Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

ARGIA.com-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2010-03-17 16:27:56
Nontzefilmak 2010-era lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak

2009-11-08 -- 2205.zenb

Aitor Zabaleta

Aitor Zabaleta

Epailearen aurretik pasa ondoren, Polizia Nazionalaren kalabozoetara eraman dute Abdu Willy. Duela hiru aste atxiliotu zuten eta, estradizioa eskatuta, Madrilera eraman dute. Lehenengo aldia da kostaldeko herrixkatik ateratzen dela, nora eta Europara preso. Beldurtuta eta ahulduta, ia ez du indarrik ziegarako bidea egiteko. Ustekabean, zirrara handia sentitu du burdinen atzean mutil beltz bat ikusita. Hurbilekoa somatzen du, senide edo lagunen bat bailitzan. Hura ere afrikarra da, itxuraz mendebaldekoa, pentsatu du. Goizera arte elkarren ondoan egongo dira kalabozoan, bata Somaliakoa, bestea senegaldarra.
Pirata asko dago lurrean, airean eta itsasoan, baina gizajoenek bakarrik bukatzen dute preso.

* * *

Aladji Mbengue 29 urteko senegaldarrak sei hilabete pasako ditu Basauriko kartzelan, kopiatutako musika eta pelikulak saltzeagatik. Horrez gain, 900 euroko isuna ordainduko du, eta SGAE autoreen elkarteari 650 euroko kalteordaina eman beharko dio. Hori gutxi ez, eta Europatik botako dute hiru hilabete barru presondegitik ateratzen denean.
Pirateriaren kontrako borrokan egurra ahulenentzat, nahiz eta kalean saldutakoa legez kanpokoaren ehuneko hamar besterik ez izan. Jabetza intelektualaren defentsan urrutiegi joan dira batzuk, inkisidore bihurtu dira, eta etsaiak ez dituzte ondo identifikatu. Norbaitengana jo behar, eta zer hobe babesgabekoak baino.
Denok daramagu pirata txiki bat barruan, ondo disimulatua, baina beti prest aukera txikiena sortzen denerako. Ordenagailuaren anonimotasunean, milioika piratakeria egiten dira Interneteko itsaso zabalean, baina somaliarrek eta senegaldarrek daramate etiketa.

* * *

Kalean, egun argiz eta nahita, delitugileen konplize naiz. Ezagunak ditut Debako hondartza inguruan ibiltzen diren hainbat senegaldar, ondo dakit zenbat estimatzen duten norbaitek kasu egitea. Wolof hizkuntzan “kaixo, zer moduz” esan, eta pare bat CD erosi diet. Shakiraren eta Alex Ubagoren azkenak. Zergatik 20 euro ordaindu bakoitzagatik, abesti bat edo bi bakarrik gustatzen bazaizkit? Afrikarrei erosiko ez banie ere, ez nituzke dendan erosiko. Horretaz pentsatu beharko lukete egileen defentsan dabiltzanek. Egileek euren eskubideak dituzte, noski, eta kontsumitzaileok ere bai. Eta batez ere, denok daukagu bizimodua aurrera ateratzeko eskubidea, baita afrikar kale saltzaileek ere. Egileen eskubideak defendatu bai, baina ez edozein modutan, edozein preziotan.

Eider Alkorta (Politologoa)

Eider Alkorta

Alakrana atun-ontzia bahitu zutenetik hilabete luze pasa den honetan, lehenetsi beharrekoa arrantzaleak askatzea dela ezin da ukatu, horrela adierazi dute arrantzale hauen senide eta bizilagunek. Pilar Unzalu Lakuako Arrantza Sailburuak bost euskal herriek deitutako elkarretaratzea familien mina politikoki erabiltzea dela esan ostean, bere hitzak zuzendu ditu baina agerian utzi du Gasteizko Gobernuak eta berak ordezkatzen duen alderdiak ez duela iritzi berdina beste mobilizazio eta beste biktima batzuen sufrimenduari dagokionean. Biktimak beste batzuk direnean, Gobernuak hor egon behar du eta elkartasuna adierazi behar die senitartekoei, Bermeoko elkarretaratzean aldiz ez dute “beharrezkotzat” jo.

Alderdikeri zantzuak, nik arrantzaleak defendatzen ditut eta zuk ez, Europara joan behar gara guk defendatuko baditugu euskal arrantzaleak, Espainiako Gobernuaren utzikeria agerikoa da gertaera tamalgarri honetan, Espainiako ejertzitoak defendatu behar ditu euskal arrantzaleak... Zertarako ordaintzen ditugu ba zergak? Zertarako dago ba espainiar ejertzitoa? Denetarik entzun da, kontraesanen uretan mugitu dira eragile eta politikari ezberdinak, baina jorratu ez dena aurrera begirako estrategia da. Arrantzaleak laster etxean izango direnaren desioarekin, uneko gatazkatik harago auzi honek beste erreflexio batera ere bultza egin beharko liguke.

Arrantzale eta armadore, patroi eta arrain industriaren negozioaren bitartekariak bereizi beharko ditugu, itsasoko langileak eta enpresa gizonak. Zein dago benetan interesatua Indikoan arrantzan jarraitzeko? Nor da benetan onuradun? Zeinen biktima dira arrantzaleak? Indikoko egoera tentsatzen eta militarizatzen ari den honetan, zergatik erabakitzen da atun-ontzi gehiago bidaltzea? Arriskua hain handia izaki, eta bahiketak jarraituko duten prebisioarekin, arrantzaleak Indikora bidaltzen jarraitzen da, ejertzito espainolaren presentzia aldarrikatu dute batzuek eta segurtasun pribatuan dirutza handiak gastatzeko prest agertu dira, ontziak armamentuz betez. Norbaiti eta zenbait industria eta negoziori konpentsatzen diola ondorioztatu beharko dugu, aitzakiapean gure arrantzale xumeen ogibide eta eskubideak aipatzen badira ere. Lehen eta Hirugarren Munduaren arteko auzia ere bada, askok demagogikotzat hartzen duten errealitate krudela: “Gure baitan daude biak, zapaltzaileak eta zapalduak”.

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan