2009-09-20 -- 2198.zenb
Guztiek ezaugarri bera dute: lehen beraien arteko harremana erabat edo nagusiki gaztelaniaz zen, eta aldaketa baten ondoren harremana erabat edo nagusiki euskaraz izatera pasa da. EAEko 27 bikoteren kasuak ikertu dituzte, beraiekin elkarrizketak eginez. Eusko Jaurlaritzako aurreko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak bazuen ildo bat, familia transmisioaren testuinguruan, hizkuntza ohituren aldaketaren fenomenoa aztertzeko. Hari horri tiraka Soziolinguistika Klusterrak hizkuntza ohitura aldatu duten bikoteak bilatu eta aztertu ditu, Buruntzaldeko (Gipuzkoa) familia bidezko transmisioa indartzeko egitasmoaren Koordinazio Batzordearen laguntzaz. 2008an egindako ikerketaren ondorio nagusiak daude ondoko orrietan eta baita pare bat bikoteren esperientzia ere.
Bikote bakoitzak bere prozesua izan du hizkuntza aldaketan, ezaugarri propioekin, baina badira hainbat gako bikote batean baino gehiagotan errepikatu direnak. Bi orriotan, Soziolinguistika Klusterrak ondorioztatutako gako horietako batzuk jaso ditugu; batetik gako orokorrak, bestetik hizkuntza aldaketan izan dituzten zailtasunak, eta azkenik, bikote harremanean euskara mantentzeko erabilitako estrategiak.
Aldaketa handiak, motibo handiak
Bikote harremanean hizkuntza aldatzeak norbere bizitzaren parte garrantzitsu bat aldatzea suposatzen du. Eta parte garrantzitsu hori aldatzeko arrazoi garrantzitsu bat egoten da tartean.
Lorpenak azpimarratzen dituzte zailtasunak baino gehiago
Askotan “zailtasun” gisa aipatu ohi diren kontu asko (ikasi bitarteko ezerosotasunak, akatsak egitea…), “suposatutzat” ematen dira bikote hauen kontakizun gehienetan, eta aldiz, “lorpenetatik” hitz egiten da gehiago.
Bolada batean, lehentasuna euskarari, ohitura finkatu arte
Bikote askoren aipuetan ikusten da bolada batean beren egunerokoaren “energia” zati handi bat aldaketa-prozesu honi dedikatu diotela, bolada batez gaia “lehentasun”tzat hartu dutela.
Erabilera etorri da erabiltzetik
Bietako batek edo biek gutxi zekiten bikoteetan, behin oinarrizko gaitasun batetik aurrera, ez da gertatu lehenik gaitasun “on” bat eskuratzea eta gero bikotean hitz egiten hastea.
Arraro eta zail, baina egiten hasitakoan… uste baino errazago
Bikote harremana hasterako euskarazko gaitasuna biek izan, baina erdarazko harremana finkatu duten bikoteetan, esan genezake: a) aldatu aurretik ematen du oso zaila/gogorra izango dela, b) aldaketaren hasieran ere hala da (bolada batean), baina c) behin praktikan aldatzen hasita, uste baino errazagoa egiten da.
Prozesuaren zaintza
Aldaketa-prozesu hauen deskribapenean askotan agertzen da zaintza izendatu dezakegun zerbait. Erdara beti eskura, toki guztietan dagoenez, bikote hauek garatu dituzte estrategiak “euskaran mantentzeko” edota “euskarara itzultzeko” elkarrizketetan.
Seme-alabetatik bikotera, nekez
Beraien ohitura oso nabarmen edo erabat aldatu duten bikoteetan, seme-alabak jaio aurretik aldatu dute beraien arteko hizkuntza, edo aldatzen hasi behintzat. Hipotesi gisa formulatzen dugu: behin seme-alabak jaiota, bikoteko harreman-hizkuntza aldatzea jaio aurretik baino askoz zailagoa da.
Ez dute aldatu seme-alabengatik (bakarrik), baina ohitura finkatzen lagundu dute
Bikote hauetako askotan, beraien arteko euskarazko ohitura finkatzen eta indartzen lagundu du seme-alabak izateak, hauekin harremana erabat euskaraz izan baitute gehienek.
Prozesu bakoitza, mundu bat
Bikote batzuen kasuan, biharko harremana euskaraz izatea “beti” irudikatu izan duten zerbait da, beste batzuetan aldiz helburu horretatik oso urrun zeuden hasieran. Harreman bakoitzaren bilakaera konplexua da, eta hainbat gertaerek baldintzatzen dute prozesua.
Nahi bezala espresatzeko mugak:
Zailtasun hau elkarrizketa gehienetan aipatzen da, modu batean edo bestean: zerbait esan bai, baina ez “nahi duzun bezala”, xehetasun gutxirekin, nahi zenukeen “txispa”rik gabe, freskotasun faltarekin…
Gaztelaniarako joera: behin eta berriz “ateratzen” zaizu
Hau ere bikote askoren kontakizunean ageri da. Euskara erabiltzen hasi, ongi moldatu, eta hala ere, egoera askotan “gaztelania atera”tze hori. “Berezko” joera horri aurre egiteak, une batzuetan nekea ere sortzen die, etengabe pentsatzeak eta hizkuntzak nahasten ibiltzeak batzuetan dakarren buruko neke sentsazioa.
Aldatzen zailenak diren egoerak
Ondorengo hauek dira nagusienak:
a) Eztabaidak eta haserrealdiak. Zerrendatu ditugunetan, zalantzarik gabe hau da bikote guztietan gehien errepikatzen dena. Bikote batzuen kasuan, euskara beraien harreman-hizkuntza “normala” duela 20-30 urtetik izan arren, jarraitzen dute elkarrizketetan erdera (ere) erabiltzen.
b) “Paper garrantzitsuak” egiteko: bankuko gauzak, lege kontuak…
c) Barru-barrutik sentimenduak ateratzeko.
d) Esaldi eginak, erderazko espresioak.
f) Bolada estresatuak eta agobiatuak.
g) Pertsona batzuekin aldatzea zailagoa da.
Arraro sentitzea
Badira hainbat une hizkuntza aldatuta “arraro” sentitzen zarena. Gehiago aipatzen dute hau, esaterako, elkar ezagutzerako euskarazko gaitasuna bazuten bikoteetan, “elkarrekin ikasten” joan direnetan baino. Bikote batzuek deskribatzen dute izan dutela bolada bat non bazirudien bikotekidea “beste pertsona bat” zela.
Zuzendu bai, baina… noraino?
“Irakaslea” etxean izatea erosoa izan daiteke, baina hitz egiten duzun aldiro norbait ondoan “zuzentzen” egotea… nekagarria ere bai! Aipatzen duten zailtasun bat da “zuzentze” edo “erakuste” horri uneoro tamaina bilatzen jakitea.
Umeen ikasketa azkarra
Beren motibazioan zailtasun gisa deskribatzen dute gutxi batzuek umeen ikasteko “abiadura”.
Dosifikatu, errazetik zailera
Bi kideak euskaldun zaharrak ez ziren kasuetan –aztertutako gehienak–, beti egon da ikasketa prozesu bat tartean bilakaera hauetan. Hala izan denean, euskarazko erabilpena dosifikatzen joatea askok aipatu dute: errazenak egin zaizkien egoeretatik hasi dira, zailegia zaiena momentuz gaztelaniaz eginez eta progresiboki gehitzen joanaz.
Nekatutakoan edo “agobiatutakoan”, gaztelania ere erabili
Hau ere asko aipatzen da. Mila egoera suertatzen dira non espresio bat ez zaigun ateratzen, edo pentsatu beharrak nekatzen gaituen, edo nahi baino tentsuago gauden… Bikote askotan deskribatzen da jarrera malgu eta aldi berean konstante moduko bat, horrela labur daitekeena: euskara gero eta gehiago erabiliko dugu, ahal dugun guztietarako, baina tartean behar dugun uneetan gaztelania erabiltzeari uko egin gabe.
Une batean pausoa eman
Bikote batzuetan –normalean lehendik euskarazko gaitasuna bazutenak– deskribatzen da une bat non bikoteak zirt edo zart egitea erabaki duen: nahikoa da, hemendik aurrera euskaraz egingo dugu. Pauso horrekin, bide eman diote beren baitan zuten nahi bati.
Bat bestearen irakasle
Oso orokorra da hau ere. Bolada batean ez bada bestean, bikote hauetan ia guztietan bat bestearen “irakasle” izan da. Kasu guztietan, ordea, lortu dute ikaste-irakasle prozesu hori elkarren arteko eguneroko harremanean ongi txertatzea.
Euskaraz dakitenei, euskaraz
Aztertutako bikotekideetako askok, bikote mailan ezezik, beren inguruko beste pertsona askorekin ere euskarazko harremanak eratu dituzte, edota lehen gaztelaniazkoak zituztenak euskarara aldatu.
Seme-alabekin erabat euskaraz
Bikote hauetako askotan, beraien arteko euskarazko ohitura finkatzen lagundu du seme-alabak izateak. Askok ahalegin berezia egin dute ikasteko seme-alabak jaiotzerako gaitasun maila on bat izateko, eta beste askoren kasuan berriz, bikoteko euskarazko harremana indartu egin du seme-alabak tartean izateak, normalean haiekin erabat egin baitute guztiek euskaraz.
Ikerketaren laburpena www.udaltop.com webgunean dago Bikoteen artean hizkuntza ohituren aldaketa izenburupean.
Oso interesgarria bikotekideen hizkuntz ohituren inguruko erreportaia. Eta ikusita euskaldunok ere zein erraz jotzen dugun gaztelaniara, bikote horiek ez daukate meritu makala. Txalogarria.
lamu 2009-09-17 13:04:11Bejondeiela diot nik ere! Baina zera gehitu nahiko nuke: Ni Londonen bizi naiz eta ezin dezaketa egoera zailetan euskarara jo, inglesez egin baino ezin dut, baita nire estresean eta larritasunetan, bankuan ari naizenean... badakit dioten neke hori ere zer den... Nik zera diot alabaina: nik ingelesez egin badezaket, edonork egin dezake euskaraz ere! Aurrera! Etsi gabe!
MariJoxe 2009-09-19 22:59:57Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© ARGIA.com
Lege Oharra
RSS sindikazioa