eta ber gauza diskoekin eta film luzeekin...



A. Muñoz:
Gaur egun bizi dugun erritmoagatik dela uste dut: orain denak izan behar du laburra, azkarra; harira joan behar da. Jendeak etengabe gauza berriak behar ditu, ume txikiek bezala. Horregatik, zenbat eta formatu luzeagoa...

H. Cano:
Bai, ados. Gure kasuan, musikan eta zineman baino zailagoa daukagu teknologia hauek erabiltzea munduratzeko, itzultzaile bat behar dugulako; alde horretatik, makalagoa da aldaketa guretzat, ez da hain bat-batekoa. Egia da, adibidez, afinitate sareek asko balio dutela: nire hamar poeta gustukoenak zein diren jartzen dut, eta horien hamar poeta gustukoenak zein diren jakin dezaket, eta hor sortzen den elkar ezagutza interesgarria da... Musikan ere egiten da, ezta? Zein talde gustatzen zaizun jarri, eta irrati bat sortu, makinak badakielako beste zein talde gustatuko zaizkizun; eta gustatzen ez bazaizkizu, lista beltzera bidali... Oso sofistikatuak dira tresna horiek. Baina gainontzean, gure ofizioa kanpora begira baino gehiago aldatu da barrurantz. Gure ofizioa aldatzen ari da, eta ez gara enteratzen ari. Adibidez, kantari frustratuentzat zer inbentatu zen? Karaokea. Eta gero, igual, batek hartzen du karaokea eta oso kantari ona da, diskoak ateratzen dituen bat baino hobea; gerta daiteke, baina ez da ematen, karaoke tabernak horren lekuko. Zer erabilpen ikusten diot nik hainbat blogi? Idazle frustratuentzako karaokeak dira askotan. Eta horrek funtzio bat betetzen du, editoreentzat behintzat: ez dakit original gutxiago jasotzen dituzten, jendeak nobela gutxiago idazten dituen... tira, hori ere eztabaidagarria da. Baina Interneteko ugaritasun horrek sortzen dit niri, Corte Ingleseko liburu-denda erraldoi batera sartzearen sentsazio azpiratzaile bera: inhibitu egiten nau gehiago idazteko. Oso sentimendu sakona eragiten dit. “Izan nadin ekologikoa: zer idatzi behar dut?”. Eta horregatik, bi aldiz pentsatuko dut edozer argitaratu aurretik. Abundantzia horrek esan nahi du oso seguru egon behar dudala idazten dudanarekin. Are gehiago, pauso bat harago: beharbada ez dut idatzi behar. Beharbada hemendik aurrera idazlearen figura bihurtuko da lehen editorearena zena: aukeratu besteena eta kontestu berri bat eman, dagoen horretatik sortu, modu ekologikoago batean. Badaude liburuak horren adibide: Esteban Peicovichen Poemas plagiados, adibidez. Tipoak zer egiten du? Hartzen du Buenos Airesen entzundako esaldi bat, ama bati bere umeaz egindako galdera: “¿Qué tiempo tiene?”. Eta berak horri izenburua jartzen dio: Eternidad. Eta azpian azalpen bat: “Frase que dicen las madres cuando se encuentran con sus amigas y el niño”. Dagoeneko badagoen testu bati, testuingurua aldatuta, buelta ematen dio. Eta iruditzen zait hainbat idazle bideratu daitezkeela hortik.

A. Muñoz: Baina beti egon beharko dira jatorrizkoak, ez? Edo dagoeneko dena kontatua dago?

H. Cano: Nik ez dut esan nahi nobelarik idatziko ez denik konbentzionalki, baina bai ikusten dut beste idazle tipo bat sortuko dela. Zinean ere egiten da hori, ezta? Besteen gauzak hartu eta...

A. Muñoz:
Bai. Orain arte araua zen ehuneko ez-dakit-zenbat baino ezin zela artxibokoa erabili, baina Youtuben sartzen zara eta dena dago beste filmetatik aterata. Eta hor, gainera, nola ez duzun eskubiderik ordaintzen...

