2009-10-18 -- 2202.zenb
1991. urtean, Harvard Unibertsitatearekin lotura duten hainbat erakundek Ig Nobel sariak sortu zituzten, ikerketa arraroak edo irudimenezkoak, baina zientziaren inguruko interesa piztu dezaketenak saritzeko. Banaketa Harvard Unibertsitateko Sanders teatroan egiten da urtero, eta aurten ere ikerketa bitxiak izan dira saritutakoak.
Purslane, Wendy eta Tina hiru esne-behi dira, eta beraiei buruzko ikerketa garatu duten Peter Rowlinson-ek eta Catherine Douglas-ek jaso dute frogatu gabeko ikerketaren saria; ikerlari horien arabera, behiei ponte-izenekin deituz esne gehiago ematen dute.
Beste sari bat, osasun publikoarena alegia, gas-maskara bihurtzen den titi-zorroaren egileei eman zaie.
Bakearen saria ere bitxia izan da; garagardo botila beteta edo hutsik dagoenean burezurra puskatzeko arriskua aztertzen duena alegia.
Medikuntza saria Donald Unger ikerlari estatubatuarrari eman zaio, hatzen artritisa eta hatzekin kriskitin egiteko maiztasunaren arteko erlazioa aztertzeagatik.
Itsas azpiko leizeak eta ontziak arakatzeko, zientzialariek 1994. urtean erabili zuten lehen aldiz arrain-robota delakoa. Robot hark metro bateko luzera, sei motor eta 2.000 piezatik gora zituen barnean, eta beraz ez zen harritzekoa zer edo zerk beti matxura izatea.
Ikerketak aurrera egin du, eta azkenik atuna hartu dute eredutzat. Sortutako robotak 30 zentimetro, hamar pieza eta motore bakarra baino ez ditu. Hamar pieza horiek atunen giharrak emulatuz sortu dira, eta funtzionatzeko oso potentzia txikia behar dute, bost watt baino gutxiago alegia. Iraupen aldetik ere izugarri irabazi da, robota estankoa baita. Ez zaio urik sartzen barrura, eta horrela oxidazioa saihesten da.
Ama-zelulen ikerketa aurrera egiten ari da esparru ugaritan; konpondu beharreko arazo bat izaten da gaixoaren gorputzean ama-zelulak behar den lekuetara eramateko modu egokia aurkitzea. Badirudi magnetismoak lagundu dezakeela zeregin horretan.
- http://ttiki.com/6887 (Gaztelaniaz)
Lurrikarak gertatzen diren lekuetan ezaguna izaten da emaitza, heriotza eta txikizioa alegia. Baina berriki egindako ikerketa baten arabera, lurrikarek urrutian ere eragiten dute: 2004. urtean Sumatran gertatutakoak San Andres faila amerikarra kaltetu zuen.
- http://ttiki.com/6888 (Frantsesez)
Filmetan dinosauroen arteko borrokak ikusi izan ditugu, baina gutxitan bururatu zaigu horrelako animalia handiak parasito mikroskopikoek akabatu zituztela, gaixotasunak kutsatuz.
- http://ttiki.com/6889 (Frantsesez)
© ARGIA.com
Lege Oharra
RSS sindikazioa