Astekaria

 Bertso berriak 

Jolastea da...

Debekatua ez dena derrigortua da, eta derrigortua ez dena debekatua, guk egindako munduan. Jolastea debekatzen duen munduan. Bilboko parke batean irakurri nuen: “Prohibido Jugar”. I Jolastea da eskutik heldu ta hankak paseatzea, jolastea da pareta hizkitan irakurtzen saiatzea, jolastea da ziba askatu ta zeba ahoskatzea... Noren ideia izan da ama jolasa debekatzea?

Amets Arzallus

Amets Arzallus


2207. alea
2009-11-18
alde 0    kontra 0
Amets Arzallus
Amets Arzallus (XDZ)

II
Jolastea da zilipurdika
lurrak kordea galtzea,
jolastea da adar batetik
hankak zintzilikatzea,
jolastea da pixerreketan
parkeak nabigatzea...
Ta kremaillera trabatu bat da
jolasa debekatzea.

III
Jolastea da denbora-pasa
ordularia galtzea,
jolastea da enbor batean
zirkuluak kontatzea,
jolastea da kabira igo
eta kuku kantatzea...
Ta masailean hatz marka bat da
jolasa debekatzea.

IV
Jolastea da oherakoan
ilargia itzaltzea,
jolastea da pijama jantzi
ta ametsak esnatzea,
jolastea da kontrabentanan
opari bat zabaltzea,
ta egunsenti lapurtu bat da
jolasa debekatzea.

V
Jolastea da kulunpioa,
jolastea ohatzea,

jolastea da olatutxoa,
jolastea baratzea,
jolastea da umetokia,
jolastea da etxea...
Adin txikiko kartzela bat da
jolasa debekatzea.

VI
Jolastea da zuhaitz atzean
mundutik ezkutatzea,
jolastea da zapiarekin
betiko eskapatzea...
Eta orduan zer da benetan
jolasa debekatzea?
Zebra bidean agurrik gabe
haur bat abandonatzea.

Doinua: “Haurtxo txikia”.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia