Astekaria

 Liburuak 

Arana eta Wilde

Gema  Lasarte

Gema Lasarte


2205. alea
2009-11-08
alde 0    kontra 0

Aitor Arana ::Oscar eta Sebastian

Kutxa

orrialdeak ::232

prezioa ::10€

Makurtuxe den urte honetako Irun Hiriko Kutxa Literatur Saria jaso du iradokigai dugun eleberri honek. Deusetan hasi baino lehenago, esan beharko genuke eskertzeko moduko edizioa duela lan honek, luze-zabal irakurterraza bilakatzen duen sepia kolorea eta hitz eta hutsuneen arteko oreka lagun.

Diseinua ez ezik, Aitor Arana idazle eta hizkuntzalariak, hizkuntzaren erabilpenean duen gaitasuna aipamenik gabe nekez utzi daiteke, are gutxiago, Oscar Wilde idazle handiaren bizitzaz duen ezagutza. Wilde jaio zenetik hil arteko zirrikituak ondo ezagutzen ditu Aranak: ezkontza, maitasunak, kartzela, heriotza, nortasuna… Eta ez hori bakarrik! Haren lanaren nondik norakoak aski ederki astintzen ditu, astintzen baditu ere: egindako ibilbide artistikoa, izan zituen maisu, lagun eta arerioak, literatur irizpideak.

Aranak itzuliak ditu dagoeneko Wilderen hainbat liburu, horien artean, De Profundis Txalapartak duela bi urte argitaratua. Liburu hau inflexio gunea bilakatzen da Oscar eta Sebastian liburuan, izan ere, De Profundisen Wildek kartzelatik, Lord Alfred Douglas, maitaleari idatzitako gutun garratza azaltzen baita. Eta min edo samin honetan errausten da nobelaren muina, Oscar izatetik Sebastian izatera pasatzeko mugarria hortxe legoke eta. Homofobiak kartzelaratu zuen idazle handiaren ataka.

Eskuartean duguna, zalantza izpirik gabe, Wilderen biografia dugu, baina ikuspuntuaren erabilerak narratzaile baten egokiera fortunatzen du. Narratzaile hau, Robert Ross, Oscar Wilderen lagun eta maitale ohia dugu. Berak sartuko gaitu Wilderen bizitza ardatz duen eleberri honetan. 

Robert Rossek sarreran kontatzen digu, Oscar Wilde hil zenetik urteak pasatu direla eta beronen lehen biografiak argitaratzen ari direla, biografia asko; ordea, haren bizitza sexualaz bizpahiru lerro besterik ez dutela eskaintzen. Eta eleberri honetan kontalari gisa diharduen Rossek azpimarratzen digu Wilderen bizitzan sexualitateak, maitasunak eta horien defentsak, gutxienez denboraren erdia hartzen zutela.

Eleberrian zehar Wilde Oxforden ikasten ikusiko dugu, artearen jainkotzea aldarrikatzen, estetizismo izenez ezagututako mugimendura hurbiltzen. Oscar idazle ospetsu bezala ere ikusiko dugu. Baina, batez ere, literatur izarra izatetik kartzelaratzen duen garaiari buruz ariko zaigu nobela. Panterak ezagutuko ditugu, gizonentzat ziharduten gizonezko prostituta profesionalak, eta batez ere, Alfred Douglas, Oscarren bizitza hondamendira eraman zuena. Wilde dugu, beraz, eleberri honetako Jainko gurutzefikatua, Douglas Judas, beti ere, Aranak bere nobelarako aukeratu duen Robert Ross narratzailearen esanetan. n

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza