Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2010-03-17 16:27:56
Nontzefilmak 2010-era lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak

2009-11-15 -- 2206.zenb

Luis Nuñez

Jose Luis López Vázquez notizia da, Luis Nuñez ez

Joxerra Aizpurua

Azaroaren 1ean hil zen Luis Nuñez Astrain soziologo eta kazetaria.

1996-1997an ezagutu nuen Luis Nuñez. Egin egunkariko zuzendaritza lanak atzean utziak zituen ordurako, eta baita, beharbada, erredaktoreburu postuak eman zion sona ere. Baina han jarraitzen zuen, Aizperekin batera —Andoni Aizpeolea, Egin-eko beste kide mitiko bat— enpresako sustapen arloa bere gain hartuta.

Euskal Hiztegi Entziklopedikoaren ardura hartu berria nuen nik, eta produktuak txukun saltzekotan zabalkunde eta sustapen berezia beharko zuelako jo nuen, hain justu, Luis Nuñezengana. Hitz gutxi behar izan genituen elkar ulertzeko eta, ondorioz, biontzat onuragarri izan zitekeen hitzarmena bideratzeko.

Hala, Euskal Hiztegi Entziklopedikoa 32 orrialdeko ehundik gora ataletan banatu eta faszikulutan hasi ginen Egin-ekin batera banatzen. Jendearen harrera, dena esaten hasita, uste baino askoz hobea izan zen, milaka izan baitziren promozio luze hura osatzeko, hasieratik bukaerarainoko pazientzia hartu zutenak.

Gizon gardena eta hurbila iruditu zitzaidan Luis Nuñez. Nire aurreiritzien kontra, tratu errazekoa. Gogoan dut gure negozio honek iraun zuen bitartean —urtebete— maiz mintzatzen ginela egoera politikoaz. Garai hartan PP eta Jose María Aznar Espainiako Gobernuaren jabe zirelako, beti bazen zer aipatua gure bileren atarikoan.

Komentzimendu handiz argudiatu zidan behin, Lizarrako inprentatik bueltan gentozela, ezkerra bihurragoa dela beti, ur handiagotan sartzen dela eta konplikatu egiten dela. Aldiz, eskuinarekin, mundu osoan erakutsi duen lez praktikoagoa izaki, PSOErekin baino errazago lortzen ahal genukeela gure herriaren egoera konpontzeko urratsak ematea. Euskara sakontzeko ikastaroa egiten ari zen garai hartan, eta arreta handia ipintzen zien hitzei.

Handik gutxira, eta eskuinaren aginduz hain zuzen, Egin egunkaria eta Egin Irratia itxi zituzten. Hernaniko egoitza prezintatu haretxetan gelditu ziren beraz, betirako, urtetan ondutako proiektu informatiboa eta Euskal Hiztegi Entziklopedikoaren azken faszikulua, etxe askotako bilduma behin betiko osatu behar zuena. Halako oroigarriak utzi dizkigu eskuinak.

Luis Nuñez hil zen egunean, Jose Luis López Vázquez aktore espainiarraren heriotza nabarmendu zigun EITBk. Ahanztura besterik ez zuen izan 80ko hamarkadan egunkari jarraituenetakoa erredaktoreburu gisa zuzentzen aritu zenarentzat.

Nola aldatzen diren gauzak, kamarada.

Erantzunak

agur eta ohore luis!

agur eta ohore 2009-11-14 14:21:26

Horrelako artikuluengatik gustatzen zait Argia. Gainontzekoek ahantzi dutenean bat, puntua ederki jartzen diozue. Gizon handia izan zen Luis.

Kepa J. 2009-11-16 17:37:43

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan