Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

ARGIA.com-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2010-03-17 16:27:56
Nontzefilmak 2010-era lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak

2009-11-01 -- 2204.zenb

Nagore Irazustabarrena

Henrike-Katalina

Londres, 1509. Henrike VIII.a Ingalaterrakoa (1491-1547) eta Katalina Aragoikoa (1485-1536) ezkondu ziren, Henrike koroatu baino aste batzuk lehenago. Sei seme-alaba izan zituzten, baina Maria Tudor ez beste guztiak haurtzaroan hil ziren. Katalina Espainiako Errege-erregina Katolikoen alaba zen, Karlos V.a enperadorearen izeba, eta ezkontza hark indartu egin zuen Ingalaterrako erregeak Frantziaren aurka egiten ari zen politika.

Baina 1525ean frantziarrek porrot gogorra jaso zuten Paviako guduan. Ondorioz, Karlos V.aren botereak hazten jarraitu zuen eta mehatxu bihurtu zen Ingalaterrako erregearentzat. Henrike VIII.a Frantziarekin aliatu zen orduan.

Horrenbestez, Henrikek dibortzioa eskatu zion Klemente VII.a aita santuari. Espainiako koroarekin nahiz enperadorearekin zeukan lotura etengo zuen horrela eta, bide batez, Ana Boleyn izeneko gorteko damarekin ezkonduko zen.

1530eko uztailaren 15ean gutuna bidali zuten erregea banantzeko baimena eskatuz, 85 pare britainiarrek sinatuta. Pergaminoa ia metro bat luze da, eta 85 sinatzaileen argizari gorrizko zigiluak dauzka zintaz josita. Orain, ia bost mende geroago, Vatikanoak dokumentua publikoki erakustea erabaki du.

Jakina denez, Aita Santuak uko egin zion Henrike eta Katalinaren arteko ezkontza baliogabetzeari. Orduan, Ingalaterrako erregeak eliza katolikoarekin zeukan harremana haustea erabaki zuen, eliza anglikanoa sortu zuen eta haren buru bihurtu zen. Gainera, Ana Boleynekin ezkondu zen 1533an eta, hiru urte geroago, Henrike VIII.ak metodo zuzenagoa erabili zuen harengandik banantzeko. Zehazki, Anaren burua gorputzetik banantzeko.

Nagore Irazustabarrena

Caral hiri sakratua (Peru) ondare unibertsal izendatu berri du Unescok. Aztarnategiak –argazkian, hiriaren gotorlekua– 65 hektarea eta 5.000 urte inguru ditu eta orain arte aurkitu den Amerikako metropolirik zaharrena da. Zenbait arkitektura elementu oso ondo gorde dira, hala nola bi piramide eta zenbait patio biribil.

Baina Caraleko aurkikuntzarik ikusgarrienak ez du arkitekturarekin zerikusirik, musikarekin baizik: kondor eta pelikano hezurrez egindako 32 txirula aurkitu dituzte. Zazpi nota sortzeko ahalmena dute, San Marcos museoak egindako ikerketen arabera.
Unescoren izendapenak altxorra hobeto gordetzen lagunduko du.

 

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan