Astekaria

 Gaiak 

Iberri

Prentsa laburpena lau hizkuntzatan

Iberri programa garatu du Iametza Interaktiboa enpresak, Ametzagaiña bazkide teknologikoarekin. Norberaren intereseko gaien araberako prentsa hustuketa egiten du software honek eta eleaniztasuna da berrikuntza: albisteak lau hizkuntzatan multzokatzen ditu, katalana, galegoa, euskara eta gaztelera oinarri hartuta.

Elisabeth Pombo

Elisabeth Pombo


2205. alea
2009-11-08
alde 0    kontra 0
Iberri
Iberri

Prentsa laburpenak egiteko tresnak izan baditugu gaur egun. RSS agregatzaileekin nahi ditugun komunikabideak jarraitu ahal ditugu, baina horiek ez dituzte albisteak multzokatzen eta jarraitu nahi dugun hedabideak RSS jarioa izatea beharrezkoa da. Google News-ek aldiz, albisteak multzokatzen ditu, baina hizkuntza baten arabera. Iberrirekin ez da beharrezkoa jarraitu nahi ditugun hedabideek RSS izatea eta gainera, albisteak multzokatzen ditu, zein hizkuntzatan idatzi dituzten kontuan izan gabe. Hau da, nahiz eta guk programari gaztelerazko hitz gakoak sartu, softwarea gai da gako horien arabera albisteak multzokatu eta tartean euskaraz, katalanez edo galegoz idatziak izan diren berriak ere txertatzeko. Horretarako Ametzagaiñako I+G taldeak algoritmo estatistiko zehatzak garatu ditu.

Nola funtzionatzen du Iberrik?

Demagun argitaletxe bat garela eta literaturari buruzko informazioaren jarraipena egin nahi dugula egunero. Astuna izan daitekeen lan hori Iberri programak erraztu ahal digu. Softwareak funtziona dezan, beharrezkoa da gure intereseko gaien araberako hitz gakoak sartzea. Horretarako lehendabizi gure intereseko gaiaren profila sortuko dugu: “Literatura”. Sistemak ondoren gaikako hitz gakoak eta alertak sartzeko aukera emango digu. Adibidez: escritores, premios, libros…

Iberrik hiru filtro edo iragazki ditu: Iragazkia 1, Iragazkia 2 eta Alertak. Iragazki horien arteko desberdintasuna testuingurua da. Hau da, Alertak izeneko iragazkiak hitz horiek dituzten albisteak bistaratzen ditu, edozein dela ere testuingurua; Iragazkia 1-ek testuinguruaren araberako bilaketa egiten du eta Iragazkia 2-k bien arteko batura bezala funtzionatzen du.

Lantzen ari garen adibidera itzuliz, guk sortutako profilaren arabera, honako albistea aurki dezakegu urriaren 13an: Elinor Osrom, Ekonomiaren Nobel saria jasoko duen lehendabiziko emakumezkoa. Eta ikusiko dugu informazio horren baitan hamabi komunikabidetako albisteak biltzen dituela hiru hizkuntzatan: katalanez, gazteleraz eta euskaraz:

- “Elinor Osrom, Ekonomiaren Nobel saria jasoko duen lehendabiziko emakumezkoa” (Berria).
- “Premio por escudriñar las instituciones del mercado” (Cinco Días).
- “Ekonomia ez da ‘gizonezkoen esparrua’: Nobel sari baten balio bikoitza” (Gara).
- “Elinor Ostrom i Oliver Williamson comparteixen el Nobel d’economia” (El Periódico de Cataluña)…

Titular horietatik dagokion esteka irekiko da, hedabide zehatzaren webgunean bertan.

Programa ez da guztiz automatikoa, azken emaitza norbaitek gainbegiratu behar baitu, baina lan hori egiteko ordu asko pasa behar izatetik, dedikazio txiki batekin oso produktu landua izatera pasa gaitezke, interesatzen zaigun pertsonen artean eguneroko prentsa buletina zabalduz.

Iberrik gaur egun 40 hedabide baino gehiago kontsultatzen ditu bere emaitzak bistaratzeko eta bost gigatan bi milioi albiste baino gehiago ditu metatuak. Nahiz eta erabiltzaileak orain sortu bere profila, aurreko egun eta hilabeteetako albisteak ere bistaratu ditzake.

Informazio gehiago:
www.iberri.info-n eta 943 376 716 telefonoan.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia