Hurrengo borroka (proposamen bat)

Gero eta errazago onartzen dira –ditugu– seme-alabarik ez duten bikote heldu egonkorrak, nahiz eta batzuetan egoista gisako etiketak egozten zaizkien –dizkiegun–. Beste arlo batzuetan gertatu bezala, afera honetan ere hautsi bide dira molde tradizional zenbait: zorionez, guraso (ez) izatea gero eta hautu libreagoa da gaur eta hemen. Alabaina, bizia bizitzeko ereduak ugaritzen ari diren honetan, aukera jakin batzuk hegemonikoak dira. Familiari dagokionez, bi seme-alaba dituen bikote heterosexuala eredu orekatuena balitz bezala aurkezten zaigu noiznahi, esaterako. Aldarrikatzaile airean heldu banaiz ere, mutiko bat duen aita heteroa nauzue: ez nabil kanonetik sobera urrun, hortaz. Hala ere (edo agian horrexegatik), asmo oneko presioak nabaritzen hasiak gara azkenaldian: “Bat izanda, bigarrenak apenas lanik ematen ez duelako”, “oraindik neskatxa falta zaizuelako”; eta abar. Marka da gero aholkuak saltzen aritzen diren mordoxka batek seme-alabarik ez izatea! Horra, beraz, hurrengo borrokarako lelo bat: “seme-alaba bakarra hautu librea”.

Edu Zelaieta

Edu Zelaieta


2009-10-18
Edu Zelaieta
Edu Zelaieta


Argia.com 2012