Astekaria

 Denboraren makina 

Ginekologiaren ama ezkutua

Atenas, K.a. IV. mendea. Agnodize jaio zen goi mailako familia baten baitan. Txikitatik garbi eduki zuen mediku izan nahi zuela, baina Atenasko emakumezkoek, esklaboek bezalaxe, debekatua zuten medikuntza ikastea. Bere asmoei eutsiz, dirudienez aitaren onespena lortu zuen; ilea moztu, gizonezkoen arropak jantzi eta emakumea zela ezkutatuz Herofilo mediku ezagunaren ikasle bihurtu zen. Hasieratik diziplina berri batek piztu zuen emakume mozorrotuaren interesa: ginekologiak. Hala, azterketak ederki gainditu zituen eta ginekologo moduan hasi zen. Trebakuntzan eman zituen urteetan inor ez zen jabetu emakumea zela. Mediku berriaren izen ona –eta faltsua– berehala zabaldu zen Atenasko emakume aberatsen artean. Eta, nonbait, inbidia ere abiadura berean zabaldu zen beste medikuen artean. Agnodizek “atenastarren emazteak limurtu eta galbideratu” egiten zituela esan zuten. Eta zurrumurruetatik epaitegirako bidea oso laburra zen garai hartako Atenasen. Azkenean Areopagora eraman zuten, bi paziente bortxatu izana leporatuta. Areopagoko epaileen aurrean, Agnodizek erraz utzi zuen ezerezean akusazioa: arropa erantzi eta emakumezkoa zela erakutsi zien. Baina, beste behin, erremedioa okerragoa izan zen. Gizonezko bortxatzaileei ez zieten heriotza zigorra ezartzen; medikuntza ikasten zuten emakumezkoei, aldiz, bai. Horrenbestez, ginekologoa hiltzera kondenatu zuten. Baina haren pazienteek, Atenasko aristokraziako emakumeek alegia, ez zuten mediku bikaina galdu nahi eta zigorraren aurka altxa ziren. Epaitegian bildu ziren eta Agnodize hilez gero beren buruaz beste egingo zutela mehatxatu zuten. Ondorioz medikua absolbitu egin zuten eta medikuntzan nahi zuen bezala jantzita aritzeko baimena eman zioten, gainera. Hurrengo urtean Atenasko Kontseiluak bertan behera utzi zuen emakumezkoei medikuntza ikastea debekatzen zien legea. Hori bai, ezin izango zituzten gizonezkoak artatu. Higinio erromatar idazleari esker iritsi zaigu Agnodizeren istorioaren berri. Lehen emakumezko medikua existitu izanaren beste frogarik ez dago eta Higinioren testuak zalantza ugari sortzen ditu. Esaterako, Agnodize atenastarra zen eta Herofilok Alexandrian eman zuen bizitza osoa. Agnodizeren istorioa egia ala mitoa izan, duela 2.300 urte Atenasko Kontseiluak lege bidegabea bertan behera utzi zuten eta emakumezkoek garaipen txiki bat lortu zuten.

Nagore  Irazustabarrena

Nagore Irazustabarrena


2200. alea
2009-10-04
alde 0    kontra 0
'Frine Areopagoan'
'Frine Areopagoan'


Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia