Astekaria

 Diskoak 

Dantza egiteko mila modu

Iker  Barandiaran

Iker Barandiaran


2207. alea
2009-11-22
alde 0    kontra 0

Mamba Beat ::Energia

Baga Biga

iraupena ::40´47´´

prezioa ::12.50€

Bilboko seikoteak bigarren lana kaleratu du musika beltza eta elektronika oinarri hartuta. Jatorri oso desberdineko musikariek osatzen dute dantza eragiteko plataforma. Esango nuke lan honetan elektronikak oraindik pisu gehiago hartu duela, eta horren barruan, drum&bass-a, elektroa eta housea bereiztuko ditugu. Hala ere, musika latinoa ere oso presente dago baita funkya, jazza, congak eta soula ere. Erritmo biziz, energia deskargatu edo hartzeko baliagarria, eta bizitzako une askotako soinu banda aproposa. Gainera, beste talde askok ez bezala, ahotsa instrumentu bat bailitzan erabili, eta mezuak baino ideia eta sentsazioak helarazten dizkigute. Elektronikaren aberastasuna, haizezko instrumentuen berotasuna, teklatuen edertasuna eta perkusioaren bat-batekotasuna batuta.

[www.myspace.com/mambabeat]

Zer egin bideojoko honetan bizirauteko? Soinu banda idatzi?

Sistema produktibo-kontsumista eroan bizi gara, estresa, presio ekonomikoak, autoprogramatutako bideojoko batean bezala. Eta sistema horri alternatiba egitea ia-ia utopikoa da. Sistemaren errua dela esatearekin konformatzen gara, baina nortzuk dira sistemaren ero-gaiztoak? Gu geu al gara? Eta ikuspuntu asko daudenez, momentuz film horren musika egiten saiatzen gara.

Zer ezaugarri derrigor izan behar du Mamba Beaten kantu batek?

Intentsitatea da gehien bilatzen duguna; zoramena ekarriko digun intentsitate emozionala.

Zuen kantuetan ahotsa instrumentu baten pare dago. Mezuak ez du hainbeste axola?

Askok hitzak idatzi eta gero konponketa musikalak egiten dituzte. Guk, aldiz, hasieratik alde instrumentalari nagusitasuna ematen diogu eta hori indartzeko ahotsa erabili, musikak adierazten duena zuzenago komunikatzeko. Mezuari dagokionez, oso irekia da. Ez zaigu gustatzen inori esatea zer egin edo pentsatu behar duen. Sentsazioak planteatu eta musikarekin soluzioak bilatzen lagundu. Testu batean dena adierazten badugu, magia gal daiteke.

Ez dakit euskaldunak dantza egiten iaioak garen... Euskadi Tropikala aldarrikatu beharra dago?

Dantza egitea beti ona da, barre egitea edo sexua bezala. Dantza tropikala, funk-dangoa, errock-meria, house-rreskua... bakoitzak aukera dezala. Indarrak berritzeko dantza oso interesgarria da, eta indarberritzea beharrezkoa Euskal Herriko korapiloak askatzen jarraitzeko.

Zer eman dizue Bilboko San Frantzisko auzoak?

Zabalburu eta San Frantzisko inguruan bizi gara taldekide gehienok eta gero eta mestizaia handiagoa dago, orain dela 20 urte Euskal Herrian pentsaezina zena. Horrek aukera berri ugari sortzen ditu, oso aberasgarria da. Hala, gure musikara kutsu arabiarra, afrikarra, latinoa... eraman dugu.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza