'Non da Jon?', galdera logiko eta ezinbestekoa

Non da Jon?
Non da Jon?
Apirilaren 18az geroztik desagertua dago Jon Anza eta ez da haren inolako arrastorik ageri, desagertu politikoen inguruan gertatu ohi den moduan. Anzak 21 urte pasatu zituen espetxean eta 2005ean Ahetzera (Lapurdi) jo zuen bizitzera, Hego Euskal Herrian bere burua jazarria ikusten zuelako. Iragan apirilaren 18an Baionan trena hartu zuen goizeko 7etan, Okzitaniako Tolosara jo asmoz. Hor galdu zen bere arrastoa. Handik egun batzuetara, ETAk iragarri zuen Anza bere militantea zela eta Tolosan hitzordua zuela berarekin, honek zeraman diru kopurua jasotzeko. Aldi berean, jakinarazi zuen Anzak igarria zuela polizia bere atzetik zuela. Ezaguna da, halaber, donostiarrak gaixotasun larria zuela. Horra hor Jon Anzaren desagerpenaren arrasto nagusiak.

Datu horiekin ezin da inolako hipotesirik baztertu, baina gisa horretako beste desagerpen batzuetan oinarrituta, hipotesi nagusienak Frantzia edo Espainiako estatuen estoldetara darama. Espainiako barne ministro Alfredo Perez Rubalcabak segurtasun indarrak Anzaren bila ari zirela aipatu zuen, baina ETA ere bai: Anzak diruarekin alde egin zuela iradoki zuen. Joseba Egibarrek, irailaren hasieran ezusteko adierazpenak egin zituen, Rubalcabari polizia frantsesak Anza atxilotu ote zuen argitzea eskatuz. Bitartean, “Non dago Jon” leloa buru, bere desagerpena salatu eta argipenak eskatzeko manifestazio ugari egin dira, azkena iragan larunbatean Donibane Lohizunen.

Diren datu urriekin bakoitzak egingo du bere hipotesia, baina kontrakorik erakusten ez den bitartean, Jon Anza desagertutako herritar bat da eta agintariek bere desagerpena ikertu beharko lukete. Ez da horren zantzu handirik, aldiz. Aitzitik, bere argazkia eta “Non dago Jon” leloaren erabilera debekatzen ari da Ertzaintza, zuzenbide estatuaren ikuspegitik inongo zentzurik ez duen jokaerarekin. Badirudi Anza ETAko kidea dela, baina hala izanik ere, bere desagerpena argitzeko eskatzea erabat zentzuzkoa eta legezkoa beharko luke. Ezin da ulertu bere argazkiz egindako aldarrikapen horrek zertan irain ditzakeen ETAren biktimak edo zertan izan daitekeen terrorismoaren apologia. Terrorismoari kalea kentzearen argudio horren pean, PSE-PP itunari ondo datorkion ia edozer erabiltzen ari da Ertzaintza errepresio molde gogor honetan, giza eskubideen zaintzatik begiratuta, ezin modu baldarragoan.

Giza eskubideen ikuspegitik ezin pozik egon Herrizaingo Sailaren politika honekin, baina presoen gaia sostengu politikoaren eremutik jorratzen duenak akaso badu pozik egoteko arrazoirik. Azken urte luzeetan inork gutxik jokatu du hain baldar gizartearen zati handi batentzat sentiberatasun berezia duen gaiarekin. Presoekiko elkartasunak baditu –gutxienez– bi ikuspegi sendo. Batak sostengu eta elkartasun politikoa islatzen du eta nagusiki ENAMeko erakundeetatik dator. Besteak, presoen eta haien senideen eskubideekiko begirunea aldarrikatzen du, eta euskal gizartearen gehiengoak modu askotan aldarrikatu du.

Bi ikuspegi horiek hedatzeko zailtasunak izan dituzte azken urteetan, hainbat arrazoirengatik seguruenik: batetik, Estatuak “dena da ETA” estrategiarekin preso usaina zuen oro gogor kolpatu duelako eta, bestetik, ETAren jarduerak ez duelako ezker abertzaleko pertsona eta erakunde askok jasaten duten jazarpenarekiko elkartasuna laguntzen. Eta gatazka luze baten ohiko higadura bera ere zama da erresistentzia klabean ari denarentzat.

Tira, Aresen jarrerak balioko duela PSE-PP koalizioak ordezkatzen duena trinkotzeko, baina presoekiko sostengu politikoa ere trinkotzen laguntzen du eta elkartasunaren esparrua berraktibatzen ere bai, aipatutako arrazoiez gain, Aresen jarrera honetan adierazpen askatasuna eta giza eskubideen defentsa ere nabarmen erasotzen direlako.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Jon Anzaren heriotza
Jon Anzaren desagerpenetik hamabost urtera, galderek erantzunik gabe jarraitzen dutela salatu dute

Duela hamabost urte desagertu zen euskal militantea. Baionan Tolosarako (Okzitania) trena hartu eta ez zen berriz agertu. Hortik hamaika hilabeteetara atzeman zuten bere gorpua Tolosako (Okzitania) gorputegian. "Egia jakiteko eskubidea" aldarrikatu dute Anza zenaren... [+]


2020-04-18 | ARGIA
Hamaika urte, Jon Anza desagerrarazi zutela

2009ko apirilaren 18an ikusia izan zen azken aldikotz Anza ETAko militantea Baionan. Orduz geroztik ez da sekulan argitu desagerpena, ikerketa hesteko erabakia harturik Frantziako Justiziak. Anza "gerla zikinaren biktima" izan dela deitoratzen du familiak.


Jon Anzaren senideek zortzi orduko elkarretaratzea deitu dute asteazkenerako

Jon Anzaren senideek zortzi orduko kontzentrazioa antolatu dute asteazken honetarako Donostiako Boulevardean: “Parisera joatea dagokigu desagerpenean izandako irregulartasunengatik Frantziar Estatuaren kontra salaketa jarri ostean”.


2013-07-12 | ARGIA
Epaileak itxi egin du Anza kasua

Miryam Viargues epaileak Jon Anzarena ondoriorik izan ez duen kasu moduan jasotzea eskatu du. Hiru urteko prozedura izan da. ETAko militantea 2009ko apirilaren 18an desagertu zen eta 2010eko martxoaren 11n aurkitu zuten hilda Okzitaniako Tolosako erietxe batean.


2013-02-07 | Martin Vicioso
Jon Anzaren familiak salatu du ez dela desagertzea argitzeko borondaterik

Jon Anzaren familiaren abokatuak, Maritxu Paulus-Basurtok, fiskaltzak auzia amaitutzat jotzeko eskaera egingo duen filtrazioaren harira, Frantziako agintariek ETAko militantearen desagertzea eta heriotza argitu nahi ez dutela salatu du.


Eguneraketa berriak daude