Gaixoak enkantean

  • Imajina ezazu osasuna, ongizate-gizartearen berme eta eskubide izan beharrean, negozio bihurtua Euskal Herrian, merkatuko legeen menpe. Neoliberalismoak jada halako kasu ugari sustatu ditu inguruan, pribatizazioaren eskutik. Gurean, osasun zerbitzuen kontzertazioek gora egin dute, kapitalen mugimendua eta etekin ekonomikoa bilatuz.
Gaixoak itxarongelan
Gaixoak itxarongelanDani Blanco
Bizkarrezurra gaizki duzu eta osasun publikoak kontzertatua duen ospitale pribatura bidali zaituzte, erresonantzia egitera. Eta han esan dizu medikuak, “plaka bat eta analisi bat ere egingo dizkizut”. Eta zuk baietz, noski; baina zerbitzu pribatuaren eskuzabaltasuna publikoak –hau da, guk geuk– ordainduko du, proba horiek osasun publikotik inork eskatu ez baditu ere. “Ospitale eta espezialista pribatu ugarik probak biderkatu egin dituzte, arinkeria handiarekin jokatu dute eta ondorioz, diru kopuru garrantzitsua eskuratu dute kontzertazioetatik”, dio Juan Mari Uria medikuak, Osalde Osasun Publikoaren Aldeko Elkarteko kideak. Arriskutsuena zera da, kontzertazioak gorako joera hartu duela EAEn, eta zeharkako pribatizaziotzat har daiteke hori, hainbat osasun zerbitzu esleituz sektore pribatuan inbertitzen baitu publikoak. Gabriel Inclán Osasun sailburu ohiak adierazi arren pribatuetan %7a inbertitu dela, sindikatuak ez dira fio, eta gainera, hainbat analisten arabera aurreko legegintzaldiekin alderatuta azkenekoan %2 baino gehiago igo da pribatuari emandako diru-portzentajea.

Arazoa da kontzertazio pribatua ez dela zerbitzu publikoaren osagarri modura erabili, publikoan inbertitu beharrean kanpoan negozioa bilatzeko baizik; horra Uriaren konklusioa: “Publikoaren jarduera osatzeko bada, herritarrei karga ekonomikorik gaineratu gabe, ez zaigu gaizki iruditzen kontzertazioa. Kontua da, urtetan deskapitalizazio prozesu izugarria eman dela Osakidetzan: ez da inbertsio garrantzitsurik egin osasun publikoan, ez da langile berririk kontratatu eta ez zaizkie soldatak igo, baina aldi berean pribatuarekin inoiz baino kontzertazio gehiago egin dira”. Osasun publikoak okerren kudeatzen dituen zerbitzuak kontzertatzen dira pribatuarekin: espezialisten kontsultak, diagnosi prozesuak eta kirurgia arinak.

Kontzertazioa, ordea, ez da pribatizazioa, Quirón Donostia ospitale pribatuko zuzendari gerente Joseba Beitiaren hitzetan: “Zentro publikoetan jasan ezin dutena beste zentroetara bideratzen da, baina ordaintzen duena erakunde bera da, publikoa izaten jarraitzen du. Gaixoa ahalik eta hoberen eta azkarren sendatzea da helburua, zer axola du publikoan ala pribatuan egiten den? Eta pribatuan mozkinari begiratzen diogula? Begiratu behar dena da eraginkorragoak garela: zentro publikoetan baino %25 merkeagoa da lan bera guri bideratzea, eta beraz zerga gutxiago ordaindu beharko ditugu kontzertazioari esker”.