H. Cano:
Musikan nola dago samplerren kontua? Arautua dago zenbat lapurtu daitekeen?

A. Renteria: Plagioa izateko zortzi konpas dira muga, baina berdin-berdinak izan behar dira. Zuk egin zenezake abesti bat zortzi konpas hartuta, eta azkeneko nota aldatu; eta beste zortzi konpas hartu, eta azkeneko nota aldatu. Eta kito, ez da berdina. Egiteko erak asko dira. Gero musikan, klaro, erregistratzen dena da melodia, letra eta akorde sinple batzuk. Baxua ez da hartzen, ezta bateria ere. Orduan, zer gertatzen da? Musikan lau akorde daude. Eta lau akorderekin mundu guztiak egin ditugu abestiak. Paper batean abesti asko izango dira antzekoak. Zerk aldatzen du? Baxu batek, bateria batek... Eta hori ez da kontuan izaten.

H. Cano: Kuriositatea neukan, literaturan teorizatzean asko hitz egiten baita “samplerraren literatura”-ri buruz. Musikako terminoak erabiltzen dira idazten den literatura “berri” horri buruz hitz egiteko.

A. Renteria: Gero, diferentea da egin duenari baimena eskatzen badiozu, zuk diozun bezala, sampler bat sartzeko. Baimenarekin sar zenezake nahi duzuna, zuk azken finean beste bertsio bat egingo duzulako, esaldi batzuk hartuta. Baina horrelako gauzak oso subjektiboak dira, nork entzuten duen-eta... Aizu, baina teknologiaren rollo honekin-eta, liburuek ez dute asko galdu, ezta? Edo bai?

H. Cano: Nik uste liburuak oraindik badaukala fetitxearen kontzepzio oso-oso sustraitua. Oraindik ikusten duzu 20 urteko gazte batek, nahiz eta Interneten bere historia guztia jarri, buruan daukala bere poema liburua paperezkoa izatea. Eta niri kuriosoa egiten zait hori, ikusten ditudanean hain tipo teknologikoak fetitxe horrekin, sakratua balitz bezala-edo...

A. Renteria: Formatu aldaketarik ere ez da izan. Errazagoa izango da liburuarentzat ere mantentzea, ez? Ze, musikan, formatua pila bat aldatu da; eta igual ohitu egin gara aldaketa horietara, eta jada berdin zaigu iPodean eraman edo dena delakoan. Baina liburu elektronikoari ez diot rollo askorik ikusten, ze horretarako, pantailan irakurtzen dut. Ez dakit, salmentetan-eta igarri da aldaketa?

H. Cano: Oraindik ez, baina ematen du etorkizunera begira... Bueno, inork ez daki, baina 2018rako, esaten dute, gehiago salduko direla digitala ohiko liburua baino.

A. Muñoz: Eskoletan-eta, adibidez, orain eskatzen dizkieten lanetan esan egiten diete non begiratu. Fikzioa eta poesia bai, baina hiztegiak, atlasak, entziklopediak... Horiek orain zuzenean daude Interneten. Niri beldurra ematen dit ze, zer da egia eta zer ez? Gehiago kontrastatzea eskatzen dizu. Zinearen inguruan ere, bakoitzak nahi duena idazten du... Horrek guztiak, nire ustez, eragingo duela paperezko liburua erabiltzeko ohitura galtzea. Beti egon dira batere zaleak ez direnak, eta orain esaten badiezu Wikipedian bost lerrotan jartzen dizula, adibidez, II. Mundu Gerra zer den... Zertarako ibiliko dira irakurtzen?

H. Cano:
Autoritatearen zentzua galdu da, desprestigiatua dago. Horren falta sumatzen dut Interneten: editore edo filtro lan hori, esango dizuna “begira, hau unibertsitateko hainbat irakasleren artean egindako lana da, eta beraz, II. Mundu Gerra hemen ondo emana dago”. Hori ez dago ondo artikulatua, seguruenik oso hastapenetan gaudelako. Eta klaro, autoritateaz hasten zarenean ematen du atzerakoia zarela. Baina autoritate prestigiatu batzuen premia badago, ikusteko zein mailatan dagoen webgune bakoitza eta iturrien fidagarritasuna.

A. Renteria:
Irakatsi egin behar da Internet erabiltzen. Ni Interneten ibiltzen hasi nintzenean askoz ordu gehiago ibiltzen nintzen, ordu pila bat... Baina orain badakit non fidatu eta non ez. Aldizkariak-eta badaude, eta badakizu leku jakin batzuetan ez-dakit-nork idazten duela. Leku propio batzuk bilatzen dituzu, ez Google-en ateratzen zaizun edozein gauza, edo Wikipedian edozeinek sartu duen edozer gauza. Horregatik diot irakastea garrantzitsua dela, eta ez gabiltza egiten: ni irakaslea naiz, eta ez gabiltza horretan batere.

A. Muñoz: Biografiekin da harrigarria. Zinema munduan Internet Movie Database erabiltzen da. Eta hor begiratzen duzu, eta zure curriculuma ateratzen da, baina ez da egin duzun erdia jartzen. Zeinek sartzen ditu datu horiek? Niri inork ez dit galdetu. Eta, gure kasuan ez, baina norbaitek Woody Allenen filmografiari buruz lan bat egin behar badu, eta iturria hori bada, ez da benetakoa.

H. Cano:
Sortzaile bezala interesgarria da faltsifikazio hori zure alde jartzea, zerorrek beste pertsonalitate bat asmatzea. Hori niri erakargarria egiten zait. Pseudonimoak ere, ematen zuen XIX. mendearekin bukatu zirela, eta orain garrantzia hartu dute berriro. Horren atzean sortu daitezkeen pertsonaiak, edo zure desdoblamentuak... Sor dezakezu... herrialde oso bat, eta Interneten dagoenez jendeak sinetsi egiten du, garai batean periodikoak sinesten ziren bezala.

A. Muñoz: Oso tentagarria da. Aurreko batean lagun batek esan zidan: “Oraintxe tipo bat nire zain egongo da Zaragozan”. Txateatzen brometan hasi omen zen, neska beltzaran bat zela esanez, eta bera mutila da... Baina bromak jarraitu eta jarraitu egin zuen, eta Zaragozako kafetegi batean geratu ziren. Eta nik: “Ez al diozu esan ez zoazela?”. “Neska ez naizela ez diot esan eta, nola esango diot ez noala?”.

Alor diferenteetan ari zarete zuetako bakoitza, baina orain denak pasatzen dira ordenagailutik. Ekarriko al du horrek askotan aipatu ohi den diziplinartekotasunik?



A. Muñoz:
Joko bezala tentagarria da, baina joko bezala bakarrik. Bideoarekin edozeinek egiten du labur bat asteburu batean, eta badakit bat baino gehiago erakartzen duela. Musikarekin berdin. Baina idaztea... desberdin ikusten dut. Jarri egin behar zara eta buruan daukazuna bota. Nik uste, jendeari ez diola gehiegi erakartzen. Zaletua izan behar duzu, eta oso diziplinatua.

A. Renteria: Nik denbora askorik ez daukat bestelako gauzetan ibiltzeko. Idazten dut disko berriren bat egin behar dugunean, ez daukat diziplinarik...

A. Muñoz: Baina bideoklip bat, adibidez, errazago egingo duzu orain, ezta?

A. Renteria: Tira, bai, eta etxean zoratu egiten naizenean egiten ditut argazki-muntaiak. Eta idatzi ere... Idazteko, jartzen naiz telebistaren aurrean –ze ni teleadikta naiz, hori konfesatu behar dut– eta nork edo nork esaldi bat botatzen du. Apuntatu egiten dut. Eta horrela, urte oso batean bildutakoetatik abiatuta idazten dut, baina gainontzean ez. Horretan ados nago zurekin: ez dut uste teknologia berriek inor bultzatuko dutenik idaztera; musikarekin jolastera bai, eta bideoekin saiatzera ere bai; edo diseinuak egiten, kartelak-eta.

H. Cano:
Idazleen medioen demokratizazioa aspaldi eman zen [boligrafoa eta papera hartu ditu eskuetan] honekin nahikoa da. Pelikula bat egitea, orain da erraza: orain arte dirua, azpiegitura... behar zenituen.

A. Muñoz: Baina oinarria bera da. Zergatik ez duzu pelikula bat egiten? “Ez daukat gidoirik” esaten dizu jendeak. Ba gidoia egiteko ez duzu ezer behar: eseri eta egon... eta atera!

H. Cano:
Honekin lotuta, erakargarria egiten zait errizomaren teoria...

A. Renteria:
Zer da hori?

H. Cano: Errizoma konponente begetal bat da, horizontalki hazten dena, jenjibrea adibidez. Badoaz hazten horizontalki, neurririk gabe, eta beraien egiturako edozein korapilotatik abiatuta. Ez da zuhaitz bat bezala, sustraietatik gorantz hasten den zerbait; sare estruktura da, eta alde batetik usteltzen bada ere, beste batetik hedatzen da. Internetek hori ematen du; adibidez, Bolañoren nobela ikaragarri hauetan ikusten da: zuk esaldi bat idazten duzu, eta adjektibo bat hartzen duzu, hortik tiraka hasi eta 50 orrialde idazten dituzu, istorio bat. Izan beharrean istorio bat hasiera, korapiloa eta bukaera dauzkana, desordena ordenatua sortzen da –beti egin izan da, baina orain modu erradikalagoan–: kaotikoagoak, basatiagoak, oihan baten itxurakoak dira liburu horiek. Eta paperezko liburuak izan arren, Interneten eragina antzematen da, hipertestuak bezalakoak direlako. Klik egin, testu bat abandonatu eta beste batera pasatzen zara, ez dago hari nagusi bat, aldatzen doa aldiro. Eta hor bai txertatu daitekeela musika edo irudia. Kontua da, gutxitan ikusi dudala hori praktikan, petatxoa izan gabe. Pentsatzen duzu: “Honek modernoa izan nahi du eta sartzen du argazki bat” edo “honek Google literatura egiten duela esan nahi du, orduan link bat jarri du kanta bat entzun dezagun”.


Aurrerantzean horrelako bideek bestelako garapenik izango dutela uste duzue?



A. Muñoz:
Bai, batez ere errazagoa delako. Liburu batean, adibidez, orain ilustratzaile batek edo argazkilari batek jartzen ditu liburu batean joaten diren irudiak, talde-lana da. Baina aurrerantzean uste dut errazagoa izango dela norberak dena egitea... Eta saltzea ere bai. Ez dakidana da, orain dena artxibategi digitaletan gordetzen ari garen honetan, zer egingo dugun itzalaldi bat-edo gertatzen bada. Non daude horiek? Ez daude! Badakit papera ere erre daitekeela, baina niri dena airean ikusteak errespetua ematen dit.

A. Renteria: Diruarekin gertatu da hori orain, ez?

A. Muñoz: Horixe.

A. Renteria: Banku batean daukazu dirua, zenbaki bat da, papertxo batean ematen dizutena, baina ez dago. Eta berdin-berdin gertatu liteke. Baina...

A. Muñoz:
Bai, egia, zer egingo duzu?

A. Renteria: Ez gara kaos surrealista bat imajinatzen hasiko!

H. Cano: Badago kontakizun bat, ez naiz gogoratzen norena, kontatzen duena AEBetako estatu batean bunker bat dagoela, Google-en ordenagailu zentralekin. Eta egia omen da hori, gainera. Zientzia-fikziozko istorioa da: atentatu bat egin dute hor, eta bost urte pasa dira geroztik. Ariketa polita da, zer eta nola berreskuratu den planteatzen baitu. Edo jendeak gogoratu behar du, edo liburuetatik erreskatatu behar da, baztertuta geneuzkan entziklopedia horietara itzuli behar da…


Ikusten denez sortutakoa gordetzeko moduarekin kezka duzue. Bada garai digitalean ere obsesio txiki bat ezta? Horretan ez dugu asko aurreratu…



A. Muñoz: Nik filmak VHSan dauzkat gordeta, baina azkenean ezin duzu etxean eduki, eta goxoki bat da dena ordenagailu barruan edukitzea. Badaezpada gordetzen duzu, beste euskarrietan, baina gero formatu berri bat ateratzen bada, hori ere gordetzen hasi… Eta iristen da momentu bat esaten duzula, “fuera VHSak!”.

H. Cano: Kopiaren sukarra ere kontuan hartzekoa da. Badago paranoiarako joera, pixka bat aprensiboa baldin bazara. Ez da batere praktikoa, etengabe segurtasun kopiak egiten ibiltzea.

A. Renteria:
Eta, nahiz eta teknologiak pila bat aurrera egin, gu gizakiak gara, eta beti ibiliko gara dena gordetzen, hori galduko dugun edo ez obsesionatuta.

Hartzaileaz ere galdetu nahi nizuen: aipatu ditugun kontu hauengatik, zuen lana jasoko duena asko aldatu da azken urteetan. Zuen lan egiteko modua ere diferentea bihurtu da?



A. Muñoz: Helburua azkenean ikusleengana iristea da, eta beraz, ez baduzu bitxo arraro bat izan nahi egokitu egiten zara. Dagoen eskariarentzat ahalik eta eskaintza egokituena egiten duzu. Baina horrekin ez dut esan nahi kontsumo errazeko pelikulek erakartzen nautenik. Esan nahi dut, hartzailea nolakoa den ezagututa, igual sor daitezkeela ideia berriak. “Momentu honetan hau interesgarria da” esan dezakezu, eta horretaz baliatu. Guk azken finean, erakusteko egiten dugu lan, ez armairu batean sartzeko. Sortzaile zaren momentutik, beti daukazu hori: hartzaile gisa hartuko zenukeena eskaini nahi duzu.

A. Renteria:
Musikan orain mundu osoa da hartzailea. Guk beti egin izan dugu irteten zaiguna, ez dugu planteatu nori gustatuko zaion, eta orain askoz errazagoa da guretzat, ze, askoz aukera gehiago dauzkagu jende gehiagori gustatzeko. Hemengo hamabosti gustatuko zaie, Txinako beste hamabosti… Ez zara ibili behar zer eskaini behar duzun pentsatzen. Ateratzen zaidana eskainiko dut, eta mundua daukat entzuteko. Lehen zailagoa zen, ze, pentsa, Euskal Herria txikia da; eta ez zinen hemendik irtengo. Orduan, jende askok, nire ustez, planteatzen zuen hemengo gustuetara egokitzea. Alde horretatik, orain musikan bakoitzak nahi duena egin dezake. Adibidez, Madrilen badago talde bat Grabba Grabba Tape izena duena. Bi tipo dira, zoratuta daude, arraro jantzita ateratzen dira… Ba horiek hemen ez dira oso ezagunak, baina New Yorken fan pila bat dituzte, Interneti esker. Eta eurek nahi dutena egiten dute. Horregatik diot, musikan gozamen hutsa dela. Orain, dirua ateratzeko, ba… ez.

Konpetentzia ere hazi da baina; mundu guztiak egiten duena denen esku egonda, askoz ere lehiakide gehiago dauzkazue.



A. Renteria: Baina hori da zure lana: MySpacea hartu eta honen, haren eta bestearen lagun egin. Zuk egiten duzu zure promozioa. Eta nola ez-dakit-noren laguna zaren, horren lagun bat zuganaino heltzen da, kasualitatez. Konpetentzia beti egon da, eta horrek traumatizatu egiten bazaitu… akabo! Argi eduki behar duzu beti egongo dela pertsona bat zuk egiten duzun hori askoz hobeto egiten duena.

A. Muñoz: Hori da, eta lehen esan duzun bezala: nik egiten dudana lehen lau pertsonari gustatzen bazitzaien, orain gehiagori gustatzeko aukera dago.

H. Cano:
Bai: “Munduko jende arraroa, elkar gaitezen”. [Barre egin dugu] Nik ez diot utziko freaky bat izateari; freaky gehiago ezagutuko ditut. Eta horretarako, teknologia berrien ahalmena ikaragarria da. Gero, beste gauza bat hartzailearen ideia da. Orain, askotan, hartzailea autore ere bada. Horizontaltasun hori ematen da, eta horrek zenbait autore urduri jartzen ditu. Hor beti sartzen da asunto hori: “Ni profesionala naiz” esango dute batzuek. “Idazten dut eta ordaindu egiten didate”. Baina gero ikusten duzu Interneten tipo bat, idazten duena gaueko zortzietatik bederatzietara, etxera nekatuta etorri ondoren eta esaten duzu: “Joder, ze ona den kabroia; mila buelta ematen dizkit”. Eta hor, beharbada krisian sartzen zara… Zein da horren eragina? Ba, izan daiteke seko deprimitzea; edo izan daiteke pentsatzea hobeto idatzi behar duzula. Eta horrek narama berriro nire obsesiora: ekologia. Nik liburu honetan jarriko dudana nire gorputzeko partikula bakoitzarekin defenditzeko prest nago, eta bestela isildu egingo naiz. Ez dakidana da, hori den beti funtzionatzen duen logika bat. Autorearen krisiaz ere hitz egiten da, batzuek autorearen abolizioaz hitz egiten dute… Zineman adibidez, niri pena ematen dit jendea ohitzea filmak ikusten zigilu baten tamainako pantaila batean. Zinema areto batean ikustea ez da gauza bera, eta niretzat hori kristoren aldaketa da. Areto batean ni naiz menperatua, agintzen duena zinea da; eta aldiz, etxean ikusten diren pelikula guztietan, izan telebistan edo, are gehiago, ordenagailuan, nik menperatzen dut pelikula. Nahi baduzu, sadikoa ere izan daiteke. Hanekeren pelikula batean zurekin sadismo ariketa izugarria egiten du. Baina etxean funtzionatzen du horrek? Nire ustez, inola ere ez.

A. Muñoz:
Erdia, igual. Arrazoi duzu, ez da gauza bera. Baina orain, alde horretatik, badirudi proiektoreak saltzen hasi direla. Hasieran esaten zuten espazio handia behar zenuela etxean horrelako bat jartzeko, baina keba: orain ateratzen ari dira batzuk metro batera jarrita ere pantaila nahiko handia hartzeko modukoak. Nik uste, benetan zaletu direnek hortik joko dutela. Jendea ez dago prest aretoetara joateko, nahi eta nahi ez hor proiektatzen dutena ikusteko, baina bai filma lortu eta etxean ondo ikusteko. Ze, zigiluaren tamainako pantaila horrek… ez luke legala izan behar!

Aldaketa honen guztiaren erdian, nola ikusten duzue euskaraz lan egitea?



A. Renteria:
Ba nik, berarentzat [Harkaitz Cano] nahiko txarto ikusten dut. Baina musika guk beti entzun izan dugu ingelesez, askotan erdia ere ulertu gabe, eta gustatu egiten zaizu zer edo zer, eta beste gauza batzuk ez, baina ez hizkuntzagatik. Euskararekin traumarik handiena guk geuk daukagu, eta Espainiako Estatuan gaude, eta hemendik irtetea kostatu egiten da. Baina saltoa eginda askoz errazagoa da, inork ez du planteatzen zein hizkuntzatan kantatzen duzun. Literaturan ba… jendeak jakin egin behar du ulertzeko. Eta zineman ere, azpitituluak eduki behar ditu, baina itzuli egin behar da, eta lan gehiago da.

A. Muñoz: Bai, baina era berean, Eskozian edo Australian bizi den euskaldun batek askoz errazago lor ditzake euskal kantak edo liburuak. Badakit ez dagoela euskaldun asko hortik, baina egon badaude. Eta aukera hor dago, lehen baino askoz errazago.

H. Cano: Nik ez dut diferentzia handirik ikusten euskaraz edo beste hizkuntza batean lan egitearen artean. Hiztun gutxi edo merkatu mugatua izanda ere, teknologia berriekin ematen du tabula rasa egiten dela denen artean. Jakina, ingelesa eta txinera izango dira inperioaren hizkuntzak hurrengo urteetan; baina uste dut kalte egin digula euskara gauza preziatu eta iragan misteriotsuko zerbait bezala aurkezte horrek. Nozio erromantiko hori gehiegi esplotatu dugu eta azkenean gure kalterako izan den susmoa daukat. Euskaraz idaztea da, bariante txiki batzuekin, beste edozein hizkuntzetan lan egitea bezala. Egia da matematikek ez dutela engainatzen, baina… Afinitatearen kontura bueltatzen naiz: kuriosoa da nola askotan obsesionatzen garen ingelesarekin. Eta, jakina, gure lanak ingelesez egotea inportantea da. Baina sentsazioa daukat askotan ingelesezkok hartzaileak gurekiko duen interesa hutsaren hurrengoa dela; eta, aldiz, radarraren azpiko beste hizkuntza txikiago batzuek arreta, sentsibilitate edo ohitura gehiago daukate gurea bezalako gauzak irakurtzeko. Uste dut hor ez dela nahikoa sakondu: Eslovenia bat, Mazedonia bat… Niretzat oso misteriotsua da nire liburuak zein hizkuntzetara itzultzen joan diren: lehenbizi gaztelania, logikoa; baina hurrena, errusiera; eta hurrena greziera; eta hurrena alemana. Ez ingelesa, ezta frantsesa ere. Eta frantsesa, gu gara, edo izan beharko genuke pixka bat. Askotan gauzak oso makal eta oso zeharka lortzen dira, eta karanbola horietarako uste dut Internet oso billar-mahai aproposa dela. Suertez iristen zara idazle batengana, baina zure sena eta momentuko gustuak ere hor daude. Zein da problema? Profesionalizazioa, autorea, nola izango den ekonomikoki bideragarri… Eta gero, nire susmoa edo beldurra da, urteekin ez ote den Internet gehiegi mugatuko. Ez ote den momentu hau unerik askeena, buruzagiek ere ez dakitelako nola kontrolatu. Gu biluzik gaude, baina haiek ere bai. Baina hemendik hamabost urtera-edo...

Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude