2009-09-27 -- 2199.zenb
«Xebas zuen izena. Gizon alaia, kantu zalea, lagunartea gustatzen zitzaiona. Zenbat jolas ez ote zuen egin haurrekin bera bizi zen auzoko lorezain izan zen garaian! Uraren mangerarekin busti-busti eginda bidali ohi zituen askotan haurrak etxera.
Kontua da, artean oso zaharra ez zela, minbiziak harrapatu zuela Xebas. Asko sufriarazi zion gaixotasunak. Baina, hala ere, umoretsu azaltzen zen beti, eta askotan kantari. Erosketak egitera joaten zen dendan izugarrizko kantu saioak egiten zituen gaixotu eta gero ere. Jende guztia harriturik uzten zuen Xebasen umoreak eta kantagureak.
Baina halako batean, heldu zitzaion mundu honetatik joateko garaia. Hil baino pixka bat lehenago lasai bizitzeko esan zien etxekoei, bera ere lasai zihoala mundu honetatik-eta.
Dena dela, haren lagun batek ezin zuen sinetsi Xebas hil zenik. Iruditzen zitzaion kantari egon behar zuela zegoen lekuan. Eta hilerrira joan zen goiz batean. Aurkitu zuen Xebasen hilobia, eta ezkerreko belarria jarri zuen han, marmolari erantsi-erantsi eginda. Eta hantxe adi-adi zegoela, eskuineko belarritik abesti baten doinua entzun zuen: Bautista Basterretxe…
Xebasen hilobitik oso hurbil, altzifre-arbola baten puntan, txori bat ari zen Bautista Basterretxe txirulika abesten».
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© ARGIA.com
Lege Oharra
RSS sindikazioa