2009-11-22 -- 2207.zenb
Zirauki Estellerrian dago, Iruñetik 30 kilometrora. 500 bat bizilagun ditu baina aurten herriko eskola itxi behar izan dute. Herri txiki batean bizi denak aski ongi daki eskola ixtea zer galera den herriko bizitzarako eta zer arazo familiendako.
Baina, zergatik itxi dute Ziraukiko eskola? Ez al da aski umerik sortzen herrian? Haur faltaz itxi al dute? Bai, haur faltaz. Baina ez nahikoa umerik ez delako, herriko familia gehienek beren haurrak euskaraz eskolatu nahiago dituztelako baizik. Hori dela eta, 7 kilometrora dagoen Garesko eskolako D eredura eramaten dituzte haurrak.
Nafarroan Hezkuntza Departamentuak herriko eskola bat itxi nahiago izan du bertako familiei hizkuntza hautatzeko eskubidea aitortu baino lehenago. Ziraukikoa ez da kasu bakarra. Antzeko arazoa dute Mendigorria, Artaxoa, Larraga eta hainbat herritako familiek. Horixe da Nafarroako hizkuntza zonifikazioak zilegi egiten duen bidegabekeria.
Baina Ziraukiko eta Nafarroako hainbat gurasok eskatzen dutena ez al da bazter guztietan Estatuko hainbat plataforma, elkarte eta alderdi aldarrikatzen ari direna?
EAEn PSE, PP eta UPyD bat etorri dira irakaskuntzako dekretu berrietan elebitasun berdintzailea ezartzearekin eta Plataforma por la libertad de elección lingüística delakoaren eskakizunak erabat babesten dituzte. Galizian Galicia Bilingüe elkarteak “Dos lenguas, mismos derechos” leloaz eskatzen du gurasoek eskolatzeko hizkuntza hautatzeko eskubidea. Katalunian ere halako mugimendu soziala dago eta “De lenguas, al menos dos” diote Ciutadans-ekoek.
Baina beren aldarrikapenetan ezein momentutan aipatu plataforma, elkarte eta gizarte mugimendu horiek ez dira Nafarroako hainbat familiek hizkuntza hautatzeko duten ezintasunaz oroitu. Ez laguntzarik, ez atxikimendurik, ez aipurik. Txintik ere ez Nafarroan hizkuntza hautatzeko dugun ezinaren gainean.
Bitartean, alderdi politikoak beren kontraesanez gorritu ere ez dira egiten: PP, PSE eta EBk gaztelaniari eta euskarari tratu bera ematea aldarrikatzen dute EAEn, eta Nafarroan, aldiz, UPN, PSN, NEB eta PP kontrakoan ari dira temati.
Hizkuntzen arteko parekotasuna aldarrikatzen duenak, beti eta edonon egiten ez duten bitartean, sinesgarritasun gutxi merezi du. Nik neuk, euskararen eta gaztelaniaren arteko berdintasun aldarrikapenaren azpian Estatuko hizkuntzari bere nagusitasuna bermatzeko ahalegin estaliak baino ez ditut ikusten.
Pasa den urriaren 24an Kontseiluak eta Euskal Konfederazioak elkarrekin antolaturiko DEIADAR mobilizazioa arrakastatsua izan da jendearen parte-hartzearen aldetik, lortutako atxikimenduen aldetik nahiz tendentzia politiko desberdinetako hautetsien presentziaren aldetik ere. Azken urteetako eboluzio eta aurrepausoen argazkia izan da nolabait. Gisa berean hizkuntzaren inguruko auzian galderak pausatu eta eztabaida piztu da: zer da ofizialtasuna? Zein estatutu euskararentzat? Frantsesarekin berdintasuna eskatzea zilegia da? Eta abar.
Baionako eta Okzitandarren manifestaldiaren ondorioz zenbait diputatu edo senadore, besteak beste, eta lehen aldikoz Jean Grenet, Euskal Herriko ordezkaria, gobernuari galdezka ari zaizkio, lege proiektua zertan den ofizialki jakiteko. Momentuz erantzunik ez. Marka txarra, kontutan hartzen badugu Kultura Ministeritzako ordezkari batek urriaren 16an errandakoa, hots lurralde hizkuntzak Konstituzioan aipatzea nahikoa zela horien babesteko eta lege bat ez zela haien garapenerako molde egokiena.
Auzia ontsalaz, laster trenkatuko da. Lege proiektua baztertua bada, orduan zer? Lege proposamenaren bidea gelditzen da, erran nahi baitu eztabaida, diputatu batzuen eskutik eramatea Parlamentura. Dirudienez Bretainian eta Alsazian parlamentari batzuk horretarako prestatzen hasi dira. Lurralde hizkuntzen alde ari diren herri mugimenduek elkarrekin adostu printzipioak eta egindako lana ez dira debaldetan izanen beraz, lege proposamena edukiz betetzeko. Halere bide horrek aukera mugatuak ditu azken hiru hamarkadetan behin baino gehiagotan porrot egin baitu ikusi ahal izan dugun bezala.
Bitartean, Euskal Herrian orain arte bezala, lege babesik gabe aurrera egiten jarraitu beharko da herri atxikimendua eta hautetsi gero eta gehiagoren borondatea azkartuz. DEIADAR kanpainan zehar bilduriko indarrak eta sostenguak baliatu beharko dituzte euskaltzaleek urrats berriak emateko. Jendartean eragite lana jarraitzeaz gain, hor daude Kontseiluak jorratzen dituen ildo sozialeko ekimenak, akordio sozio-politiko zabala lotzeko parada ederra badugu. Horrek hizkuntza politika indartzeko balio beharko luke, helburu, epe, nahiz baliabideetan. Halaber, herrietan eta herri elkargoetan orain arte gutti landu den euskararen presentzia segurtatu beharko da, tokiko administrazioarekin euskarazko komunikazioa erreal bihurtzeko.
© ARGIA.com
Lege Oharra
RSS sindikazioa