Gero eta errazago onartzen dira –ditugu– seme-alabarik ez duten bikote heldu egonkorrak, nahiz eta batzuetan egoista gisako etiketak egozten zaizkien –dizkiegun–. Beste arlo batzuetan gertatu bezala, afera honetan ere hautsi bide dira molde tradizional zenbait: zorionez, guraso (ez) izatea gero eta hautu libreagoa da gaur eta hemen. Alabaina, bizia bizitzeko ereduak ugaritzen ari diren honetan, aukera jakin batzuk hegemonikoak dira. Familiari dagokionez, bi seme-alaba dituen bikote heterosexuala eredu orekatuena balitz bezala aurkezten zaigu noiznahi, esaterako. Aldarrikatzaile airean heldu banaiz ere, mutiko bat duen aita heteroa nauzue: ez nabil kanonetik sobera urrun, hortaz. Hala ere (edo agian horrexegatik), asmo oneko presioak nabaritzen hasiak gara azkenaldian: “Bat izanda, bigarrenak apenas lanik ematen ez duelako”, “oraindik neskatxa falta zaizuelako”; eta abar. Marka da gero aholkuak saltzen aritzen diren mordoxka batek seme-alabarik ez izatea! Horra, beraz, hurrengo borrokarako lelo bat: “seme-alaba bakarra hautu librea”.
1# | ainara | 2009-10-16 13:20:48
kaixo,
arrazoi duzu, gizartearen presioa handia dela familia orekatu bat osatzeko, eta gizartea esaten dudanean familia esan nahi dut. Ama bakarreko eta aitarik gabeko seme-alabak ere ez dira hain ongi ikusiak, eta zer erranik ez hogeita hamar urte pasatxo dugunok eta ez bikote formalik ez seme-alabarik ez dugulako jasaten ditugun komentarioak... komentario inonfentsiboak izan daitezke, baina batzuetan gure nahia hala da, baina ezin. HORREGATIK HURRENGO BORROKARAKO LELOA... isiltasuna eta IRRIBARRE ABEGIKORRA.
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa