Astekaria

 Denboraren makina 

Prentsa horiz tintatu zuen mutikoa

New York, 1897. Lehenengoz “prentsa horia” terminoa erabili zen New York Press egunkarian, hiriko beste bi egunkari sortzen ari ziren kazetaritza modu berria kritikatzeko. New York World egunkaria Joseph Pulitzerren (1847-1911) sare editorialeko egunkaririk garrantzitsuena zen. Irakurleen arreta bereganatzeko, albiste deigarriak eta irudi ugari argitaratzeko joera zuen hungariarrak. Haren arerio nagusiak, New York Journal egunkariaren jabe zen William Randolph Hearstek (1863-1951), bide berari heldu zion. Izan ere, batak egiten zuen edozerk bestearen erantzuna eragiten zuen. Horrenbestez, sentsazionalismoa nagusitu zen. Pulitzer bera “odola lehen orrialdean” erakustearen aldekoa zen. Eta, diotenez, Hearstek, erreportaje sorta baten bidez, 1898ko Kubako gerra piztea bultzatu zuen, La Habanako badian Maine itsasontzi estatubatuarra istripuz urperatu zela aprobetxatuz. Istripuak, krimenak, adulterioak... Denak balio zuen salmentetan gora egiteko eta arerioa menpean hartzeko, baita albisteak asmatzea ere. Edonola, lehiak onura ere ekarri zion kazetaritzari, biek ala biek berrikuntzak etengabe ezartzera behartu baitzuten bestea. Baina ez zeuden bakarrik prentsaren merkatuan eta, lehia betean, 1897an, New York Pressek bi lehiakideen joera kritikatzea erabaki zuen. Gero eta irudi gehiago sartzeko joera horretan, World nahiz Journal egunkarietan Yellow Kid izeneko komikia argitaratu zen. Eta Pressek pertsonaia arrakastatsua baliatu zuen bien aurkako hitz jokoa egiteko, ingelesezko yellow hitzak, hori kolorea izendatzeaz gain, krudela eta koldarra ere esan nahi baitu. Orson Wellesen Citizen Kane filmeko protagonistak Randolph Hearst omen du oinarri. Pulitzerren izena, aldiz, puntako kazetaritzari lotuta dago gaur egun; hiltzean, dirutza utzi zion Columbiako Unibertsitateari, hark kazetaritza fakultatea eraiki zezan, eta instituzio horrek sortu zituen Pulitzer sari ezagunak. Horiz jantzitako haur jaioberri hura, berriz, ederki hazi zen eta egun, oraindik, mundu osoan zehar dabil, zenbait egunkaritako lehen orrialdeak odolez eta morboz betetzen.

Nagore  Irazustabarrena

Nagore Irazustabarrena


2207. alea
2009-11-22
alde 0    kontra 0


Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia