2009-09-27 -- 2199.zenb
New York, 1882. Thomas Alva Edisonek (1847-1931) Pearl Street-eko zentral elektrikoa sortu zuen, ekoizpen elektriko komertzialeko lehen instalazioa, argi elektrikoa Manhattaneko 330 hektareetara eramatea lortu zuena. Urtebete lehenago, Pariseko Erakusketa Unibertsalean lanpara aurkeztu eta gero, ez zirudien inork itzalik egingo zionik Edisonen argiari.
Baina berehala voltaje handiagoko energia kantitate handiagoak distantzia handiagoetara eramateko beharra sortu zen. Edisonena korronte zuzena zen, eta urrutira eramanez gero bidean elektrizitate kantitate handia galtzen zen. 1886an George Westinghousek Westinghouse Electric sortu zuen Edisonen General Electric-ekin lehiatzeko. Westinghousek Nikola Teslaren (1856-1943) alde egin zuen apustu, eta Tesla korronte alternoaren teoriaren sortzailea eta defendatzaile sutsua zen. Teslaren ikerkuntzen arabera, voltajea zenbat eta altuagoa orduan eta elektrizitate gutxiago galtzen zen bidean eta korronte alternoak voltajea transformadore baten bidez handitzea eta bezeroengana iristean gutxitzea ahalbidetzen zuen.
Teslak asmatutako teknologia zela-eta bere nagusitasuna arriskuan ikusi zuen Edisonek, eta Westinghousekin lehian hasi zen komunikabideetan; egunkariek “korronteen gerra” izena ipini zioten bien arteko norgehiagokari. Eta gerra zikina izan zen.
Edisonek korronte alternoko aulki elektriko bat asmatu zuen eta txakurrak eta katuak elektrokutatu zituen Teslaren korrontea arriskutsua zela frogatzeko. Proba krudelari erantzunez, Teslak bere burua erabili zuen akuri: korronte alternoa bere gorputzetik igaro arazi zuen inolako ondorio kaltegarririk gabe. Alderantziz, Edisonen prestigioari egin zion kalte kroaziarraren esperimentuak.
Gerraren hurrengo gudua 1893an izan zen, Chicagoko Erakusketa Unibertsalean. Azoka argiztatzeko aurrekontuak aurkeztu zituzten Westinghousek eta General Electricek, baina lehenengoarena askoz merkeagoa zen eta hari eman zioten ekitaldia argiztatzeko ardura. Ondorioz, Nikola Teslak berak asmatutako korronte alternoko sorgailuak, dinamoak eta motorrak aurkeztu ahal izan zituen.
Korronte zuzenak urte batzuk geroago jaso zuen azken kolpea, hilgarria. Niagara Falls Power Company-k Westinghouseri eskatu zion konpainiarentzat transmisio sistema garatzeko. Handik aurrera, Teslaren korronte alternoa zabaldu zen mundu osoan.
1906an, Yafoko juduak bildu egin ziren hiriko bizimodu kaxkarraz aritzeko: higieneaz, argiztapenaz eta abarrez kexu ziren eta, bereziki, urtero etxez aldatzera behartzen zituen dekretuaz. Hirira iritsi berri zen Arieh Akiwa Weiss-ek Yafoko aldirietan, kostaldean, auzune berria sortzea proposatu zuen.
Hiru urte geroago hiri berria eraikitzen hastea erabaki zuten. Akivak 60 maskor gris eta beste 60 zuri bildu zituen hondartzan. Grisetan 60 familiaren izenak idatzi zituen, eta zurietan lur sailenak. Maskorrak binaka atera eta familiak eta sailak lotu zituen. “Yafo Berria” izenak hamabost boto lortu zituen, eta “Tel Aviv” izenak, aldiz, hogei.
Gaur egun 400.000 biztanle dauzka Israelgo hiri berriak.
© ARGIA.com
Lege Oharra
RSS sindikazioa