Ez dute nahi ikaskide gayrik

  • Mutikoari ez zaio futbola gustatzen, dantza bai. Afeminatua da. 12 urte ditu eta oraindik ez daki mutilak gustatzen zaizkion ala ez. Gauza bat badaki: ikaskide mutilek iseka egiten diote, kopetean du etiketa: marikoia. Bullying homofobiko kasu tipikoa.
Bullying homofobikoa
Bullying homofobikoaDani Blanco
Jesús Estombarekin egon gara. Gehituko (Euskal Herriko lesbiana, gay, bisexual eta transexualen elkartea) Infasis ataleko koordinatzailea da. Nerabeen jarrerak aniztasun afektibo-sexualaren aurrean izeneko ikerketaz galdetu diogu. Lehen aldia da horrelako ikerketa egin dena Euskal Herrian eta zergatik egin duten galdetu diogu. Gehitun bazuten ustea ikastetxeetan homosexualitatearen gaia ez zebilela bide onetik. Usteak ziren, oinarririk gabeak. Horretara dator 2007-2008ko ikerketa; batetik, Gehitu elkarteak berak jakin nahi zuelako ikastetxeetan zer ari den gertatzen eta bestetik, erakunde publikoen aurrean datu serioak aurkezteko aukera zelako. Emaitzak eskutan Estombak argi du, usteak ez dira erdia ustel: gazteen jarrerak homofoboak dira. Ikerketa 2007-2008 ikasturtean egin zuen Gehituk Donostiako hainbat ikastetxetan. 14 eta 18 urte arteko 155 mutilek eta 168 neskek bete zuten hamabost galderako galdetegia. Ikerketak bi aurrekari baino ez ditu Espainiako Estatuan, Madrilgo Coslada herrikoa eta San Bartolomé de Tirajana Kanariar Irletakoa.

Lau ikasle jipoituak izan dira

Eskuineko orrialdean dago hainbat datu. Lau ikaslek aitortu dute jipoituak izan direla, hamahiru mehatxatu egin dituzte eta gauzak bota dizkiete hamazazpiri. Jarrera homofoboak jokabide bihurtu dituztenen eta ikusi dituztenen datuak ere ez dira ahuntzaren gauerdiko eztula. Lekukoena deigarria da, gazteen %73,99ak norbait iraintzen ikusi du, eta %52,32ak, jipoitzen. Estombak ikerketan hurrengo galdera ez egitearen pena du, alegia, “Jarrera homofoboak ikusi dituzu eta zer egin duzu?”, zeren badirudi ikusi eta ez dutela ezer egin, begira geratu direla, eta lekukoek horrelako jarrera izatea sutarako txingarra da. Estombaren ustez, ikasle lekukoek ez dute loturarik egiten marikoi deitzearen eta horren atzean dagoen guztiaren artean. Badakite iraina dela, baina ez du alarmarik pizten.

Neskak ulerkorrago

Ez dituzte berdin erantzun hamabost galderak neskek eta mutilek. Sexu aniztasuna neskek errazago onartzen dutela dirudi. Desberdintasun horien zergatiak galdetu dizkiogu Estombari: “Ikerketak emaitza batzuk eman ditu, hortik aurrerakoak interpretazioak dira, nahi baduzu, nireak. Gizonak asko dauka galtzeko, emakumeak ez, beti egon baita bigarren mailan. Homosexualitatearekin gizonaren eredu klasikoa puskatzen da. Ikerketan ikusten da mutilek jarrera okerrena gayekiko dutela, atzerago geratzen dira bisexualak eta transexualak.

Urrutikoari bai, gertukoari ez hainbeste

“Abestiaren letrarekin geratu dira, baina ez melodiarekin”. Erantzun kontraesankorrak baitaude ikerketan. Alegia, maila teorikoan aurkeztutako egoeretan (Egokia al da mespretxuz tratatzea sexu bereko pertsonak gustukoak dituztenak?) sexu aniztasunarekiko malguagoak dira gazteak eta gertuko egoeretan (Alboko ikaslea gay, lesbiana edo bisexuala dela jakingo bazenu zein erreakzio izango zenuke?) jarrera homofoboagoak dituzte.

Ikerketako emaitza batzuk baino ez ditugu aipatu hemen. Balorazio orokorra zein den galdetu diogu Estombari: “Jarrera homofoboak gainditu al ditugun galdetzen didazu? Ez, segi eskolara. Ikasleek beraiek esan dute ez dela toki segurua ikastetxea gay, lesbiana, bisexual eta transexualentzat. Emaitzak irakurrita kontzentrazio esparruak dirudite eskolek, eta kontu, 323 ikasle horietatik %12k adierazi dute homosexual direla edo zalantzak dituztela”.

Bullying homofobikoaz ikastaroa

Argia aldizkariak bullying homofobikoa lantzea erabaki zuen duela hilabete batzuk. Balizko gaien karpetan gorde genuen, argitaratze datarik eta egilerik gabe. Halako batean, UEUko Udako Ikastaroen artean, artikulu honen egileak ikastaro bat topatu zuen: Bullying homofobikoa: nola ekidin sexu aniztasunarekiko diskriminazioa gazteengan? Hiru eguneko ikastaroa Eibarko Markeskoan. Pare-parean. Kazetariak hara joan eta gaia abian jartzea pentsatu zuen.

Hamabost bat laguneko taldea izan zitekeen gehienez; zazpi baino ez ginen elkartu. Harridura adierazi genion Udako Ikastaroen arduradunari. Hark aipatu zigun emakumeen aurkako indarkeriaz aurreikusitako ikastaroak ez zuela aurrera egin bik baino ez zutelako izena eman. Gai arantzatsuegiak nonbait.

Hiru irakasle, irakasle gaia, aisialdiko begiralea, berdintasun teknikaria eta kazetaria ginen taldean. Gidari lanetan Monika Martin eta Eider Goiburu Lahia-Nahia Sexologia Elkarteko kideak. Biek Gipuzkoako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan sexu heziketako eskolak ematen dituzte. Bullying homofobiko kasuak kudeatu behar izan dituzte ikastetxe batean baino gehiagotan.

Ikastaroko partaideek, haur-gazteekin lanean oso ohituak, barruak hustu zituzten: egunero eskoletan eta aisialdi taldeetan ikusitakoak kontatu zituzten eta Martin eta Goiburu irakasleen laguntzaz irtenbideak aurkitzen saiatu ginen. Bullying homofobikoaz diagnosi zorrotza egiteko intentziorik gabe, hona ikaskideen barrenetik ateratako kezkak eta egunero bizi dituzten zailtasunak.

Beti gertatu dira eta beti gertatuko dira

Ikastetxeetarako, sexu aniztasunari buruzko unitate didaktikoa dago –EAEz ari dira ikastaroko ikaskideak–. Curriculumak dio gai hori landu behar dela, baina egonean dago. Sexu heziketa Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan irakasten zaie, ikastaroko partaideen iritziz, haurdunaldiak saihestea da helburu nagusia. Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan ez da ezer lantzen, ez dago programarik.

Eskoletako irakasleak, kolore guztitakoak marraztu dituzte partaideek: bullying homofobikora iritsi aurreko prebentzioa landu beharko lukete, baina askotan bestaldera begiratzen dute, “beti gertatu dira horrelakoak eta beti gertatuko dira”. Bestalde, irakaslearen lan zakua gainezka dago: “Bullying homofobikoa ere guk landu behar al dugu?”. Homosexualitatea gaixotasuntzat dute irakasle gutxi batzuek: “Pasako zaio”. Beste asko, ulerkor bai, baina deseroso sentitzen dira gaiaren aurrean.

DBHn irakasleak kimikoak, matematikoak, historialariak dira, ez dute sexu aniztasunaz inolako formakuntzarik. Partaideek hala borobildu dute ikastetxeetan bizi duten panorama: eskola komunitateak ez daki nondik jo.

Haur Hezkuntzan lan egiten duen irakasle batek ziklo horren garrantzia azpimarratu nahi izan zuen. Haur Hezkuntzako garaian ari dira haurrak euren gorputza esploratzen eta garai hori geletan baliatzea aldarrikatzen zuen. Kontraesanak ere gogora ekarri zituen: gelan gona janzten du neskak bezala mutilak, azazkalak margotuta dabiltza, besarkadak dauzkate elkarrentzat eta eskutik helduta doaz. Haur Hezkuntzako irakasle aipatu berriak esana: “Ikastetxeko eskailerak jaitsi ahala mutilen eskuak askatzen doaz, besarkadak atzean geratu dira. Badakite non bai eta non ez”.

Zailtasunak, ezinak... barrenak hustu zituztela profesionalek, alegia. Alabaina, ezintasunak agertzeko uneak izan ziren bezala, irtenbideak aurkitzeko ariketa asko egin genuen. Bullying homofobiko kasu errealak aztertu genituen. Honakoa bata: futbolean hasi dira neska-mutilak. Mutil horietako batek beste mutil bati esan dio: “Zuk ezin duzu, luma daukazu”. Beste bat: mutil jaioak neska izan nahi du eta ikastetxean nesken komunak erabili nahi ditu. Neskek ez dute beren komunetan onartu nahi.

Bi adibide horiek papera eta boligrafoa hartuta landu genituen, irtenbideak pentsatzeko astia hartuta. Hurrengo bi ariketetan ez genuen horretarako astirik izan. Bi antzerki egin genituen, norberak rol zehatza zuen jokatzeko eta momentuan inprobisatu behar zen. Tentsio handiko ariketa izan zen horietako bat: ikasgelan irakaslea sartu da eta ikusi du nola ikasle batek besteari mahai gaineko gauzak lurrera bota dizkion. Irakasleak ez daki, baina neska hori jazarri egiten dute lesbiana dela egotzita. Bullying homofobikoaren osagai guztiak daude hor; erasotzailea, ikusleak, biktima, eta irakaslea ahal duena egiten. Rol jokoa bukatutakoan, Martin eta Goiburu irakasleek ariketa goitik behera errepasatu dute. Rol joko eta bestelako adibideetan landutako irtenbideak ez dira errezeta magikoak eta egoera jakin bakoitzari emandako erantzun guztiak ezin dira hemen jaso. Ea ondokoak zerbaitetarako balio duen. Hasteko, irakasleak jabetu behar du zerbait onargarria ez dena gertatzen ari dela, ez du balio “beti gertatzen dira horrelakoak” esan eta kito egiteak. Irakasleak arreta deitu behar dio erasotzaileari, eta ez ahaztu bullying homofobikoan gakoetakoa diren ikusleekin. Ez dago zertan erasotzaile-ikusle-biktima hirukotearekin gertatutakoa batera landu beharrik. Oso normala da biktimak jazartzen dutenen aurrean ahorik ez irekitzea. Eskola komunitatea jakinaren gainean jarri eta erasotzaile, ikusle zein biktimaren gurasoekin hitz egin.

Bullying homofobikoa ez da existitzen

Bi rol jokoak gogorrak izan badira, bi bideo eztarriko zuloan geratu zaizkigu. Alicia Santolayaren bideo erreportajean (Zergatirik gabeko suizidioak) Alba Payas Gironako psikoterapeuta ageri da. Harengana bere buruaz beste egin duten gaztetxoen gurasoak doaz. Gurasoek ez dakite semeek (beti mutilak ageri dira) zergatik hartu duten halako erabaki latza, ume normalak ziren, bere buruaz beste egiteko arrazoi agerikorik ez zuten.

Frantziako Estatuan, 16 eta 39 urte arteko gizonetatik bere buruaz beste egiten saiatzen diren hirutik bat homosexuala edo bisexuala da. Espainiako Estatuan esaten da, nerabeek bere buruaz beste egiten dutela buru-nahasmenduengatik, arrisku jarrerengatik, edo drogak kontsumitzeagatik, homofobia ez dago zerrendan. Bullyingaz hitz egiten denean homofobia ez da aipatu ere egiten eta Alba Payasen ustez lehen kausa da.

Bigarren bideoak Vestido nuevo (Sergi Ferrer) izena du. Ondokoa gaia: inauteriak dira eta ikastetxeak ohartarazi du arratsaldean dalmataz mozorrotuko direla haurrak. Mario mutikoa soinekoa jantzita agertu da goizean. Ikasgelan sartu denean irakaslea aho zabalik geratu da: “Mario, zer egiten duzu?”, ikaskide guztiak begira isil-isilik. Mariok dalmata mozorroa bizkarzorroan darama, gaur goizean ez da mozorrotuta joan eskolara. Eskandalua, ikaskideak iseka, zuzendariarengana eraman dute, aitari hots egin diote. Aitak trajearen jakarekin estali eta etxera eraman du.

Ikastaroko gelan isiltasuna nagusi, ordu batzuk lehenago taldekide batek gai horixe bera jarri zuen mahai gainean: “Mutikoa daukat eta gustura eramango nuke eskolara soinekoarekin, berari gustatzen baitzaizkio eta etxean janzten ditu. Ez naiz ausartzen”. Zein ausartzen da mutikoa eskolara soinekoa jantzita eramaten? Bullying homofobikoa ez baita orientazio sexualaz ari soilik, baita genero rolen mugez ere. Mariok muga gainditu du.
Eider Goiburu
“Ikuslerik gabe erasoak ez luke zentzurik”
Oriotarra (Gipuzkoa), Lahia-Nahia Sexologiako Elkarteko kidea da eta sexu hezitzaile ari da Gipuzkoako ikastetxeetan. Psikologoa da eta berdintasun agentea ere bai. 11 eta 20 urte arteko gazteekin egiten du lan eta berak dio bulliyng homofobiko kasu gehien DBHn izaten dela.


Bullying kasu askoren atzean homofobia ezkutatzen omen da.


Bullying kasu askotan homofobia ez da oinarri, baina bullying asko kasu homofobiko bihurtzen dira. Adibidez, mutil bati hasieran gilipollas deitzen zioten eta bukaeran puto gay edo puto maricón. Ez zen afeminatua, ez gaya. Baina irain potoloa da adin horietan gay izatea.

Bullying homofobikoaz hitz egiterakoan beti mutilak aipatzen ditugu.


Biktimak orokorrean mutilak izaten dira. Gizartean nesken genero rola aldatzen ari da, malguagoa da, neskak mutilen eremuetan sartzea askoz onartuago dago: kirola egin, arropa zabalagoa jantzi... Mutilek nesken eremuan sartzea zailago dute. Mutilek futbolean jolastu beharrean dantza egiten badute puntu asko dituzte erasotuak izateko. Nesken rola malgutu da eta beraz eraso gutxiago dago, mutilen rolak oso estatiko jarraitzen du eta hortik pixka bat ateratzen dena zigortua da.

Mutila ez da ezkutuan geratzen.


Batez ere afeminatua erasotzen da, genero roletik ateratzen dena. Homosexualitatearekin dauka zerikusia, baina ez hain zuzen.


Nola bizi du biktimak egoera? Zer dio berak?


Biktimak ez du ezer esaten. Hori da arazoa. Ez du ezer esaten, beldurra dauka zerbait esaten baldin badu erasoa areagotuko dela. Nerabezaroan lagunek garrantzi handia daukate eta derrepente lagunik gabe geratzen dira, edo taldeak baztertuta daukan beste norbaiten lagun baino ez dira. Bakardade hori bizitzea oso gogorra da.

Gainera, heterosexual izateko hezten gaituzte eta nerabezarora iritsi eta hasten bazara pentsatzen igoal ez zarela heteroa... Ikasi duzun egitura hori puskatzen ari zara guztiz, zure barnean bizi duzu hori dena, eta kanpotik ez daukazu laguntzarik. Egunero eskolara joatea sufrimendua da. Batzuk bullyinga sufritzen ari dira eta beste batzuek homosexualitate prozesua isilean eramaten dute. Azken horiek onartuak dira, baina ez dutelako ezer esan. Sentitzen dutena ezin dute adierazi besteen aurrean zeren inork ez lieke ulertuko.


Biktima eta erasotzailearen figuraz gain ikuslearena lantzen duzue.


Inportanteena da. Norbaitek eraso egiten du beste norbait begira dagoelako, ikuslerik gabe erasoak ez luke zentzurik. Ikuslea da erasoaren unean indar gehien daukana, ez badira erasoa ikustera joaten edo ez baldin badute onartzen aukera askoz gehiago daude bullying kasuek atzera egiteko.

Zenbateraino jabetzen dira ikusleak egiten dutenaz?


Ez dira kontziente, esaten dute beraiek ez daudela inplikatuta horretan. Bestalde, beldur dira muturra sartzeko eta estigmatizatuak izateko, alegia, erasotua defendatzen badut ni ere erasoatua izango naiz. Neskak erasotuarekin egoten dira, baina erasoaren momentuan bertan inor ez da ausartzen erasotzaileari esatera: “Pasatu egin zara! Nora zoaz?”.


Zerk harritu zaitu gehien ikastetxeetan?


Helduek. Badira helduak uste dutenak hau dena gaindituta dagoela eta esaten diezunean beren seme-alaben gelan bullying homofobikoa gertatzen ari dela, ez da ez dizutela sinesten, baina beren seme-alabak homofoboak direla esaten badiezu sinestea zaila egiten zaie. Esaten dute badituztela ereduak telebistan, familian... Ez dute ulertzen euren seme-alabak homofoboak izatea.
Jarrera horrek harritu egiten nau eta kezkatu ere bai. Helduak ez bagara gai errealitatea ikusteko, dena gaindituta dagoela uste badugu, ezin dugu hori landu. Gurasoez ari naiz, irakasleek gelan ikusten dute.

Sexu aniztasunaren normalizazio bidean zein nota jarriko zenieke ikasleei?
Nerabeek argi dute zer den esan behar dena, politikoki zuzena, baina jokabidez ez dabiltza ondo. Bestalde, gauza bat da nerabezaroa eta bestea gaztaroa. Gaztaroan jarrerak hobetu egiten dira. Nerabezaroan eredu oso itxiak dituzte, segurtasuna sentitu nahi dute. Eredu horietatik ateratzea gogorra da. Gaztaroan bakoitzak hobeto daki nondik jo nahi duen, bere buruarekin hobeto dago; errazago onartzen da norbera eta bestea.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bullyingaren amesgaiztoa
Bullyinga ekiditeko programaren balorazio “oso positiboa” egin dute Nafarroako ikastolek

Nafarroako hamabost ikastoletan txertatu zuten KiVa programa finlandiarra 2016an. Honekin fokua jarri zuten eskola-jazarpenaren prebentzioan eta tratamenduan. Ikastolen elkarteak prentsaurrekoa egin du programa baloratzeko eta adierazi du emaitza “oso positiboa” izan... [+]


Bullyingaren aurrean eskolak ez direla nahikoa inplikatzen dio Gipuzkoako Adin Txikikoen Fiskaltzak

Erraza al da eskola-jazarpena antzematea eta moztea? Erremintak gero eta gehiago dira, "baina ez da protokolo kontua", bullyingaren aurrean ikastetxeek oro har ez dutela nahikoa arreta jartzen, ez direla behar adina inplikatzen eta ematen duten erantzuna ez dela aski... [+]


Iñaki Zubizarreta
"Eskola jazarpena bere horretan erakutsi behar da"

Maiatzaren 2a, Bullying-aren aurkako Nazioarteko Eguna izan da, eta horregatik, eskola jazarpenaz aritzen den hizlari Iñaki Zubizarretagaz (Getxo, 1972) mintzatzeko aukera izan dugu. Bere fisikoari erreparatuta, inork ez luke esango saskibaloi jokalari profesional ohiak... [+]


Eskola-jazarpen kasuek gora egin dute EAEn, gehienak Bigarren Hezkuntzan

Eskola-jazarpenaren kontrako egunean, joan den ikasturteko datuak aurkeztu ditu Eusko Jaurlaritzak: 157 bullying kasu identifikatu dituzte EAEko ikastetxeetan, aurreko ikasturtean baino 28 gehiago. Bigarren Hezkuntzan izan dira kasu gehienak, eta hitzezko erasoak izan dira... [+]


13 urteko umearen suizidioak eskola jazarpenaren arazoa berrazaleratu du Frantziako Estatuan

Lucasek 13 urte baino ez zituen, urtarril honetan bere buruaz beste egitea erabaki zuenean. Homosexuala zelako auzoan eta batez ere eskolan jasaten zuen jazarpenak eraman du heriotzara, gurasoek salatu dutenez. Bullyingaren eta homofobiaren aurkako borroka eztabaidagai jarri du... [+]


Eguneraketa berriak daude