Termometroa 

Esti Amorrortu

"Hizkuntza alternantzia baliatu behar genuke"

Erdaldunen euskararekiko aurreiritziak eta jarrerak izeneko ikerlana egin du laukoteak. Lan taldeko kideetako bat izan da Amorrortu (Bilbo, 1969). Zergatik ikerketa hori? “Zelan erakarriko ditugu euskarara ez badakigu zein uste eta jarrera dituzten?”.

alde 0    kontra 0
Esti Amorrortuk, Ane Ortegak, Itziar Idiazabalek eta Andoni Barreñak egin dute liburua. Euskaldun batzuk, eta batik bat, erdaldunak mahai-inguruetan bildu dituzte eta galdera, eztabaida eta hausnarketen bidez saiatu dira biltzen euskararekiko dituzten uste, aurreiritzi eta jarrerak. “Hori dena ezagutu behar dugu ikusteko zein neurri izan daitekeen arrakastatsuagoa. Inportantea da adieraztea gizartean talde guztiak ez direla berdinak, batzuek oso jarrera aldekoa dutela, beste batzuek bai-bainakoa eta beste batzuek kontrakoagoa. Jakin behar dugu zer eska dakiokeen bakoitzari, zer egiteko prest dagoen”.

Deustuko Unibertsitatean hartu gaitu, Gizarte eta Giza Zientzien Fakultatean, Ikerkuntza eta Graduondokoen dekano orde baita eta eskolak ematen ditu Euskal Filologian.

EAEko erdaldunen kolektiboak non jartzen du euskararen normalizazioan “adostasun-atalasea”? Euskararen alde zer egiteko prest daude?


Ez dakigu atalaserik dagoen. Gauza batzuetan adostasun handia dago, baina bakarrik oso ideia orokorretan, esate baterako, “euskara errespetatu behar da”, “ez da hiltzen utzi behar”, konpromisorik eskatzen ez duten adierazpenetan. Guk azpimarratu nahi duguna da nahiko adostasun handia dagoela umeekin zerikusia daukaten kontuetan. Hau da, jende gehienak nahiz eta guztiz aldeko jarrera ez izan, asumituta dauka belaunaldi gazteek euskara ikasi behar dutela eta gainera prest ere badaude normalean egingo ez luketena umeekin batera egiteko. Guk hor ikusi dugu badagoela esku hartzeko eremu probetxugarria izan daitekeena. Jende asko, nahiz eta euskarak bost axola, prest dago umeak euskaldundu daitezen, batzuk prest daude, ez euskaldun izateko, baina bai pixka bat ikasteko, umeei laguntzeko etxeko lanekin...

Adostasuna bai, baina konpromisorik gabeko kontuetan.


Bai, eta ez badago konpromisorik, horrek ez du asko balio. Baina aldi berean horrek erakusten du erdaldunen artean euskararen prestigioa hobetu dela eta elebitasuna askoz barneratuago dagoela. Ondoko aurreiritzia askok esan du: “Nahiz eta nik ulertu ez, nire aurrean euskaraz egitearekin ez daukat problemarik”. Orain dela hogei urte galdera ber-bera eginda emaitzak oso ezberdinak ziratekeen. Aurreratu egin dugu, ez dago zalantzarik.

Umeengatiko adostasun maila azpimarratuko dugu orduan.


Umeen euskalduntzea aprobetxatu beharko genuke gurasoekin zeozer egiteko. Batzuetan nahikoa izan daiteke pixka bat ikastea etxeko lanekin laguntzeko, edo umeak Pirritx eta Porrotx ikustera eroan eta zeozer ulertzeko. Zeren batzuk hala diote: “Ez dut EGA nahi, ez dut sekula lortuko, baina nahi nuke euskara ulertzea, nire koadrilakoak euskaldunak dira eta ni nagoenean beti pasatzen dira gaztelaniara eta ez dut hori gertatzerik nahi”.
Helburu asko egon daitezke hizkuntzaren ikaskuntzan eta ezin dugu pentsatu erdaldun denak euskaldunduko ditugunik. Zergatik ez kontuan hartu konpromiso mailak egon daitezkeela, eta gaitasun komunikatibo mailak? Euskararen irakaskuntza oso araututa dago euskaldun oso bihurtzeko: euskaltegira zoaz, egiten dituzu perfil guztiak... baina bestelako askoz ere aukera gutxiago dago –egon badaude batzuk: berbalaguna, koadrilategi...– eta gehiago indartu behar dira.

Erdaldunen erdiak baino gehiagok ondokoak esan dituzte liburuan: “Euskara ez dago jada desagertzeko arriskuan”; “Euskararen arazoa denborarekin konponduko da haurrek eskolan ikasten baitute”. “Arrosa koloreko etorkizuna” deitu diozue horri. Zein arrisku ditu ikuspegi horrek?


“Ume denek ikasten dutenez”, “ofiziala denez”, “erakunde publikoek babesten dutenez”... Erdaldunek inpresio hori dute, konponduta dagoela kontua.
Arrosa koloreko etorkizuna arinkeria da. Ez dugu nahi erdaldunek uste izatea guk pentsatzen dugula euskararen normalizazioan dena dagoela arriskuan eta euskara hiltzeko zorian dagoela, baina uste dugu arrosa koloreko arinkeria hori, erdaldunen artean oso zabaldua dagoena, oso arriskutsua dela. Ez dira kontziente egoera oraindik ez dagoela konponduta eta horrek dakarrena da konpromisoa gutxitzea. Hori oso arriskutsua da.

Euskara ikasteko eta erabiltzeko barruko eta kanpoko motibazioak aipatu dituzue.


Motibazio instrumental eta integratzaileez gain, barnekoak eta kanpokoak hartu ditugu kontuan. Barneko motibazioarekin egiten duzuna zeuk gura duzulako egiten duzu. Kanpokoa kanpoko faktoreek eragindakoa da. Esate baterako, seme-alabak D ereduan eskolaratzeko erabakia hartzerakoan pertsona batek daukan motibazioa izan daiteke: “Nik nahi dut nire umea euskalduna izatea”, eta beste batek: “Nire koadrilako denek ikastola honetara bidaltzen dituzte umeak”. Hori kanpo motibazioa da. Euskararako benetan eraginkorrak barnekoak dira duda barik, kanpoko presio edo motibazioa galtzen denean ondorioa desager daiteke.

Euskara ikasteko eta erabiltzeko erakarmen txikia duten motibazioen artean daude euskal hiztunekiko errespetua eta inguru hurbilean dauden euskaldunekin hitz egin ahal izatea. Ez al da kezkagarria?


Euskalduna izanda harritu egin zara? Gu euskaldunak gara eta modu batera ikusten dugu errealitatea, eurak elebakarrak dira eta beste prisma batekin ikusten dituzte gauzak. Gu elebidunak gara eta eurekin beti erabiltzen dugu euren hizkuntza. Euretariko askok ez du planteatu ere egiten beste modu batera egin daitezkeela gauzak.

Honaino iristen dira: berdin zaie euskaraz egitea bere aurrean, baina ez dute planteatzen hizkuntza aldatzea.


Beste aurreiritzi bat dago: komunikazioaren eraginkortasunari begira, Babelgo dorrea madarikazioa da! Hizkuntza asko daude, hori oso txarra da. Nortzuk diote hori? Euskaldunek ez. Elebidunak ez dauka aurreiritzi hori, aurreiritzi hori daukana erdalduna da, beste hizkuntzekiko oso sentsibilitate handia ez daukana. Hizkuntza bakar hori berea izatea espero du.

Ikerketan bi mundu aipatu dituzue, euskal mundua eta erdal mundua. Euskal kulturak balio dezake zubi lana egiteko?


Bi munduko egoeran bizi dira erdaldun asko. Batzuek badakite euskararen mundua hor dagoela eta
mesfidantzaz (ETArekin, abertzaletasunarekin lotuz...) ikusten dute; beste batzuek hurbildu nahi dute edo modu onez ikusten dute –“Badakit euskara ez jakiteagatik Historiaren zati bat galtzen dudala”–; eta beste batzuek ez dakite dagoenik ere.
Euskal kultura zubi? Bai. Hain zuzen, euskararen mundutik hurbilen daudenek euskal kulturaren bidez ezagutzen dute. Euskal kulturak egin dezake eta egiten du zubi lana.

Erdaldunen erdiak baino gehiagok esan du ez zaiola axola bere aurrean euskaraz hitz egitea nahiz eta berak ez ulertu. Euskaldunak iritzi hori integratuko balu bere usteetan euskara erabiltzeko eremu aukera asko zabal liteke ?


Jarrera preskriptibista batzuk alboratu eta hizkuntza batetik bestera aldatzea baliatu behar genuke. Hizkuntza alternantzia txarto ikusita dago. Beti pentsatzen da hizkuntzen arteko interferentzia txarra dela. Askotan entzun dugu gazteek oso txarto hitz egiten dutela, beti dabiltzala hizkuntza batetik bestera, euskararen galera baino ez duela ekarriko horrek. Oso arduratuta gaude kalitatearen kontuarekin eta normala da, hizkuntza ez dagoelako normalizatuta.


Baina guk esan nahi dugu soziolinguistikaren aldetik kontuz ibili behar dugula horrekin eta egoera horrek ere badaukala zer eman euskarari. Pertsona bat nahiz eta euskaldun osoa ez izan, ulertzeko gai bada, zergatik hitz egingo dugu gaztelaniaz? Nik euskaraz eta berak gaztelaniaz saiatu beharko genuke edo gauza errazagoak esateko euskaraz eta zeozer ez badugu ulertzen gaztelaniaz eta gero berriro euskarara pasatu. Ez diogu eskolan, baina lagunartean zergatik ez erabili hizkuntza bat baino gehiago?

Alternantzia erabiltzen ez bada aukera bakarra da: gaztelania. Ez baitaki besteak hitz egiteko adina.

Itxaron behar badugu koadrilako denak euskaldun oso izan arte sekula ez dugu euskaraz egingo. Hizkuntza aniztasuna aspaldikoa den herrietan, ez Mendebaldeko herrietan, baina Kamerun edo Indian esate baterako, jendeak zazpi hizkuntza dakizki eta denak erabiltzen ditu, zurekin bat eta bestearekin bestea, gero zurekin bat eta bestea... eta ez dago inongo arazorik. Komunikazioaren eraginkortasuna bermatzen da.

Katalanek asko egiten omen dute.

Aspaldi saiatu ziren elebitasun pasiboarekin katalanak. Egia da katalanaren eta gaztelaniaren arteko distantzia linguistikoa oso txikia dela eta horrek asko errazten du. Euskaraz zailagoa da distantzia oso urruna delako. Baina egoera batzuetan saiatu gaitezke.

Gazteak hurrengo

Erdaldunen euskararekiko aurreiritziak eta jarrerak liburua eginda, aurrera begirako hiru ikerketa ildo antzeman dituzue.

Gazteen lan lerroa oso garrantzitsua da. Euskaldunen ehuneko altuena gazteen belaunaldietan dugula, etorkizuna gazte eta umeengan dago. Oso inportantea da euren jarrerak aztertzea, eta denbora ateratzen dugunean egin nahiko genuke. Liburu honetan ez daude gazteak, alegia, 14-20 urte artekoak. Gehienak euskaldunak eta erdaldunak dira, nahiz eta hizkuntzak neurri berean ez menperatu. Zelan bizi dute hau dena? Nik uste gauza askorekin harrituko ginatekeela.

Beste lan ildoa ezkutuko jarrerena da. Azterketa kualitatiboan, mahai-inguruetan, topatu ditugu politikoki zuzenak ez direlako esaten ez direnak edo subkontzientean dauden gauzak. Azterketa kuantitatiboek arazo hori dute, alegia, jendeari zer uste duen galdetzen diozu eta erantzuten du erantzuten duena: pentsatzen duena, uste duena, uste duela pentsatzen duena, politikoki zuzena dena, esan behar dena edo neska jator honek [galderak egiten ari zaionak] espero duena.

Hirugarren lan lerroa euskaldunen jarrerak aztertzea litzateke. Liburuan agertzen dira zenbait gauza, baina lan hau ez da horretarako egin.

Nekane Goikoetxea


Piztu Ezazu ARGIA 685x50
Facebook  Twitter  Delicious  Digg 
azala  
azala2206
 
azala2205

2207 zenbakia.
2009ko azaroaren 22a

   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Jaso egunero email bakarrean eguneko 10 albisteak. Eta astean behin, astekaria. Dohainik.

Ale berean...

Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.

HARPIDETU ORAIN


Ametzagai├▒a Argia Antza iametza Adur Luditoys