ELA sindikatuko Osasun arduradunak, Mirari Irurek, atzean beste interes batzuk daudela uste du: “Ez da nahikoa inbertitzen publikoan, beraz ez da denera iristen, eta pribatura jotzen da. Eta irudi hori eman nahi da gainera: publikoak bere gain hartu ezin duena pribatuak hartzen du; pribatua berdin eraginkorra, publikoa berdin ez-eraginkorra. Jendeak lehenbailehen sendatu nahi du eta azkenean pribatuan bukatzen badu, mezu subliminal hori zabaltzen da. Baina kontzertazioa tranpa da, publikora jo duzulako eta ‘gehiago ordaindu gabe’ pribatuan bukatu. Eskuindarren esanetan, hori ez da pribatizazioa, diru publikoa erabili delako. Baina zergatik ez erabili diru publikoa publikoan inbertitzeko? Zergatik bideratzen da pribatura?”.

Osasun saileko azpikontraten politikan Hego Euskal Herriko administrazioek duten sekretismoa askotan salatu dute sindikatuek, ez baitzaie horri buruzko daturik ematen. Ez dago kontzertaturiko zerbitzuen gaineko kontrol egokirik, eta horren azken emaitza dugu Gurutzetako Kalitate zuzendari ohi José Carlos Margüelloren kasu polemikoa. Gabriel Inclánen lagun ona den Margüellok interesak zituen sozietateekin hainbat zerbitzu azpikontratatu ziren eta prebarikazio salaketak notizia dira orain auzitegietan (eta legebiltzarrean). Kontzertazio prozesuan adostutakoa baino diru gehiago bideratu zela, bitartekariek jasotako diru-tasak altuegiak zirela eta dena gardentasunik gabe egin zela kritikatu dute.

Zergatik itzali makinak arratsaldez?

Hona beste pribatizazio mota bat: sistema publikoa ahultzea, eta ondorioz pribatuaren aldeko apustua egitea. Uriaren esanetan, inbertsio gabezia iraunkorra eta sistematikoa izan da Osakidetzan, Iñaki Azkuna Osasun sailburu zenetik. Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundean –zeinak besteren artean AEB, Zeelanda Berria eta Europako herrialde garrantzitsuenak biltzen dituen–, batez beste Barne Produktu Gordinaren %6,5 inbertitzen da Osasunean, eta Hego Euskal Herrian aldiz, %4,74. Erakunde horren batez bestekoa ardatz hartuta, Nafarroan pertsona bakoitzeko 608 euro gehiago inbertitu beharko lirateke, eta EAEn, 645 euro gehiago.

Inbertsioan bakarrik ez, arazoa kudeaketan dagoela azaldu digu Uriak, hainbat aparailu funtsezko ez erosteagatik –pribatuek badituztenak–, edota badituen aparailuak ondo ez aprobetxatzeagatik: “Zergatik daukagu ospitale publikoetan goi mailako teknologia asko, goizean funtzionatzen duena eta arratsaldean ez? Pribatuan funtzionatu dezan? Ez da ulergarria. Berdin medikuekin, goizez baino ez badute lan egiten, arratsaldeko txandan beste batzuk jarri; zergatik ez da errendimendu handiena bilatzen?”. Osaldeko kidearen iritziz, sektore publikoko baliabide guztien errendimendu altuena bilatu aurretik ahalegina pribatuan jartzea ez da zentzuzkoa.

Koska da pribatu askoren biziraupenerako funtsezkoa dela diru publikoa. Hiru modutan finantzatzen da ospitale pribatua: osasun konpainia eta aseguruekin, partikularrekin, eta kontzertazioekin. Eta kontzertazioak fakturazioaren %99ra iristen dira ospitale pribatu hainbatetan.

Zehaztu behar da, hala ere, Ipar Euskal Herrian oso bestelakoa dela sistema: gizarte-segurantzaren bitartez funtzionatzen da. Mediku bakoitzak bere prezioak zehazten ditu –antzekoak normalean– eta egindako lanaren arabera kobratzen du. Herritarrek zuzenean ordaintzen diote, eta gizarte-segurantzak bisitaren %60-70 bueltatuko die ondoren. Jende askok aseguru edo mutualei ere ordaintzen die hilero, ebakuntza garestietan beste %30-40a osatzeko, edota botikak doan erosteko. Hori bai, soldataren erretentzioa Espainiako Estatuan baino baxuagoa da Frantziakoan.

Kontuak kontu, multinazionalen eragina denengana iristen da, eta horien erasoa ere pribatizazioa dela argudiatu du Uriak, opariz eta doako kongresuz erosi nahi baitituzte medikuak, euren farmakoak errezetatzeko edota euren produktu, txerto eta aparailu teknologikoak erosteko.

Kalitatea vs. azkartasuna

Sektore pribatuak erosotasuna eskaintzen du eta itxaron zerrenda luzeak dituzte Osakidetzan eta Osasunbidean, baina gainerakoan ez dago konparatzerik: medikuntza onena, eta askogatik, publikoan dagoela dio Uriak, eta adibidea jarri digu: “Kardiopatia iskemikoa ebaluatzen izan naiz gaur goizean. 200 bat historia kliniko ikusi ditut eta horietatik dozena bat baino gehiago klinika pribatuetatik eratorritako kasuak ziren, pribatuan aurre egin ezin izan zietelako”. Joseba Beitiak ez du zalantzan jartzen publikoaren kalitatea, baina itxaron zerrendak arazo handiegia direla dio, eta horregatik ezinbestekoa dela pribatua aintzat hartzea, “zeren oso ona izango naiz nire lanean, baina hilabete luzeetako itxaron zerrendan baldin badaukat gaixoa, probarik ez egiteagatik gaitza areagotzen, ez dit ezertarako balio”.

Kontrako aldean, muturrera iristen diren kasu horietako bat dugu lehengo hilabetean bertan Madrilen gertaturikoa: 59 urteko gizon batek, begi bat galduta, beste begiko ikusmen urria berreskuratu nahian Vissum klinika pribatura jo zuen, kataratak kentzeko. Baina ebakuntza gelan zegoela, bertan behera utzi zuten ebakuntza, Sanitas aseguru etxearen azken orduko aginduari erantzunez, zer eta pazienteak azken hilabeteko 166 euroko kuota ordaindu gabe zuelako. Anestesia emana zioten jada, baina esandakoa, ebakuntza gelatik atera eta kanpora bidali zuten, bankuko agiriarekin akats bat egon zelako...

Hain zuzen, Europan A gripearen antzera hedatu da pribatizazioaren birusa osasunean, modan dagoen PFI (Finantzazio Pribaturako Ekimena) ereduari jarraiki: langile publikoak dituzten ospitaleak dira, baina jabegoa enpresa pribatuak du –honen diruarekin ordaindu baita eraikina–, eta kudeaketa ere pribatua da, diru publikoarekin ordaindu arren. Halako 80 ospitale dituzte Britainia Handian, beste 40 irekitzear, eta mediku ingeles ugariren esanetan, gaixoen arretan eta ekonomian galera handiak eragiten ditu ereduak. Hala ere, PPk agintea duen Espainiako hainbat erkidegotan (Madril, Valentzia, Galizia) halako ekimenak abiatu dituzte, polemika tarteko.

Alemanian pribatizazio saiakera garrantzitsuak izan dira eta Belgikan esperientzia mistoak daude. Europar Batasunak ez du Osasuna erregulatzen, eta politika neoliberalek merkatuaren esku uzten dute. Herrialde nordikoetan joerari aurre egiten jakin dute, Suedian eta Norvegian eztabaida handiak egon badira ere. Aseguru konpainia pribatuen haserrea eragin du baita ere AEBetako kasuak: asmoa da 50 milioi biztanlerentzat aseguru publikoa egitea eta merkatuan lehiatzea; hau da, Estatua merkatuan sartu nahi du Obamak.

Aldaketarik ekarriko al du Jaurlaritza berriak?

Rafael Bengoa Osasun sailburuari berari galdetu diogu, eta kontzertazioetara zuzendutako aurrekontua zertxobait jaisteko asmoa dutela dio, 2010erako helburua Osakidetzako zentroen produktibitatea hobetzea delako, sektore publikoak egin ditzakeen zerbitzuak pribatuetara bideratu behar ez izateko. Hala ere, Bengoak uste du osasun sistema publiko guztiek beharrezkoa dutela zerbitzu batzuk pribatuekin kontzertatzea, “herritarren demandari aurre egiteko”. Zerbitzu gehienak sektore publikoak eman behar dituela pentsatu arren, gaineratu digu ez duela kolokan jarriko Osakidetzarekin kolaboratzen historia luzea duten zentro pribatuen kontzertazioa: “Kontzertu hauen menpe dauden lanpostuak ezin ditugu arriskuan jarri. Kontzertuen kontrola hobetzea da gure apustua, eskaintzen duten arretaren kalitatea ziurtatzeko”.

Etorkizuneko politikan aldaketa handirik ez dutela espero dio Mirari Irurek, osasun arloan hartu diren erabaki garrantzitsuenetan PSEren babesa jaso zuelako aurreko Jaurlaritzak: “Gobernuak kapitalaren interesak babesten ditu, eta geroz eta modu argiagoan. Ahal den guztia pribatizatuko dutela uste dugu, osasunarekin ere negozioa egiteko”. Azken batean, krisiaren aurrean hartu den erabakia gastu publikoari eustea dela gaineratu du sindikalistak, gizarte-zerbitzuak indartu ordez.

Quiróneko Joseba Beitiak dio bi ereduen elkarbizitza dela etorkizuna, ezinbestean, publikoak ezingo diolako berak bakarrik denari aurre egin, eta irtenbideak ezin duelako izan aurrekontua etengabe puztea, publikoarekin bakarrik aritzeko, merkeago diren kontzertazioetara jo beharrean. Garrantzitsua jendea kalitate onarekin artatzea denez, lan hori ospitale publikoak edo pribatuak egitea gutxienekoa dela, alegia. Baina horrela pentsatzen duena erratuta dagoela oso garbi du Osaldeko Juan Mari Uriak, “ez gaitezen engaina”: publikoak herritarren eskubideekin du zerikusia eta pribatuak irabazi asmoekin.
“Tratamendua nahi baduzu, kontsulta pribatuan emango dizut, publikoan ez”
Bada Donostian Osakidetzarako lan egiten duen dermatologo bat, pazientearen azaleko orbanak ikusteko askotan aulkitik altxatu ere egiten ez dena. Izena aipatu gabe ere, bisitatu baduzu ezaguna egingo zaizu ziurrenik, bere eskuetatik igaro ostean galdekatu ditugunek gauza bera erantzun baitigute: zakarra da, ez dio gaixoaren larruazalari behar bezalako arretarik jartzen eta ahalik eta azkarren bidaltzen zaitu kontsultatik. Baina kontsulta pribatua ere badu, eta pribatizazioa modu ez-zilegian burutu du, M. E. pazientearekin.

20 urte inguru zituen M. E.-k Donostiako kontsultara gerturatu zenean, akne arazo handiekin. Lagun bati entzuna zion, albo-ondorioak izan zitzakeen tratamendu bat jarraituz gero senda zitekeela. Dermatologoak, ordea, esan zion ez ziola tratamendua errezetatuko, beste paziente batek izandako albo-ondorioen erruz auzitara eraman zutelako eta Osakidetzak ez ziolako halakorik errezetatzen uzten. Tratamendua nahi bazuen, egingo ziola, baina pribatutik. Kontua da, M. E.-ren lagunak tratamendua mediku honen kontsulta pribatuan jarraitu arren, errezetak Osakidetzatik pasatzen zizkiola, pilulak merkeago atera ahal izateko. Beraz, nolatan esan zezakeen Osakidetzak tratamendua egitea debekatu ziola, errezetak publikoak baziren?

M. E.-k pribatuan jarraitu behar izan zuen tratamendua –noski, beste dermatologo pribatu batekin egin zuen– eta pilulak oso garesti atera zitzaizkion, publikoko beherapenik gabe.
Pribatizazioaren beste hiru bidezidor
Auto-kontzertatzea
Egia esan, kontzertazioa muturrera eramatea da: hots, nola saihestu itxaron-zerrendak? Denbora faltagatik medikuak goizean burutu gabe utzi dituen ebakuntzak arratsaldean eginez, eta arratsaldeko ebakuntza bakoitzeko kobratuz (aparteko orduak bailiran). Dena den, dirudienez gutxitu egin da jarduera hau eta berriz ere ebaluatzen ari dira goizeko nahiz arratsaldeko produkzio eta kalitate maila, konturatu zirelako mediku askok goizeko errendimendua nahita jaisten zutela itxaron-zerrenda faltsuak sortu eta arratsaldeko lanarekin soldata bikoizteko.

Medikuak erostea
Edo beste era batera esanda, pertsonen pribatizazioa, mutualitateek eta ospitale pribatuek eskaintza eskuzabalak luzatzen baitizkiete sektore publikoko mediku eta espezialistei. Juan Mari Uriaren hitzetan, “Osakidetzako profesional onenak erakartzen saiatzen dira pribatuak, ez da berria. Baina pribatuan bukatzeko ordaindu al dute gure zergek medikuen prestakuntza? Arlo publikoko inteligentzia klinikoa, teknologia, zuzendariak, espezialistak, familia-medikuak, pediatrak… mantentzeko, inbertsioa blindatu egin behar da, dagokien bezala motibatuz, bestela bi urte barru eraman egingo dituzte pribatuek”.

Zerbitzuak kanporatzea
Ospitale publikoek hainbat zerbitzu azpikontratatzea erabaki dezakete. Larrialdietako etxeko arreta, telefono arreta, anbulantziak, esterilizazioa, ikerketa, artxiboak, sukaldea, garbitasuna, segurtasuna, mantentze lanak… enpresa pribatuetara kanporatu dituzte askok. Garai batean uste zen ospitaleen efizientzia hobetu zitekeela, zuzenean gaixoaren arretarekin zerikusia ez duten gestioak kanporatuz. Egun, gehientsuenak ados daude akatsa dela, Juan Mari Uriak dioenez; okerrago, arazo gehiago sor ditzake. Ordea, Mirari Irurek adierazi digu, salbuespenak salbuespen, azpikontratatutakorik ez dela publikora bueltatu.

ASTEKARIA
2009ko azaroaren 22a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Osasunaren pribatizazioa
Osakidetzaren pribatizazioaren aurkako manifestazio jendetsuak Bilbon, Gasteizen eta Donostian

Milaka pertsona elkartu dira larunbat honetan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hiriburu bakoitzean,“osasun publikoaren narriadura, desegitea eta pribatizazioa” salatzeko. Osakidetzako aurrekontuaren %25 Lehen Mailako Arretara bideratzea eskatu dute.


2024-03-15 | Hala Bedi
Beñat (OPA): "Kalera irten behar gara gure eskubideak aldarrikatzeko"

Osasun publiko eta kalitatezkoaren aldeko manifestazioak izango dira larunbat honetan. Eguerdiko 12:00etan Gasteizen eta Bilbon, eta 17:00etan Donostian.


Lehen Mailako Arreta, "kolapsora" bidean

Nafarroako Osasun Plataformak salatu du osasun sistema publikoa gainbeheran dagoela eta pribatizatzen ari dela.


Osasungintza “guztiz publiko eta kalitatezkoa” aldarrikatu dute milaka lagunek kalean

Bilbo, Donostia eta Gasteizen mobilizazioak egin dituzte larunbatean, Osasungintza Publikoaren Aldeko Herri Plataformek deituta.


Eguneraketa berriak daude