Astekaria

 Landareak 

Odol-berritzea

Aingira elektrikoak bere tximista zirriaz huasai palmondoa, Euterpe oleracea, zirikatu eta dardarizoaz fruta botarazten dio. Aingirak bapo jango du, baita digestio lasaia egin harriperen bateko habia gozoan. Gero kaketan hor bidaliko ditu frutaren barruko haziak, ibaiaren autopistan barrena batera eta bestera barreiatuko direnak. Haziok edozein urbazterretan amarralekua topatu eta bertara lotuko dira, ernatu, itsatsi eta palmondo berriak sortuz. Elkarlanean aritzen dira palmondoa eta aingira: ibai ertzeko mausar gozo oparoan palmondo berriak jaioko dira, luberriak kolonizatuz, espeziea zabalduz eta aingirak fruta erruz izango duen ibaia sustatzen du, bere ondorengoentzat bazka bermatuz. Hauxe da landare batzuek bere haziak hedatzeko darabilten bidea, zookoroa, animaliekin hartu-eman estuan. Hartze eta emate honek dakarren sakabanaketak onura ugari dakarkio landareari. Espezieak lur sail berriak bereganatzeko aukerarena agerikoa da. Amaren gonapetik urruti jaiotako landare gazteek, argia eta elikagaiak bereratzeko, ez dute amarekin borrokatu beharrik izango. Ama bereko odolkideak beste ama batekoen aldamenean haziz truke genetikoa erraztuko da, eta etorriko diren ondorengo “nahasi” hauekin espeziea aberastu eta indartu. Truke genetikoa, odola nahastea, odol-berritzea garrantzitsua da, landareetan nahiz beste edozein bizidunetan. Espezie baten barrukoen arteko nahasketak, ezaugarri berriak izango dituzten banakoak ahalbidetuko ditu, bestelako bizi-baldintzetako toki edo garaietara igualeko egokituko direnak. Odola zenbat eta gehiago berritu eta nahasi, orduan eta kemen handiagoko ondorengoak sortuko dira eta espeziearen etorkizuna alde ederreko oparoa izango da.

Jakoba Errekondo

Jakoba Errekondo


2200. alea
2009-10-04
alde 0    kontra 0


Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia