Astekaria

 Bertso berriak 

Habanera agurgarri horri

I “Berriro itzuliko balitz iragan denbora arrotza” konkistatuko zenuke Bilintx zenaren bihotza. Ikusirik gazteengan eragin duzun morrontza Txirritak gogoz egingo zizun kritika zorrotza: estimatzen zuelako bertsoaren neurri motza ez zuen ongi hartuko tamalez, zure jaiotza… Hitz goxoz igortzen dizut merezitako aitortza zuretzat prestatu baitut sortaren ale bakoitza.

Irudia

Iņigo Legorburu


2201. alea
2009-10-11
alde 0    kontra 0

II
Nahiz eta milaka doinu
dauden munduan barrena
kubatarren dezima da
zure ahaide zuzena.
Indio Naborí izan
zenez sortzaile gorena
gerora dezimak lortu
du halako mirespena.
Zureganatu ostean
dezimisten ekimena
ez da ahuntzaren eztula
izan duzun hedapena;
egungo bertsolarien
doinurik gustukoena
Europako indioen
altxor bihurtu zarena.

III
Kubak berekin darama
iraultzailearen sona
utopia maite duen
filosofia sakona.
Kastroren errebeldia
ekarrita handik hona
abandonatu zenuen
Xabier Leteren gona.
Jaio zinenetik nola
daukazun hain fama ona
zu sortu izanaz harro
egon liteke gizona!
Zure probetxurako da
matxinoen zoriona
eskuzabal, herriari
eskaini zatzaizkiona.

IV
Bertsolaria kantuan
hasi eta berehala
aretoan hedatzen da
isiltasun mundiala.
Lehenengo lerroetako
hitzen erritmo apala
indartzen da melodia
aurrerantza dijoala.
Erdiko “crescendo”aren
efektismo ideala
ahotsez kontrolatzea
bada nahiko martingala!
Azkenik, baretzen zoaz
bertsoa bukatu ahala
zerbait gordetzen duzula
iradokitzen bezala…

V
Elkarteko afaritan,
kafe osteko unean
euskal kantuak abesten
hasten gara zuzenean.
Urepeleko artzaia
hartuta oroimenean
gero Habanara goaz
modurik errazenean.
Egun bizi dugun aro
globalaren izenean
antza, denok bidaiari
on bat dugu barrenean;
erakargarria zara,
zure handitasunean
mundua txiki egiten
duzulako azkenean.

VI
Historiara pasa da
Ilunbeko zezen-plaza
Jon Martinek zabaltzean
bertan, “Pandoraren kaxa”.
Ederki baliatuta
Karibeko uda-pasa
dezima batzuk kantatzen
han hasi zen bere kasa…
Hasierako errimen
ezusteko anabasa
ondoren bihurtuko zen

entzuleen txalo jasa
gertatutakoa ahazten
ez da izango erraza
hitz neurtuaren jokoa
bilakatzean jolasa.

VII
Unai Iturriagaren
ironiaren indarra,
Maia romantikoaren
poesiaren sukarra,
Maialen Lujanbioren
narraziotan izarra…
Aukeran, non luzitua
izan duzu barra-barra!
Sentimenduak loratzen
zarenez horren azkarra,
zure kamaleoi sena
dago aitortu beharra:
malenkonia, zirrara,
algara eta negarra
zu zaitugu denak batzen
dituen doinu bakarra.

VIII
Bertsotan omentzea zen
derrigorrezko premisan
adeitsu aritua naiz
zale sutsu baten gisan.
Nahiz eta oholtzetako
doinu bakarra ez izan
publikoan egoten naiz
zu noiz entzungo peskisan.
Saioa baldin badoa
modu triste edo gezan
zurekin salba daiteke
erabat, egia esan…
Erronka gustagarria
litekeenaren promesan
“Karta bat idatziko dut
norbaitek erantzun dezan”.

Zarauzko Udaleko Euskara Zerbitzuak antolatzen duen Basarri Bertsopaper Sariko aurtengo irabazlea.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

Š 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 ˇ 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia