"Emanaldiak gutitu dira baina kantuan ibili nahi nuke hala ere"

  • “Xori kantazale eijerra, nun ote hiz kantatzen? / Aspaldian nik ez diat hire botzik entzüten, / Ez orenik, ez arterik ez diat eroaiten, / Nun ez hitzaitan oritzen”. Eta, noizbait, xoria ageri, Jean Mixel Bedaxagar Auñamendi disko berrian kantari.
Jean Mixel Bedaxagar
Jean Mixel BedaxagarMarzel Bedaxagar

Diskoa aurkeztu berritan pozik…


Bai, pozik naiz egin dudan diskoarekin biziki pozik... Ene ahalen burura heldu nauzu, ados nauzu ene buruarekilan. Dena eman dut, eta handik antzina… Ikasi ditudanak, momentuan sentitzen ditudanak agertu ditut: ene adiskideak, seme-alabak, ilobak… familia! Anjel Valdesek erran zuen behin: “Bedaxagar and friends!”. Ene lagunak, eta familia!

Disko gabe ere, ez zara urteotan isilik egona.


Ez, beti ari nauzu. Baina gauzak kanbiatu dira, ez da lehengo galderarik. Adina ere aitzina joan zaizu, gazteak ere hor dira –beti hor dira–, kantuan eta musikan. Irudi luke ingeles eta anglosaxoi moda sartua dela Euskal Herrian eta beste sailean ari diren kantari lagunak, rockean eta horrela, hala erraiten dute, ez dela sasoi ederrena, baina a capella ari gaituzu gu eta beti badugu gure mundutxoa. Behin ere ez da handi, baina beti bada mundua.


Kantaren mundua baino lehenago, dantza izan zen Jean Mixel Bedaxagarren mundua.


Lehenik gure etxean dantzariak ziren, familian. Aski onak. Lehen maskaradak, Sohütakoak, ikusi nituen Urdiñarbeko plazan, gazte-gazte nintzelarik. Gure etxean beti hori zen: besta zelarik, dantza. Bestalde, txirularendako banuen admirazio handi bat eta lehen soldata altxatu dudalarik hemezortzi urtetan, lehen txirula eskuratu nuen, eta hasi.

Beharriz hasi.


Beharriz, eta kotxean, besteren beharrien hausten. Ez nintzen atrebi etxean errepetizioa egitera. Lehentze, aitak jakin zuelarik txirula jotzen nuela, harritu zen. Ez nintzen trebatua, baina aski. Handik aitzina, etxean. Eta disko honetarako ere, andreari-eta beharriak hautsi dizkiot! Gainera, txirula bortitzak ditut. Baina pasatua da.

Dantzari, txirulari eta, finean, kantari.


Hogeita bizpahiru urtetan banuen afizio handia kantarendako ere, baina gure denboran ez zen magnetofonorik, ez telebistarik, ez irratirik, ez deusik ere. Kantariak, bai, batzuetan entzunak nituen. 1974-76an Xiberoko kantari handiak ezagutu ditut, eta hasi nintzen kantatzen, trebatzen, eta horrela.


Kantari handiak: Etxahun Iruri, Garat, Etxekopar Larrañekoa, Zuburu, Attuli…


Bai, horiek ezagutu ditut.

Horietan, gure aldean ez dugu Pierre Bordazarre Etxahun Iruri baizik ezagutzen…


Bai. Etxahun asko ibili da beste aldean. Agur Xiberoa kanta oso ezaguna zen frankismo garaian. Hernandorenaren denboran, bertsolarien artean ibili da Etxahun. Uztapide, Basarri eta denak ezagutu ditu. Mattin eta Xalbador, Lasarte… Denekilan ibili da. Besteak ez dira hainbat ibili beste aldean. Etxahun txirulari ere bazen, txirularirik kasik ez zen denboran. Copain mauletarra azkenetarik zen eta Etxahunek hasi zuen berriz. Asko ibili zen. Pentsatzen dut horregatik dela Etxahun ezaguna beste aldean.


Maite duzu Etxahun Iruri. Ezagutu zenuen, eta disko honetan ere badu presentzia…


Kantore bat badut berari eskainia, nihaurek egina: Plaza gizona. Ezagutu nuen, bistan dena. Gazte-gazte nintzen baina harreman sakonak izan ditugu. Berarekin mozkortu ez, baina besta egin dut! Etxahun Barkoxe ere maite dut… Koblakari edo bertsolari tradizio hori bizi da beti Zuberoan. Orain badira gazteak, irratiari esker-eta. Mixel Etxekoparrek laguntzen du horretan. Gazteak franko poliki lotzen dira bertsotan. Nihaurek ere izigarrizko afizioa dut. Dudarik gabe, Gipuzkoan sortu banintz, bertsotan ariko nintzen. Baina denak ez dira egiten ahal, hala ere… Eta bertsotan bezala, txirulariak ere badatoz. Ikastolan ikasten ari dira eta bada beste generazio bat, bertsolaritzaren ondoan.


Zer diozu dantzaz? Pastoraletara heltzen garelarik, neskak dira dantzari…


… [puzka]

Zer duzu, Jean Mixel?


Zer nahi duzu erran dezadan?...

Ez zara ados.


Ez duzu ez naizelako ados… Luze liteke esplikatzera… Mutikoak aluak direlakotz, ez da beste esplikaziorik. Bestaldean, futbola dute. Hemen, errugbia da. Holako eta holako izar handiak badituzte, Imanol Hariñordoki bezalako bat-eta! Hilabetean hogeita hamar mila euro irabazten du Miarritzen, eta denek uste dute haren bidea egin ahalko dutela. Adin batean denek pasatu dute hori. Aldiz, neskak, beti zintzoak dira. Gerla denboran, haiek salbatu dute Zuberoako dantza. Errespetu handia dut, baina ez naiz ados haiek pastoralean dantzan hartzearekin. Mutikoen afera da. Ikusten dituzu argazki zaharrak eta 1977 arte beti-beti dantzariak mutikoak dira. Gero, mutikoak eta neskak. Orain, neskak besterik ez. hori da Zuberoan, eta berdinetan ere, Gipuzkoan-eta.

Oroit naiz, 1983 edo 1985eko Korrikaren edizioa kari, Txomin Peillenen hitzaldi bat Gasteizen, Goiuria jauregian. Peillenek, bere azalpenak janzteko, gazte bat zuen ondoan kantari, loriagarri. Zure emanaldietan lehenbizikoetarik bat…


Oroitzen naiz, bai. Ez dut askotan kantatu Gasteizen. Aldi pare bat, izatekoz ere. Egun hartan Txomin Peillenekin ginen eta, lehenik, deabrua ikusi genuen lekua ezin atzemanik. Kasik joateko puntuan ginen. Azkenean, Andre Maria Zuriaren gainean zen lekua, han, goi batean, harrizko gela handi batean. Igande arratsa. Txomin Peillenek eta biok elkar osatu genuen, kantagintzaz. Beste behin ere egin dut hori. Hark kantuak aurkezten zituen eta nik kantatzen, bistan da.

Zer bide egin du handik hona Bedaxagar kantariak?


Ez dakit hori! Kar, kar, kar… Beti bizi da, ahal den bezala! Euskal Herrian zaila da artista izatea. Nik kantu lan guzia ene lan denboratik kendu dut. Auñamendi diskoaren egiten berrehun bat oren edo hola pasatu ditut. Oren horiek ene lantegian falta ditut. Lantegian?, dirutegian!... Hori da artistaren bizia Euskal Herrian. Hasteko, gurea!

Urte anitz egin dituzu artista, hala ere.


Bai, bai, bidea egin dut, eta bidean konpondu ditut gauza anitz! Familia, lana… Attulik erraten zuen: “Deabrukoak ikusiak ditiat ene denboran bizio txar horrekin! Egiten ez badugu ez gara ontsa, eta egiten ez badugu anitzez gaizkiago!”. Bertsoaz ari zen, bistan dena. Beti gogoa zuen kantatzen, eta gogoa kantuan duzularik ez zara lanean behar bezala ari, eta ez bazara zu lanean behar bezala ari, norbaitek behar du zure lana egin.


Hala errana du Marzel Queheille ziklista zalgiztarrak Etxahun Iruriren gainean, alegia, Etxahun hura bazela koblakari, bazela kantari eta txirulari, “eta, artetan, laborari”.


Hala diote, bai. Nik aski ontsa ezagutu baitut! Holakoetan ondokoek pairatu dute beti…


C’est triste la vie de l’artiste, frantsesezko errana.


Ez, ez, ez baita batere tristea! Ez naiz damu. Hamalau hilabeteren buruan izanen dira berrogei urte lanean hasia naizela eta badut ene buruan gogo bat: “Berrogei urte lanean, konplitu diat ene laneko denbora! Nahi nikek orain beste gauza batzuk maite ditudanak, egin”, arotz edo errementari lana bazter utzirik.

Zer egin gogo zenuke?


Banituzke bestelako lanak. Proiektuak kantagintzan beti, eta gure memoria kolektiboaren inguruan, holako gauzen xerkatzen eta biltzen, eta, ene disko honetan lehenbiziko aldiz ageri den bezala, kantari kontalari nahi nuke, kondairak eman nahi nituzke: maskaraden kondaira, pastoralena, Jean Baptiste Elizanbururena, solstizioaren kondaira… Pila bat kondaira badira, eta ni prestik nintzateke horien agertzeko, konferentziak eginez. Mintzatu naiz zenbait jenderekilan eta prest dira ene lanak publikatzeko. Hori badut helburu bat, aitzina egiteko. Behar da proiektua!


Urte hauetan guztietan izan duzu gaixoaldia, eta pausatu beharra…


Ene bizia ezagutzen duzu…


Amiñi bat…


Nik zurea baino hobeki…


Parentesi handi bat izan duzu hori zure bizian, artista bizian eta beste…


Bai, bai, ez da dudarik horretan. Arazo zenbait ukan ditut, bai. Bizian denok ere baditugu! Arazoak hemen, arazoak han… Je n’est regrette rien de rien [kantuan ari da]… Badakizu, Edith Piaf-ek kantatzen zuen bezala. Biziki ongi naiz ene buruarekin orain. Eta disko berria aurkezturik, pozik, plazer handiz. Ez dakit ene lanak zer arrakasta ukanen duen, hori beste gauza bat da, baina biziki kontent naiz orain.

Parentesi eta guzti, pastorala ere egina duzu zuk, Atharratzen sortu Agosti Xahoren biziaz.


Bai, gizon inportantea zen Xaho, aditua, jakintsua. Pentsa ezazu, hogei urtetan Parisera joan zen, ikastera. [Oloroeko apaiztegian bigarren hezkuntza burutu ondoren] Revue des voyants sortu zuen gaztetan… Eta ondoko lan guziak gero!


Zuberoatik Pariserat egin zuen Xahok. Jende anitz joan zaio lur honi erbestera. Husten segitzen du Zuberoak?


Ez ote da hustua? Badakizu zer den hemen eta Euskal Herri osoan ni kezkatzen nauena? Haur sortze eskasa. Horrek galduko gaitu, edo zalantzan ezarriko gauza anitz. Desestabilizatuko ditu herri anitz, auzo anitz, urte laburrean.

Ordea, uste genuen Zuberoako problema zela, bereziki Zuberoarena, baina barneko bidea utzirik, autobidea hartu eta Bearnoko Salies eta Salvaterratik barna hona heltzea aski da ikusteko: Zuberoa bezain hustuak dira inguruko lurrak ere. Zer dira, bada, Araba eta Nafarroa berak ere?


Ez, ez da hemengo problema bakarrik. Anitz hustu dira. Ez da Zuberoa bakarrik. Leku anitz dira hustuak, laborantza herriak kinka txarrean dira. Nik ez dakit… Geroak erranen.

Herrien hustea aipatu dut, zure disko guztietan ageri delako kezka hori: segida. Lurrari segida ematea, etxeari, familiari, hizkuntza eta kulturari…


Aitaren etxea, badakizu! Konturatu naiz leku guzietan beti badela segidaren kezka. Inauterietan ere ageri da hori, Zuberoan eta mundu guzietan, pentsatzen dut: naturaren berpizte bat bada, animatzen du jendea. Berdin da maskaradetan ere. Haur denboran nihaurek handizki ezagutu dut hori adinekoen artean, aitzina joateko nahia, baina nork emanen segida? Etxeari, hasteko. Ohartzen naiz, bai. Eta telebistan ikusi dudalarik Neandertal denborako programa, orduan ere hura zuten obsesioa: gu hiltzen bagara, nor izanen da segida? Eta itsaso zolako arrain eta landare eta bizi diren gauza guziek segida dute buruan sartua; omen.


Beharrik, semea eta Amaren alhabak, zeure alaba barne, ukan dituzu disko honetan kantari lagun, Mixel Arotze eta Erramun Martikorenarekin… Hor bada segida.


Bai. Egia erran, andreak erran zidan. Ni beti kantuz ari nauzu, musikan edo… Hori beti ikusi dute gure haurrek etxean, eta berak ere biziki poliki kantatzen zuten umeak zirelarik, hamabi urtetan-eta. Gero, segitu dute. Duela hamar bat urte, ikusgarri bat egin nuen, Ama, eta segida horri buruz, ikastolako sei-zazpi neska hartu nituen kantuan hartzeko, Mixel Etxekoparrek aholkaturik. Han hasi ziren kantan. Ene semeak beti kantatu du, izigarriko beharri ona du, nik baino hobea, eta hamasei urtetara artino elkarrekilan kantuz ari ginen, eta egunetik biharamunera utzi zuen kantatzea…

Orain, diskoa abiatzean, arrebak erran zion: “Behar duk aitarekin kantuz ari!”. Eta hola. Orain bere izena ikusi duelarik disko azalean, hunkitua da, ez zuen pentsatzen. Eta ni ere kontent naiz, bai. Eta alaba ere hor da, Amaren alhabak taldean. Uztail-agorriletan aste guziez ibili dituzu kantuan!

Hona heldu aitzineko egunetan Txillardegiren liburu bat ukan dut eskuartean. Han, 1970eko artikulu bat, Zuberoa husten ari, zioena.


Ni ez nauzu erreferentzia bat gauza horietaz mintzatzeko. Hemen bada dinamika bat, jendeak nahi dira hemen egon, bada berriz ihardukitze bat, baina, hala ere, hemorragia hori… Nik ezagutu ditut Larrinen auzo osoak, Ligibarretik goitik… jendeak bizi ziren, azkenak ziren… hustuak dira. Orain, sasoi honetan, etxe guzietan norbait bada, ihizia baita, baina bestenaz ez da nehor ere: desertizazioa! Gauza bat gertatuko da holako herrietan: egon nahi den gazte bat laborantzan, ez da egoten ahalko, ez baituke egiturarik, ez –familiatzen baldin bada–, eskolarik, beharko du Atharratzerat jin haurren eramatera… Menturaz ez da gertatuko hori, baina hara buruz bagoaz!


Horregatik kantatzen duzu segida…


Bai. Nik ezagutu dut zer herri izan den Larrañe, eta berdin Altzürükü, eta berdin han eta hemen…


Segida eta maitasuna, zure disko guztietako gaiak, oraingo Auñamendi honetan bezala.


Martin Luther Kingi entzun diot: “Ez baldin bagara desagertu nahi, bortxatuak gara elkar maitatzera”. Berrikitan entzun dut. Polita da.

Ingelesek hemengo etxeen erosteak laguntzen du, edo eragozten, Zuberoaren segida?


Eni pena ematen dit horrek. Hala ere, andrearekin solastatzen nintzen horretaz, bederen etxeak konpontzen dituzte, xutik egoten dira… Baina ingeles izanak gaituzu lehen ere hemen Zuberoan, Ingalaterrak okupatu baitzuen gure lur hau. Pena egingarri da, baina ez baita jenderik, hortakotz erosten dituzte ingelesek. Duela hogei, hogeita hamar urte, nehork ez zuen pentsatzen ere horrelako gauzarik, etxe guzietan bazen norbait, eta orain aldiz, etxeak husten dira.

Ingelesak etxeak erosten ari. Omen, euskaldunek zanpartarazten dituzte.


Bai, hori ere bada. Zer nahi duzu? Nik ez dut ingeles bihirik ere ezagutzen. Nehor ere ez. Ingelesak heldu dira, omen, etxeak erosi, hargintzako materialak ere erosi, eta berek egiten dituzte lanak. Ez dute artisauekin batere erlaziorik. Ez dira asko ere, hemen. Orain ohartzen naiz Junes Casenavek erran zidan, ingeles bat, eskuaraz ikasten ari edo zerbait holako. Nik, hasteko, ez dut batere ezagutzen, ez dut harremanik batere.


Zer espero duzu disko honetarik, Jean Mixel?


Asko salduko dudala, aberastuko naizela, eta Bahametarat joanen naizela… oporretarat, sei hilabete! Kar, kar, kar… Zer espero dudan? Berriz ospe berri baten egitea, berriz kantatzen ibiltzea… Behar bat dut ibiltzea, horra joatea, ezker-eskuin, jendeekin egotea… Egia da, beti-beti-beti ibili naiz, azken denboran ez hainbat, baina beti, kontzertuetan-eta. Galdea jaitsi da, emanaldiak gutitu dira, baina ibili nahi nuke hala ere, beste neurri batean bada ere. Ikusiko! Esperantza horretan!
Nortasun agiria
Jean Mixel Bedaxagar (Urdiñarbe, 1953). Dantzari izan zen lehenik, txirulari segidan, kantari da egun. Zuberoako kantari eta ahots ederren tradizioaren barne da Bedaxagar. A capella kantaria da, baina berdin jotzen ditu txirula eta ttunttuna. 1976an plazaratu zen. Xiberoa (1983), Otea lili denean (1985), Bedaxagar (1996) eta oraingo Auñamendi diskoak eginak ditu, eta beste zenbaitetan parte hartu du: Euskal Herriko Soinu Tresnak (1984) izenekoan, esaterako. Agosti Xaho pastoralaren egile da, 1988an jokatua. Errementari da lanbidez, Urdiñarbe sorlekuan berean.
Galde shorta

1. Urdiñarbe.

Sorterria. Hemen egin ditut gauzarik ederrenak, eta pasatu txarrenak ere!

2. Bedaxagar.

Hiru belaunaldi aski dantzari trebeak, afizio handia dugu dantzarentzat.

3. Txirula.

Ene bigarren andrea, ttunttuna bezala. Besoan atxikitzen dugu ttunttuna eta behin neska batek erran zidan: “Hori zure andrea da!”.

4. Kantua.

Ene bizia, ene bizioa.

5. Maskaradak.

Ene denborako oroitzapen ederrenetakoak.

6. Pastorala.

Maskaradetan bezala, izigarri ongi pasatu dut.

7. Zuberoako koblakariak.

Damurik, desagertu direnak! Orain ikastolarekin-eta, iduri du berriz badirela.

8. Dantzariak, neska ala mutil?

Neskek salbatu dute dantza Zuberoan eta, errespetu handienarekin erranik, mutilak berriz dantzari otzen badira, aski grazia izanen dute itzaltzeko.

9. Zuberoa.

Ene musa.

10. Euskal Herria.

Ama eta bihotza.

11. Lana, ala dohaina?

Xalbadorrek, hasteko, “biak!” erraten zuen. Lur hoberenak ere baitu bere lana

12. Jean Mixel Bedaxagar.

Bizizale bat, nekez bizizalea, baina beti hor dena!

13. Hamahiru.

Ez duk hamahiru.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude