Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

ARGIA.com-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2010-03-17 16:27:56
Nontzefilmak 2010-era lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak

2009-11-01 -- 2204.zenb

Joxemari Carrere Zabala (ipuin kontalaria)

Joxemari Carrere

Arantzazu gogoeta lekua da, batzuentzat behintzat. Leku magikoa ere, bere edertasunean. Galeusca egiteko aproposa beraz. Idazle mordoa gogoeta literario espiritualak egiten Oteizaren gorputz hustuen pean. Hiru hizkuntza ezberdinetan genero ezberdinetako idazkiak egiten dituzten sortzaileak, kezkak, ideiak, galderak eta zerbezak elkar banatzen. Eta Alfonso Sastreren hitzak etorri zaizkit burura: “Ni idazleentzat antzerki mundukoa izan naiz, eta antzerkigintzarentzat idazlea, ezinezko definizio horretan ibili naiz beti”. Eta zioen antzerki idazleak esateko idazten duela ez irakurtzeko. Izan ere antzerki testuaren liburua eskenatokia baita.

Idazle galego batzuekin hizketan antzerki literatura gailegoaz galdetzen diet. Eta ez didate panorama polita azaltzen. Lehiaketa batzuk ba omen daudela, sustatze aldera, baina ez gehiegi. Gurean ere ez da eremu oparoa. Lehiaketa batzuk egiten dira ere, testuak idazteko bekak; gero, ordea, non daude lan horiek? Zein eskenatokietan ikus daitezke? Edizio galdu batzuetan argitaratuko dira batzuk, liburu denden hautsen gordelekuan ahaztuak izateko.

Susa argitaletxeak saio polita egin zuen, aspaldi, euskaraz estreinatutako antzerki lanak argitaratzen, batzuk jatorriz euskaraz sortuak, beste batzuk itzuliak. Eta bitxikeria gertatu zen lan argitaratu horiekin, jende gehiagok ezagutu baitzituen eskenatokian paperean baino. Eta hau da antzez literaturari gertatzen zaion gauzarik ederrena. Antzerki idazle batek zenbat irakurle izango ditu? Bere lana eskenaratuz gero, ordea, zenbat jendek ezagutuko du lan hori? Orain ulertu dugu Sastrek esandakoa, alegia, ikus/entzuteko literatura dela antzerkia, irakurtzekoa baino.

Eta Galeuscara itzuliz, beharbada heldu beharreko gaia da hau. Gure hizkuntza txikientzat sekulako garrantzia dauka antzerkiak, ez bakarrik kultur ekintza gisa, baina baita ere idazlearentzat bere sormen lana zabalkunde handiagoa izateko. Zaila da egun, liburu baten mila ale saltzea, ez ordea, behin eskenaratzerakoan mila lagunek idazlan hori ezagutzea. Noski, antzerkiak ez ditu gure literatura txikiak salbatuko edo antzekorik, baina tresna liluragarria izan daiteke euskal letrak eta autoreak ezagutarazteko. Elkarlanerako bideak zabaldu eta sendotzea baino ez zaigu gelditzen.

Ainhoa Larrañaga (Huheziko eta Lankiko kidea)

Aurreko batean lankide batek esaten zidan: “Udagoiena niretzat biltzeko sasoia izaten da”. Hala bizi dut nik ere, aurtengoan behintzat, uda ondorena. Norbere baitan itxi edo bildu eta hainbat galdera sakoni erantzuna emateko parada hartzeko beharretik bizi dut aurtengoa.

Gure aurrekoen sasoitik hona, asko aldatu dira gauzak. Asko aldatu da gure bizitza gidatzen duten egien edo irizpideen arrastoa.

Ez zen erraza eurena, ikuspegi askotatik oso gogorra zen baina bazuen errazetik edo erosotik ere. Erlijioa zen, hein handi batean, txuriaren eta beltzaren arteko muga definitzen zuen marra zehazten zuena. Familia eredua, emakumeen eta gizonen arteko funtzio eta rol banaketak, lanaren kontzepzioa... Ia dena zetorren iturri beretik. Hainbat balore ere erlijioaren eskutik ailegatu zaizkigu –ez bakarrik– elkartasuna, berdintasuna, austeritatea, justizia soziala... Egoera hark bazuen ziurtasunetik asko eta horrek norbanakoari ere lasaitasuna ematen zion.

Gaur ordea dena da aldakor eta erlatibo. Dena da libre, ez dago egia bakar bat eta ezta guztiz egia denik ere. Ezer ez da betiko edo ez dauka zertan izanik. Erlatibotasun eta aldakortasunak, lasaitasun “faltsu” hura lausotu dute.

Hala ere, gure burua erraz eta merke autodefinitzen dugu, hainbat adjektiborekin: solidario, berdintasun zale, justizia sozialaren aldeko, aurrerakoi... Eguneroko gure praxiarekin alderatu gabe. Esatetik izatera eta egitera saltoa dago; kontraesan deitzera ere ausartuko nintzateke. Solidaritate konzteptuari gagozkiolarik, Arrasateko kooperatibista zahar baten esanetan: “Benetako solidaritateak arimari edo poltsikoari min egin behar dio”. Zenbat solidariori egiten ote die min duten elkartasun mailak?

Noraezerako horra bi klabe: egia garbirik eza eta bakoitzak aldarrikatzen duen egiatik ekitera dagoen saltoa.

Ez bagara gelditzen une batean, ez badiogu gure ekintzei erreparatzen, jarraitu genezake, koherentziarik eta zentzurik gabeko bizitza ereduak eramaten.

Baina, zerbaitek egin du klak. Bada ondo ez dabilen zerbait. Edo egindako denak ez ditut garbi edo diodana ez dut betetzen.

Bada beraz biltzeko sasoia. Gure baitan biltzeak, gure ekinbide konpultsiboa gelditzea dakar. Garenari eta izan nahiko genukeenari arreta eskaintzea eta honek daukaguna gustuko ez izatea suposa dezake eta gustuko ez izateak, aldaketa dakar eta aldaketa, beti da zaila.

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan